Harri metamorfikoak
Metamorfismoa
Hiru eratako harri metamorfikoak, ezkerretik eskumara: mikazita, marmola eta kuartzita.
Metamorfismo kontzeptuak, lurrazalaren barruan egoera solidoan dauden harriek jasaten duten edozein eratako eraldaketa adieraziko luke.
Metamorfismoaren eraginpean, harri jakin batek bere egitura-ezaugarriak, ezaugarri fisikoak eta kimikoak aldatzen ditu, den-denak nahiz horietako batzuk bakarrik, eta guztiz desberdina den harri batetan.
Substantzia-mota desberdinak harri metamorfiko bihur daitezke:- Elementu natiboak edo substantzia kimiko puruak.
- Konposatu mineral isolatuak.
- Harri igneo edo magmatikoak (7. gaia ikusi).
- Harri sedimentarioak (9. gaia ikusi).
- Beste harri metamorfiko batzuk..
Eraldaketa horren ondorioz sortutako harri berriek ezaugarri berezi batzuk izango dituzte:
- Kristal-egitura, elkarrekin konektaturik dauden kristalek osatua, eta ongi zehaztutako orientazio bat agertu ohi duena.
- Kokaleku sakona, harri hauek litosferaren barne-geruzetan osatzen baitira. Oso aspaldiko inguru higatuetan bakar-bakarrik agertu ohi dira lurrazal gainean.
- Harri-masa handietan metaturik daude.
Metamorfismo-mailak
Metamorfismoak ez du beti modu berean jokatzen. Batzuetan badira maila desberdintasunak, inguru batek ingurumen eta geologia aldetik dituen ezaugarrien arabera. Oro har, bi metamorfismo-maila bereiz ditzazkegu:
- Behe-maila: diagenesiaren edo harri sedimentarioetan izandako aldaketen pareko izango litzateke.
- Goi-maila: harrien fusiotik hurbil legoke, nahiz ez dion egoera solidoan izateari utziko.
Neurri bateraino, metamorfismoa sedimentazioaren eta magmatismoaren arteko tarteko prozesu bat da, eta sarritan, zaila izan ohi da esatea noiz osatu den harri bat eraldaketa bidez edo beste moduren baten bidez.
Metamorfismo-motak
Funtsean hiru eratako prozesu metamorfikoak ditugu:
- Presioko metamorfismoa edo dinamikoa: presio handiek, norabide jakin batean zuzendurik, harrien gainean eragiten dute. Lurrazaletik hurbil gertatzen dira, eta oso harri puskatuak sorrarazten dituzte, milonitak eta bretxak esate baterako.
- Ukipen-metamorfismoa edo termikoa: magma-poltsa baten edo magma-korronte baten hurbiltasunagatik edo, are ukipenagatik ere, tenperaturak handitzen direnean gertatzen da. Metamorfismoa handiagoa da tenperatura gehieneko inguruetan, eta txikiagoa da berotasun-iturritik urrundu ahala. Harri trinkoak eta ale txikikoak sortzen ditu, gehienetan "aureola metamorfiko" baten gisara antolatuak magma solidotuaren inguruan.
- Inguruko metamorfismoa edo termodinamikoa: harri-masa handiei eragiten die eta presio nahiz tenperatura handien jarduera bikoitza eskatzen du nahitaez. Kasu batzuetan, zerikusia izan ohi du mendien formazio-prozesuarekin (orogenesia).
Harri metamorfikoen sailkapena
Harri metamorfikoak sailkatzeko zenbait irizpide daude, hala nola beren konposizio kimiko edo mineralogikoa, beren kokalekua edo beren adina, nahiz eta geologian gehien erabiltzen den sistema egiturarena izan.
Harri metamorfikoen kasuan, egituraren kontzeptu horrek badu zerikusirik aleen orientazioarekin, ez tamainarekin, eta horrela, bi multzo handi bereiz ditzakegu:
- Foliazioa duten harriak: mineralak geruza paraleloetan antolatzen dira. Harri-mota honen barruan, metamorfismo-maila handienetik txikienera, arbelak, filitak, eskistoak eta neisak izango genituzke.
- Foliaziorik gabeko harriak: egitura pikortsua dute. Mota nagusiak kuartzitak, marmolak eta anfibolita dira.
Harri metamorfiko oso ohiko batzuen jatorriaren diagrama.
Metamorfismoan eragina duten faktoreak
Hiru elementu erabakigarrik dute eragina harrien eratze-prozesu metamorfikoetan: tenperaturak, presioak eta fluidorik izateak edo ez izateak. Presio handiko prozesuak behe-mailako metamorfismoaren bereizgarriak dira, eta aldiz, tenperatura handiek goi-mailako metamorfismoan dute eragina. Ura edo karbono-dioxidoa bezalako fluidoak izateak bizkortu egiten ditu erreakzio kimikoak, katalizatzaile gisa jokatzen dutelako.
Harrien deformazio-motak
Prozesu metamorfikoan, harriek, beren konposizio kimikoa aldatzeaz gain, beren itxura fisikoa ere alda dezakete, eta «deformazio»bat esan ohi dena gertatzen da. Deformazioak hiru eratakoak izan daitezke: elastikoak, plastikoak eta hauskorrak. Harri elastikoek beren jatorrizko forma berreskuratzen dute horien gainean eragiten zuten indarrak ahitzen direnean; harri plastikoen kasuan, deformazioa iraunkorra da; azkenik, egitura hauskorreko harriak hautsi eta apurtu egiten dira beren zurruntasunaren ondorioz.
Indar geologikoek harri-masen gainean duten eragina
Indar naturalek, bereziki plaka tektonikoen mugimenduek, tentsio handiak sortzen dituzte harrien gainean, deformatuz eta apurketak eta tolesak sortuz. Haustura eta deformazio hauek era guztietako harrietan ikus daitezke, nahiz gehienetan masa metamorfikoekin loturik agertzen diren, jokoan dauden indarrek eragindako aldaketa fisiko eta kimiko bortitzen ondorioz.
Hiztegia
Esfortzua: harri baten azalera-unitate bakoitzeko egindako indar-kopurua. Horren unitatea bar da
Zartadura: inguruko tentsioen edo materialen zurruntasun gehiegizkoaren ondorioz harriak puskatzen diren tokia.
Faila: zartadura-planoaren bi aldeetako blokeen mugimendua paraleloa deneko zartadura.
Diaklasa: harri gehienetan agertzen diren pitzadura edo arrakalak.
Tolesa: harri-masa baten deformazioa, indar nagusien norabidean tolesdura bat eraginez. Tolesak monoklinalak (inflexio bakarra), antiklinalak (goranzko kurbadura), eta sinklinalak (beheranzko kurbadura) izan daitezke. Tentsioak handiegiak baldin badira harri-geruza puskatu egin daiteke, eta orduan, zartadura bat agertuko da