Nietzsche
Espiritu tragikoaren berreskurapena
Bere lehen liburuan, Tragediaren sorrera, Nietzschek modu berri batez aztertu eta ulertu zuen, Euripides, Aristofanes eta Sokratesen aurreko garaiko Greziako espiritua. Nietzschek bi indar edo jarrera bereizten zituen antzinako Grezian:
- Alderdi apolineoa: harmonia, neurria eta orekaren adierazgarria da; eskulturan eta arkitekturan ageri diren baloreen adierazgarria, hain zuzen.
- Alderdi dionisiakoa: Dionisio jainkoaren omenezko ospakizunek bezala, grina eta irrika adierazten ditu, alde irrazionala eta bizipoza elkartuz.
Nietzscheren ustez, izaera edo espiritu dionisiakoa berreskuratu behar zen, Sokratesen garaiaz geroztik ahaztua baitzegoen mendebaldeko kulturan.
Espiritu librea
Bere jarduera filosofikoaren bigarren aldian, estilo poetikoaz eta aforismoez baliatuz, Nietzschek bere oinarrizko kontzeptuetako batzuk azaldu zituen, bai mendebaldeko kulturaren kritika orokorrari dagokionez baita kristau erlijioaren eta moralaren kritika zehatzagoari dagokionez ere. Ondokoak dira garai hartako punturik garrantzitsuenetako batzuk:
- Oso fidagarri ez bazeritzen ere, Nietzsche arrazoimen, zientzia eta aurrerabideaz baliatu zen metafisika, estetika eta moralaren inguruko usteak kolokan jartzeko.
- «Espiritu librearekin» batera Nietzschek zientzia alaia aldarrikatzen zuen, ohiko zorroztasuna, seriotasuna eta zurruntasuna bazter utziko zituen zientzia bat, alegia. Haren bidez, gizakia librea litzateke, ordura arteko metafisikatik, erlijiotik eta moraletik askaturik.
- Zientzia alaiari esker, agerian geratuko ziren gizakia mendean harturik zeukaten idealen benetako ezaugarriak.
- Espiritu libreak esan nahi du kulturaren hiru pertsonaia nagusien erabateko aldaketa: Santua, jakintsua eta artista. Espiritu librearekin batera askatasuna jaio da, eta horretaz ohartzen denean, gizakia gai da balore zaharrak eraldatzeko eta berriak sortzeko.
Prusiako Guillermo, Sedanen egindako harreran.
Kristautasunaren kritika eta Jainkoaren heriotza
Nietzschek lau kritika sakon egin zizkion existentziaren ikuskera kristauari:
- Kristautasunak gizakiaren irudi ahula, otzana eta indargea goresten du.
- Era berean, zabaldu dituen dogmak eta sinesmenak okerrak dira, kontraesanez eta paradoxez josiak.
- Haraindiko munduaren itxaropen faltsuak eskainiz, honako munduaren errealitatea gutxiesgarri agerrarazi du.
- Atsegin ditu bere jarraitzaileen itxurak eta zurikeria, nahiz eta beraien sinesmenak eta bizimodua gero eta urrunago egon elkarrengandik.
Kritikaren momenturik gordinena Jainkoaren heriotza aldarrikatzearekin dator. Mezua honakoa da:
- Zibilizazio baten azterketa eta diagnostikoa da, bere sinesmenak, baloreak eta oinarriak Jainkoaren ideiaren inguruan ez darabiltzan gizarte batena, ordea.
- Gizakia goresten du; baloreei uko egin dien gizakia eta nihilismoa bere egin duena.
San Frantzisko Asiskoa, Grecoren olioa. Santa Cruz Museoa, Toledo.
Nihilismoa
Nietzscheren filosofian nihilismoak bi ikuspegi ditu:
- Ikuspegi negatiboa: nihilismoarekin desagertzen dira bizitzaren itogarri izan diren baloreak.
- Ikuspegi positiboa: lehengo baloreak bazter utzirik, orain gizakia balore berriei heltzeko gai da, osotasun berberaren parte diren bizitzaren eta errealitatearen alde agertuz, aurreiritzirik eta sineskeriarik gabe.
Aukera egokia, bada, supergizakia ager dadin.
Supergizakia askoren ordezkaria da, bere baitan biltzen baitira baloreak aldarazi nahi dituzten guztiak, giza izaera oso-osorik eskuratu nahi dutenak, hain justu. Espirituaren eraldatze-prozesuan supergizakia une gorena da.
Etengabeko itzulera
Etengabeko itzulera ez da ideia kosmologiko bat, ezta iraganeko gertaeren errepikatzeari buruzko teoria bat ere. Etengabeko itzuleraren azpian moralari eta denborari buruzko ikuskerak daude.
- Moralaren ikuspegitik, etengabeko itzuleraren atzean indar baztertzaile bat ageri da, bizitza eta sormena murrizten dituen guztia deuseztatzen duena.
- Denboraren ikuspegitik, kritika bat egiten zaie denboraren irudi linealari eta uneen betierekotasunari, ez baitago aurrez aldetik zehaztutako etorkizunik.
Friedrich Nietzsche
Friedrich Nietzsche (1844-1900). Filosofo eta idazle alemaniarra, Röcken-en jaioa (Prusia). Bonn eta Leipzigko unibertsitateetan ikasia, hogeita lau urterekin Greziar Literatura eta Hizkuntzako katedra eskuratu zuen Basileako Unibertsitatean. Irakaskuntza utzi zuen filosofiari heltzeko. Bere osasun makala zela eta, denboraldi luzeak egin zituen Frantzian, Italian eta Suitzan. Harreman nahasiak eta gorabeheratsuak izan zituen bere arrebarekin, Wagner musikariarekin eta bere biografo eta maitale Andreas Salomérekin. Hona bere lanik garrantzitsuenak eta ospetsuenak:Tragediaren sorrera, Honela mintzatu zen Zaratustra, Ongiaz eta Gaizkiaz haraindi eta Antikristoa.
Botere nahia
Botere nahia supergizakiaren jarrera da, balore berrietan islatzen den benetako eta funtsezko gizakiaren jarrera. Nahi horretan bat egiten dute bere itxaropenek, iritziek eta bere askatasunaren adierazpen gorenak, dagoeneko gizakiak Jainkoa hil egin baitu. Gizakiaren bizi-indarra ideia metafisikoez eta munduaz haratagoko usteez erantzi da.
