FILOSOFIA

Kosmologia eta politika XIII. eta XIV. mendeetan

Greziako Antzinarotik XVII. mendera arte, Europako gizakiak uste zuen mundu mugatu eta hierarkizatuan bizi zela; mundu horren egitura Aristotelesen obran adierazita zegoen. Bere bizilekua zen Lurra, unibertsoaren erdi mugiezina zen, nahiz eta oso urrun zegoen zeruko eskualde aldaezinetik eta Jainkoaren erreinu beatifikotik.

Unibertsoaren irudikapena

Unibertsoaren irudi aristotelikoa ikuskera nagusia zen, Kopernikok 1543an argitaratutako obrak (12. gaia ikusi) guztiz ordeztu arte. Erdi Aroko gizakiak unibertsoaren ikuskera aristotelikoa hartu zuen. Izan ere, ziur zegoen bere bizilekua kosmos mugatua eta esfera-formakoa zela eta erdigune eta periferia absolutuak zituela. Dogma kristauarekiko gatazka saihesteko, Aristotelesen puntu batzuk zuzendu eta honako hauek onartu zituen:

  • Mundua bakarra eta mugatua da, Jainkoaren erabaki libretik sortzen den izakia bezala.
  • Munduak badu bere helburua (ikuskera eskatologikoa).

Kosmosak bi mailatan hierarkizatutako egitura du:

  • Ilargiaren azpiko mundua, lau elementuen (lurra, ura, airea eta sua) esfera zentrokideek osatua. Ilargiaren azpiko mundua aurkakotasun eta aldaketen eskualdea da.
  • Zeruko mundua eterrak (quinta essentia) eta esfera zentrokideen bi motak osatuta dago: planeten esferak (7) eta izar finkoen esferak (primum mobile).

Crystallinum eta Empireo

Ptolomeori jarraiki, Erdi Aroko kosmologiak bederatzigarren esfera (primum movens) gehitu zuen, mugimendua barneko esferari jakinarazten ziona (primum mobile) eta horrela, barnealdeko esferei. Bederatzigarren esfera hori zeruaren gaineko urekin identifikatu zen eta Crystallinum izena jaso zuen.

Aristotelesen ostean eta berantiar neoplatonismoaren eraginez, Erdi Aroko egile batzuek santuen bizilekua zen oso argi garbiko esfera mugiezina kokatu zuten primum movensetik harantzago. Esfera horren izena Empireo zen.

 

Enpireez inguratutako unibertso geozentrikoa, Apiano, 1544. LIBURUTEGI NAZIONALA, MADRIL.

Aristoteles eta Ptolomeoren arteko gatazka

XIII. mendeko astronomiak bi ikuskera jarri zituen aurrez aurre, fenomenoak azaltzeko orduan:

  • Aristotelesen izadi-filosofia, iritzi eta eragiketa matematikoak alde batera utzi zituena.
  • Ptolomeoren astronomia matematikoa, eredu geometrikoekin lan egiten zuena.

Buridan eta Oresme

Okhamek sustatutako XIV. mendeko ontologia nominalistak naturari buruzko gogoetan eragina izan zuen. Buridan (1295 - 1358) eta Oresme (1325 - 1382) bezalako teologoek eta filosofoek fisika aristotelikoak kontuan hartu ez zituen aukerak aztertu zituzten ariketa irudikarien bidez: erdiko Lurraren eguneroko mugimendu zirkularra. Hala ere, bi egileek esan zuten aukera hori ezin izan zela burutu eta ondorioz, onartu behar zela Lurra guztiz mugiezina zela munduaren erdian.

Elizaren botere eta botere zibilaren arteko gatazka

Erdi Aroko gizartearen barnean bi botere zeuden : Elizak eta Aita Santuak gauzatutako botere espirituala, eta botere tenporala boterea, enperadore edo printzeek gauzatutakoa. Hainbat arazok bi botereen arteko gatazkak sortu zituzten.

Hiru egile nabarmenak dira Aita Santuaren boterearen aurrean botere politikoaren aldeko jarrera (edo printzearen aldekoa) erakusteagatik (9. gaia ikusi):

  • Danteren (1265 - 1321) ustez, gatazka errotik kentzeko gizakien existentziaren bi asmo gauzatu behar dira: naturaz gaindiko asmoa (lurraz haraindiko dohatasuna) eta asmo naturala (lurreko zoriona). Horiek lortzeko, gizakiak Jainkoak sortutako bi erakunde ditu: Eliza eta monarkia unibertsala.
  • Padua-ko Marsiliok (1280 - 1342), gizakiak zoriona jatorri naturaleko Estatuaren barruan (eta ez erlijiosoaren barruan) baino ezin duela eskuratu adierazi zuen, El defensor de la paz tratatu politikoan. Gatazkak errotik kentzeko, gizaki eta erakunde guztiak mende hartuko dituzten legea eta Gobernua ezarri behar dira.
  • Ockham-eko Guillermok bi gauza nabarmendu zituen: pobrezia ebanjelikoaren defentsa, Aita Santuak gaitzesten zuena, eta elizak botere tenporalari asmoak ezeztatzea. Frantziskotar kausaren defendatzaile gisa, Ockhamek aipatu zuen Eliza bere dimentsio espiritualera itzuli behar zela eta botereari eta aberastasunari uko egin behar ziela. Dantek eta Padua-ko Marsiliok bezala, Ockhamek Aita Santuaren boterea ukatzen zuen.
 

La Divina Comedia obraren grabatua, XIV. mendea. Bertan, Dante eta Virgilio agertzen dira, infernura jaisten ziren bitartean. LIBURUTEGI NAZIONALA, MADRIL.

Teoria geozentrikoa

Antzinaroan, pentsalariek uste zuten Lurra unibertsoaren erdia zela eta gainerako munduak, Eguzkia barne, horren inguruan biratzen zirela. Ptolomeok defendatzen zuen ikuskera geozentriko hori ez zen gainditu Nikolas Koperniko (12. gaia ikusi), agertu arte. Kopernikok Lurra eta beste planeta guztiak Eguzkiaren inguruan biratzen zirelako ideia ezarri zuen.

 

Buridan-en astoa

Esamolde hori erabakiaren arazoa irudiztatzeko erabiltzen da, bi alternatiben arteko lehentasunezko arrazoirik ez dagoenean: bi lasto tontor distantzia berean dituen asto bat gosez hilko da, ez baitu arrazoi berezirik tontor batera edo bestera hurbiltzeko.