EUSKARA

Hitz elkartuen gomendazioak

Hitz elkartuak idazteko orduan, Euskaltzaindiak ematen dituen gomendio batzuk kontutan hartu behar dira:

Bereiz idaztekoak

  • Aposizioak: Bidasoa ibaia, Aralar mendia...
  • Izen eta egin, eragin, eman eta hartu bezalako aditzekin osatzen diren aditz-elkarteak: lo egin, negar eragin, beldur eman, min hartu...
  • Lehen osagaia deklinatuta dagoen bikoiztapenak: etxez etxe, aurrez aurre, kalerik kale, bururen buru...
  • Aditz bat eta berri elkartuz sortzen diren joskerak: egin berri, esan berri, hasi berri...
  • Mahai gainean gisako posposizioak: esku artean, gerra aurretik...
  • Bigarren osagaia bila, eske edo falta duten elkarketak: ur bila, diru eske, lo falta...
  • Lehen osagaia erdal, euskal, giza, itsas gisako izenondoa duten elkarketak: erdal itzulpena, euskal olerkiak, giza zientziak, itsas garraioa...
  • Lehen osagaiaren amaierako -a itsatsia galtzen denean: ortografi arauak, bidai agentzia...

Marrarekin idaztekoak

  • Lehen osagaia deklinabide-atzizkirik gabe duten indargarriak: erne-erne, alfer-alferrik, gaur-gaurkoz....
  • Osatzen duten hitzak atzizki berdina daramaten bikoiztapenak: apurka-apurka, aldian-aldian, astero-astero, banaka-banaka,...
  • Seme-alabak moduko elkarketak: senar-emazteak, zeru-lurrak...
  • Ezkio-Itsaso moduko leku-izen elkartuak: Gernika-Lumo, Ezkio-Itsaso, Vitoria-Gasteiz...

Loturik idaztekoak

  • Jarleku moduko elkarteak (aditz-erro + izen): egongela, jokabide, osagai, sorleku...
  • Aldagaitz modukoak (aditz-erro + izenondo): pairagaitz, asmaezin, ulerterraz...
  • Atzizki batez osatutako hitzak: zurgin, eltzegile, diruzain, bertsozale, belaunaldi, sailburu, baliokide...
  • Aurrizkia duten izen-elkarteak: aurrekontu, azpiegitura, gainazal...
  • Zenbatzaileak dituzten hitz-elkarteak: lauburu, bostortz, ehunzango, begibakar...