GEOLOGIA

Harriak

Mineralak egoera puruan nahiko arraroak dira lurrazalean. Ohikoena beste batzuekin elkarturik aurkitzea da, harriak osatuz. Fenomeno hori ez da Lurrean bakarrik gertatzen: Eguzki Sistemako barne-planeta guztiak, eta satelite eta asteroide gehienak, harri-mota desberdinen pilaketa handiek osatuak daudela esan liteke.

Definizioa eta orokortasunak

Prozesu fisiko-kimiko beraren baldintzen azpian egindako mineralen elkarketa edo metaketa guztiei harri esaten zaie. Zenbaitetan, harri bat mineral bakar batez osaturik egon daiteke (igeltsua, kareharria), baina oso gutxitan gertatzen dira horrelakoak.

Harri-mota ugari daude, eta beren ezaugarriak, osatzen dituzten materia-motaren, beren kantitate erlatiboen eta gorputz solido bateratu bati forma emateko elkartu ziren moduaren araberakoak izan ohi dira. Ezaugarri horien araberakoa izango da, halaber, gizakiak harri hori etorkizunean aprobetxatu ahal izatea ala ez.

Harri baten barnean bi eratako mineralak aurki daitezke:

  • Funtsezkoak: harriaren izaera eratzen dutenak eta harriari dauzkan ezaugarriak ematen dizkiotenak izango lirateke.

    Esate baterako, kuartzoa, mika eta feldespatoa granitoan. Horietakoren bat ez izateak harri desberdin bat eragingo luke.

  • Osagarriak: harri jakin baten ohiko konbinazioaren barruan sartu diren ezpurutasun mineralak izango lirateke. Harriaren oinarrizko ezaugarriak ez dira aldatuko.

Sailkapen-irizpideak

Harriek azterketa-eremu oso zabala eta heterogeneoa osatzen dutenez gero, beharrezkoa da horiek sailkatzeko irizpide jakin batzuk aplikatzea. Gaur egun zenbait sailkapen-sistema daude, kasu bakoitzean aztertu behar den materiaren arabera. Garrantzitsuenen artetik ondoko hauek aipa daitezke:

  • Ezaugarri kimikoak: lur-motak definitu eta aztertzeko erabiltzen dira batik bat. Nekazaritzan eta abeltzaintzan oso erabilgarriak dira, eta lurren emankortasun-maila zehazteko eta horiek hobeto aprobetxatzeko balio dute.
  • Adina: hainbat esparru zientifikotan oinarri gisa erabiltzen da, hala nola, arkeologian, antropologian, paleontologian eta beste natur zientzia batzuetan. Harri baten adina zehaztasunez finkatzea oso erabilgarria da azterketa historikoak egiteko.
  • Jatorria: harriak sailkatzeko geologian gehien erabiltzen den prozedura da. Harrien eraketa-prozesuak erabakiko ditu bere ezaugarri gehienak, eta oinarri logiko bat eskaintzen du katalogazio zehatzago bat egin ahal izateko.

Gutxiago erabiltzen diren beste sailkapen-prozedura batzuk ere badira, hala nola, harriaren kolorea, ezpurutasunak gehiago ala gutxiago agertzea, bere osagaiak elkartzeko modua, bere egoera fisikoa (solidoa, likidoa, etab.), besteak beste.

Harri-motak

Arestian ikusi dugunez, harriak irizpide askoren arabera sailka daitezke. Nolanahi ere, zientzia geologiko modernoak harrien lehen sailkapen bat finkatu du berariaz beren jatorrian oinarrituz, hau da, jatorrian eratu ziren modua kontuan izanik. Horren arabera, hiru harri-mota leudeke funtsean:

  • Magmatikoak edo igneoak (7. gaia ikusi): jatorri bolkanikoa duten material urtuak solido bihurtzean eratzen dira. Zenbait kasutan, harri magmatikoak Lurraren barne-barnean eratzen dira, baina beste batzuetan lurrazalean osatzen dira, magma erupzio bolkanikoen bidez kanporatu ondoren.
 

Harri magmatiko baten adibidea (basaltoa).

  • Metamorfikoak (8. gaia ikusi): aurreko beste harri batzuen eraldaketaren ondorioz sortutako harriak dira. Aldaketa hori presioaren eta tenperaturaren gorabeheren ondorioz gertatu ohi da, baina mineralen fusiorik gertatu gabe.
 

Harri metamorfiko baten adibidea (neis).

  • Sedimentarioak (9. gaia ikusi): lurrazalean eratzen dira, higadura-agenteek (urak, haizeak, etab.ek) garraiatutako mineralen metaketaren ondorioz. Ez dute presio- edo tenperatura-mailan baldintza berezirik behar.
 

Harri sedimentario baten adibidea (hareharria).

Harrien zikloa

Lurra planeta dinamiko bat denez gero, eta bertako elementuak etengabean mugitzen eta eraldatzen ari direnez, logikoa da pentsatzea harriak ere ez daudela prozesu horretatik kanpo.

Hain zuzen ere, harriak aldatu egiten dira denborarekin, harrien zikloa izenez ezagutzen den bilakaera bati jarraiki, eta horrela, edozein harri-mota eraldatu egin daiteke, horretarako baldintzak egokiak izanez gero, guztiz desberdina den beste batean.

Harrien erabilerak

Granitozko mendigunea Gredosko mendilerroan, Avila.

Harri asko mea gisa erabili ohi dira, hau da, mineral jakin bat lortzeko iturri gisa. Halere, askoz ere ezagunagoak dira etxebizitzak eraikitzeko eta ingeniaritza-lanak egiteko material gisa harriek dituzten erabilerak. Halaber, edertasun- eta sendotasun-ezaugarri berezi batzuk dituzten harriak eskulturak egiteko erabili izan dira tradizioz.

 

Zenbait harri arrunt

Lurrazalean ugariak dira harri-mota jakin batzuk, hala nola granitoa edo basaltoa (magmatikoak), arbela eta kuartzita (metamorfikoak), edo buztina (sedimentarioa). Horiek guztiak harri konposatuak dira, gizakiarentzat oso baliagarriak. Badira zenbait harri bakun ere, mineral bakar batek osatuak, hala nola igeltsua, eta horrelakoek ere erabilera handia dute.

 

Harrien eraldaketan eragina duten agenteak

Higadura: urak, haizeak, izaki bizidunek,etab.ek harrien disgregazioa eragiten dute.

Tenperatura: berotasunak eta izozteek zatikatu egiten dituzte harriak, batez ere tenperatura-aldaketa oso bortitza bada. Tenperatura handiko egoeran (sumendiak, zorupea), harriek erabat alda dezakete beren egitura, edo urtu ere egin daitezke.

Presioa: zorupearen sakontasunean dauden presio handiak harriak eraldatzen dituzten eragile garrantzitsu batzuk dira. Lurrazalaren mugimenduek ere presio handiak eragin ditzakete, iraupen laburrekoak izan arren eragin eraldatzaile handia baitute.

 

Lurreko plaken tektonika

Lurreko plaken mugimenduek (12. gaia ikusi) oso eginkizun garrantzitsua betetzen dute harrien eraketan eta bilakaeran. Plaka desberdinen artean irekitako pitzaduretan barrena, lurrazalaren geruza sakonenetatik datozen material urtuak kanporatu daitezke lurrazalera. Bestetik, plaken ertzen arteko talkek eta marruskadurek presio eta tenperatura itzelak eragiten dituzte, harrien nolakotasuna erabat aldatuz.