FILOSOFIA

Hermeneutika. Gadamer

Hermeneutika-, literatur-, lege- eta teologia-testuak interpretatzeko teknika hutsa izaten hasi zena, XIX. mendean norabide berria urratzen hasi zen Schleiermacher eta Diltheyrekin. Sendotzea Gadamerrekin heldu zen, zeinek hermeneutika psikologia-lotura eta lotura idealistetatik askatu baitzuen. Hori zela eta, hermeneutika, elkarrizketa, testu eta historian murgildutako zentzu baten ulerkuntzaren misterioak argitzera bideratutako eginkizun bihurtu zuen.

Ulerkuntza

Gadamerrek, Heideggerren ildoari jarraituz, lehenengo aldiz mahaigaineratu zuen hermeneutika orokorra sistematizatzea, ulertzearen beraren arte gisa.

  • Ulerkuntza honako honetan datza: historia eta tradizioaren alorrean gizakiek partekatzen duten zentzuaren erreskatean.
  • Ulerkuntza tradizioaren baitan existitzen da beti, zeren, bere barnean jaramon egitea merezi duen dinamika garatzen baita.
  • Ulerkuntza kontzientzia historikoaren ostertzean dagoen interpretazio prozesua da.

Elkarrizketa

Elkarrizketa kategoriaren bitartez, Gadamerrek dinamismoa adierazten du, zeinetatik zehar, tradiziotik historiara iragan ahal baikara. Elkarrizketari esker zeregin hermeneutikoaren edukia eta ostertza ikuska daitezke. Ostertzetik, giza komunikazioa eta bere errealizazioak ulertu ahal ditugu. Zientzia partikularren bakarrizketa komunikazio existentziaren elkarrizketan txertatu nahi du Gadamerrek.

Elkarrizketak egitura zehatza dauka: galdera eta erantzunaren arteko jolasa.

  • Galdera:

    Galdetzea ezagutza sortzeko hasierako erada. Erantzunak ulergarria gertatu behar duen alorra moldatu eta antolatzen du galderak. Galderaren bitartez, jakin nahi den hori ikuspegi zehatz baten azpian kokatzen da. Galdetzeak emandakoa agerian ipini eta ezagutzaranzko ibilbidea proposatzea esan nahi du.

  • Erantzuna:

    Galderak erantzunak non aurkitu behar ditugun adierazten digu eta ustekaberako jarrera agertzen digu. Testu bati galdetzen zaionean, erantzuna testuak esango duen zerbait entzuteko prest egotea da. Irakurtzen duen gizakumeak testuak zer dioen eta zer ematen duen aditzera entzuteko prest egon behar du. Galderaren ostertzak balizko galdera franko dauzka. Hori dela eta, oso garrantzitsua da erantzunen aurkikuntzan aurrera joateko, itaunak ulertzea.

Interpretazioa eta tradizioa

Gadamerrek garatutako teoria hermeneutikoan historiak eta tradizioak ulerkuntzaren benetako zentzua atzemateko ezinbesteko rola jokatzen dute. Gadamerren arabera, ez dago historiatik kanpoko tokirik, ebazteko saiatze historikoen bilakaeran, problema baten identitateaz pentsatzea egokitzen denik. Ulerkuntza barnetik hartu behar da aintzat, tradizioaren baitako elkarrizketa da eta. Horrela, bi alderdi sumatzen dira:

  • Tradizio baten interpretazioa tradizio horren zatia da, eta horrek tradizioa bere baitatik besterik ezin dela interpretatu esan nahi du.
  • Tradizioa ez da halabeharra, eta ez du muga murriztaile gisa jarduten; bide berriak urratu daitezkeen heinean, gainditze historikorako era erakusten du. Tradizioak ez dio arrazoiari erasaten; aitzitik, arrazionaltasunean oinarritzen denean bere botere eta duintasuna aurkitzen ditu. Tradizioak izaera kontserbadorea dauka; baina Gadamerren ustez, usadioei eusteak, deuseztatzen saiatzea bezain ekintza askea da.

Tradizioa lantzen, zuritzen eta arretaren bitartez, sendotu eta bereganatzen denean, ez da existitzen tradizioaren eta askatasunaren arteko aurkakotasuna.

Aurreiritziak eta tradizioa

Tradizio kontzeptua ezezko konnotazioz beterik dago, hala nola, aurreiritziekin batera parekatzea. Ikuspegi ilustratuaren arabera, aurreiritziak eragozpena eta oztopoa dira zientzia modernoaren garapenean eta ezagutza objektiboaren bilakaeran. Gadamer, aldiz, aurreiritzien garrantziaz jabetzen da. Ematen dituen arrazoiak ondoko hauek dira:

  • Aurreiritziak tradizioen zatia dira eta beraien edukia dira.
  • Gizakiak aurreiritzietan kokatuta daudela baiesteak esan nahi du sortu diren tradizio historikoan bizi eta hazi direla, eta tradizio horren barruan elkarrizketa eta komunikazioa aurrera eraman daitezkeela.
  • Aurreiritziak eta tradizioak oinarrizko osagaiak dira arrazoiaren ideiarekin artikulatzen saiatzen den ulertzeko modu berria antolatzeko.
  • Aurreiritziek eta tradizioek ez dute halabeharrez ulerkuntzaren arloa ixten, aitzitik, gure esperientzia guztien zentzura iristeko aukera berriak ireki eta eskaintzen dituzte.
  • Tradizioaren eta aurreiritzien arteko harremanak giza egoera adierazten du, izan ere, horretatik kanpo ez dago ulertzerik. Tradizioarekiko bizi harremanetik ateratzen denak beronen egiazko zentzua deuseztatzen du.
  • Tradizioak bizi garen gertakizun historikoaren barruan bide berriak urratzen dituen heinean, askatasunaren beraren eta historiaren beraren unea eratzen du.
 

Montjuic-eko komunikazio dorrea.

Hans George Gadamer (1900-2002)

Filosofo alemaniarra eta Leizpig, Frankfurt eta Heidelbergeko unibertsitateetan irakaslea. Husserl eta Heiddegerren ikaslea izan zen. Philosophische Rundschau aldizkariaren zuzendaria izan zen. Bere jarduera hermeneutika filosofikoaren arloaren barruan kokaturik zegoen. Honako hauek dira beraren liburu garrantzitsuenak: Egia eta metodoa, Ederraren gaurkotasuna, Arrazoia zientziaren aroan eta Ulertzearen artea.