Denbora geologikoa
Definizioa eta orokortasunak
Denbora geologikoaren espresioak gure planetaren historia osoa hartzen du bere barnean, eratu zenetik gaur egun arte. Kontzeptu hori J. Huttonek plazaratu zuen 1770. urtean.
Harrien azterketa denbora arkeologikoa aztertzeko tresna nagusia dugu, eta «uniformetasun printzipioa» izenekoan oinarritzen da. Horren arabera, lege naturalek aldagaitz iraun dute denboraren joanean.
Harrien datazioa egiteko, bi prozedura nagusi erabiltzen dira: analisi erradiaktiboa eta analisi magnetikoa.
Datatze-prozedura hori osatzeko, harrien ezaugarri fisikoei buruzko azterketa, geruzen azterketa edo bertan ageri diren fosilen behaketa egin daiteke.
Geruza-lerroa agerian.
Estratigrafia
Estratigrafia harrien geruza paraleloak aztertzen dituen eta beren adina eta banaketa espaziala zehazten duen geologia-zientziaren adar bat dugu.
Horretarako, azterketa-irizpide jakin batzuk erabiltzen dituzte geologoek, harri-multzo edo -sekuentzien arteko harremanetan oinarriturik.
- Gainezarpena: geruza horizontal batean, goikoena haren azpitik dagoena baino berriagoa dela adieraziko luke.
- Jatorrizko horizontaltasuna: deformaturik edo etzanik ageri diren geruzen jatorrizko posizioa zein izan zen erabakitzen ahalegintzen da.
- Jarraitasun laterala: hedadura handietan geruzen hurrenkera zein den adierazten du.
- Harreman gurutzatuak: honek adieraziko luke geruza-lerro batean barneratutako failak edo harri-dikeak geruza hori eratu baino geroagokoak direla. Analogiaz esan ohi da edozein prozesu geologiko (tolesak, etab.) geruza baino geroagokoa dela.
- Inklusioak: sarritan izaera desberdineko harriak aurkitzen ditugu beste batzuen barruan. Horrelakoetan barneratutako harri hori inguruan dagoena baino zaharragoa dela jotzen da.
Geruza-multzo baten ebakidura eskematikoa, toles- eta eten-guneak ageri direla.
Mu: Milioika urte. m Mu: Mila milioika urte.
Aro geologikoak
Harrien eta geruzen azterketari esker, gure planetaren bilakaera historikoaren bereizgarri izan diren epealdi geologiko desberdinen banaketa osatu samar bat egin ahal izan da. Datatze horrek, zutabe geologikoan jasoa, lurreko denbora hainbat epealditan banatzen du, eta beren iraupenaren arabera, honela antolaturik daude eskala honetan:
- Eonak: hiru dira (Arkaikoa, Proterozoikoa eta Ganerozoikoa), eta horien iraupena ehunka edo milaka milioi urtetan neurtzen da. Lehen bi eonak Prekanbriko izendapenaren azpian bilduta leudeke.
- Erak: bederatzi bereiz daitezke, eon bakoitzeko hiru. eta beren iraupena, ehunka eta hogeitaka milioi urte bitartekoa da. Eon Fanerozoikoaren erak Paleozoikoa, Mesozoikoa eta Zenozoikoa dira. Beste bi eonak, berriz, honela banatzen dira: behe-, ertain- eta goi-erak
- Periodoak: eon berrienaren, hots, Fanerozoikoaren era desberdinen artean ageri dira, eta zenbait milioika urte irauten du horietako bakoitzak. Antzinatasun-ordenaren arabera: Kanbrikoa, Ordobizikoa, Silurikoa, Debonikoa, Karboniferoa, Permikoa, Triasikoa, Jurasikoa, Kretazikoa, Tertziarioa (Paleogenoa eta Neogeneoa) eta Kuaternarioa ditugu.
- Epokak: zatiketarik txikiena lirateke eta Fanerozoikoaren era horien barruan bakarrik izango genituzke. Hogeitaka milioi urte eta milioi bat urte bitartekoak dira. Periodo Tertziarioko eta Kuaternarioko epokak, antzinatasun ordenaren arabera, hauek dira: Paleozenoa, Eozenoa, Oligozenoa, Miozenoa, Pliozenoa eta Pleistozenoa. Azken hori kuaternarioko epoka bakarra da eta egungo une geologikoa adieraziko luke.
Erradioaktibitatea eta magnetismoa
Erradioaktibitatearen azterketa harriak datatzeko tresna nagusia dugu. Harri batean ageri diren isotopo jakin batzuek zehaztasun handi samarrez esan diezagukete zein den bere adina. Prozedura hori arkeologian ere erabiltzen da. Beste alde batetik, magnetoestratigrafia nahikoa diziplina modernoa da, eta harrien polaritate magnetikoaren aldaketak aztertzen ditu beren adina zehaztasunez jakiteko. Horretarako, Lurraren eremu magnetikoak denbora-epe luzeetan bere polaritatea aldatzea hartzen du oinarritzat (1. gaia ikusi).
Erregistro estratigrafikoan gertatzen diren etenak
Gure planetaren izaera dinamikoa kontuan izanik, sarritan aurkitzen ditugu etenak eta jarraitasun-ezak estratuetan. Horrelako gertakariek zaildu egiten dute harrien azterketa, baina aldi berean, oso datu interesgarriak ematen dizkigu lurreko jarduera geologikoari buruz. Oro har, hiru eratako etendurak bereizten dira: diskonformitatea (estratu paraleloen arteko bereizketa), diskordantzia angeluarra (paralelismoaren haustura) eta ez-konformitatea (mota desberdineko harrien arteko bereizketa).
