FILOSOFIA

Postmodernitatearen eztabaida

XX. mendeko filosofiaren ezaugarri bat Ilustrazioaren ondarearekiko kritika da. Lehen, modernitatearen onginahia eta bideragarritasuna zalantzan jartzen bazen, orain ezezko konbentzimendua dago. Izan ere, postmodernoek tradizio kritiko horren alde bat ordezkatzen dute eta haien helburua da modernitatearen ideiaren berrikuspen sakona egitea, ez baitu balio gaur egungo errealitatea azaltzeko.

Eztabaidaren giltzak

  • Postmodernitate hitzaren jatorria Italiako arkitekto batzuen mugimenduari eta Estatu Batuetako kritika literario korronte bati lotuta dago. Filosofian, Europako pentsalari desberdinak batzen ditu postmodernitateak. Hauek, mende bukaerako mendebaldeko gizarteen aldaketa espirituala azaltzeko, kategoria eta kontzeptu berriak sortzeko beharra agertzen dute.
  • Modernitatearen espiritua eta Ilustrazioaren ondarea osatzen duten eta berrikuspena egingo zaien hiru kontzeptuak hauek dira: arrazoia, aurrerapena eta historia.
  • Nietzsche (31. gaia ikusi) eta Heidegger (41. gaia ikusi) autore postmodernoen erreferentzia filosofiko nagusiak dira.

Lyotard

Lyotardek, gizarte modernoak industriaren ondorengo garaian sartzen direnean jakindurian gertatzen diren aldaketak aztertu nahi ditu. Garrantzitsuena, bere ustez, jakinduria estatutuz aldatu dela da. Ondorioz, gizartearen irudi koherentea emateko arrazoia izan zuen funtzio egiaztatzailea, ezin da gehiago mantendu. Lyotardek argumentu hau bultzatzen du bi tesirekin:

  • Nietzschetik dakigunez, ezinezkoa da onartzea bateratasunik egon daitekeela gizakien adostasuna eskatzen duen helburu multzo jakin batean. Unibertsaltasuna eta adostasunari, heterogeneotasun eta adostasunik eza kontrajarri behar zaizkie.
  • Zientziak ezin du mantendu, lehen bezala, diskurtso bakarra eta unibertsala nahi izatea, eta ezin du, halaber, egin behar dugunaren aurrean agintzeko autoritate bezala agertu. Zientziak gizakiaren garapenean laguntzeari utzi dio. Teknozientzia kapitalista mehatxu bihurtu da, osagai askatzailea galdu baitu.

Lyotardek esaten duenez, proiektu ilustratua eta agintzen zituen askatasuna eta aurrerapenen porrotak parte hartzen du kontzepzio totalizatzaile batean edo metakontaera zaharkitu batean, gizateriaren historiaren garai baten bukaera iragartzen dutenak.

 

Osagai geometrikoen egitura zinetikoa, Jesús Rafael Soto.

Vattimoren pentsamendua

Vattimo eta gainontzeko postmodernoen arteko diferentzia nagusia, modernitatearekin daukan erlazioa baloratzeko modu desberdina da. Kontzepzio handiak edo kontakizun handiak kritikatzen ditu, haiek bezala, baina konklusioen azkeneraino ez da iristen. Bere jarrera konstruktiboagoa da, ez hain katastrofista.

Pentsamendu ahula

Vattimo Europako filosofiaren eskenatokian laurogeietan sartu zen, pentsamendu ahula deituak izan ziren planteamendu berri batzuekin. Pentsamendu ahula, positiboa edo negatiboa izan daiteke:

  • Metafisika, etika eta politikaren azken funtsa errefusatzen du.
  • Kontzepzio dialektiko orokor eta bateratuekin kontrajarrita, tokiko diskurtsoen desberdintasuna eta aniztasunean oinarritutako filosofia zatikatua defenditzen du.
  • Ikuspuntu politikotik, pentsamendu ahulak kapitalismo berantiar eta modernoaren barrutik gizartea aldatzeko posibilitatea ikusten du. Botere politikoa hartzeko iraultzaren zentzu tradizionalaren aurrean, askatzeko modu berriak asmatu eta irudikatzea proposatzen du.

Funtsezko kontzeptuak

Vattimoren planteamendua zuzentzen duten hiru ideia edo kontzeptuak, Nietszche eta Heideggerretik ateratakoak dira:

  • Jaungoikoaren heriotza: Vattimorentzat, Jaungoikoaren heriotza -edo nihilismoa Nietszcheren eta Heideggerren terminoetan azalduta-, historia eta patuaren arteko erlazioak berrikustera bultzatzen du, modernitateak ordezkatzen duen kondaira agurtu ahal izateko.
  • Metafisikaren bukaera: «izatearen» kontzeptua, jadanik ez da onartzen egitura egonkor bat bezala, eta tokian tokiko jakindurien aldaketen araberako batasun berri bihurtu behar da.
  • Historiaren bukaera: historiaren filosofia posible bakarra, historiaren filosofiaren bukaera kontatzen duen historia da, zatiketaren esperientzia oso sakonki onartuko duen ikuspegia.
 

Lyotardentzat, jakinduriaren estatutuan gertatu den aldaketa, eraldatze sozial, politiko eta kulturalen ondorioa da.

Lyotard eta Vattimo

Jean-François Lyotard (1924)
Sozialismo eta Basakeria taldeko kidea. Irakasle emeritua da Parisko Unibertsitatean VIII. distrituan eta ohorezko irakasle, Kaliforniako Unibertsitatean. Bere libururik eztabaidatsuenak dira: Jarrera postmodernoa, Postmodernitatea haurrei irakatsita eta Berotasuna.

Gianni Vattimo (1936an jaioa)
Italiako filosofoa, Turingo Unibertsitateko estetika irakaslea, Gadamerren ikasle eta jarraitzailea izan zen, eta Heideggerren obren italierako itzultzailea da. Bre libururik aipagarrienak dira: Nietszche ezagutzen, Heidegger ezagutzen eta Modernitatearen bukaera. Bere jarrera politikoak katolizismo militantetik eta maoismotik igaro dira, modernitatearen aurkako erradikalismoraino.