GIZARTE ZIENTZIAK

Julian de Ajuriagerra

Neuropsikiatra bizkaitarra (Bilbo, 1911-Milafranga, 1993). Medikuntza ikasi zuen Parisen. Ondoren, psikiatria eta neurologian espezializatua, Senako Ospitale Psikiatrikoan neuropsikiatriako irakasle agregatua izan zen. 1940. hamarkadan, iraultza psikiatrikoaren mugimenduan murgildu zen, diziplina honen kartzela-izaera aldatzeko helburuarekin sortu zen mugimenduan, alegia. 1955ean, Genevako Bel-Air Unibertsitate-Ospitaleko Katedra-zuzendari izendatzen dute.

Ospitalearen eraldaketa

1958an, Bel-Air ospitaleko buru izendatzen dute eta bertan gaixoari zuzendutako zerbitzuen berregituratzeari ekingo dio. 600 ohe zituen eraikin hau pabiloi txikiz osaturiko "herri" bihurtuko du, gaixoari bizitzaren alor guztiak eskainiz. Osasun-etxea zeharo eraldatuko du eta bertan, gune psikosoziala, zerbitzu mediku-pedagogikoa eta haurren psikiatria, nerabeen psikiatria eta psikogeriatria atalak garatuko ditu, adin guztietako gizaki gaixoen arazoei irtenbidea eman nahian. Gainera, haurren eta toxikomanoen behar espezifikoei erantzuten saiatuko da.

Bel-Air-eko ospitalea nazioarteko ikerkuntzara irekiko du Ajuriagerrak, teknologia berrietara irekia dagoen ikaskuntza defendatzen du eta gaiaren inguruan hainbat solasaldi antolatuko ditu. Ajuriagerrak psikiatriaren diziplinan egindako berrikuntzagatik eta bere ikerketa-lanengatik Ville de Genève Saria jasoko du 1975. urtean.

1976an, Julian de Ajuriagerra bilbotarrak Bel-Air ospitaleko zuzendaritza utzi eta Frantziako Kolegioan Garapenaren Neuropsikologiako Katedra zuzentzeari ekiten dio. Ajuriagerrak gaixoen aisialdi ekintzak bultzatuko ditu eta osasunarekin zerikusia duten lanbideen garrantzia azpimarratuko du. 1960ko hamarkadan, hainbat espezialitatetako profesionalek beteko dute lehengo "eroen zaindarien" lekua, Bel-Air-eko ospitalean: dietistak, ergoterapeutak, logopedak, psikologoak

Gaixoen eskubideak bermatuz

Harrez geroztik, gaixoek askatasun pertsonalaren, bizitzaren eta osotasun fisikoaren inguruko eskubideak izango dituzte, hau da, informazio egokia jasotzeko eta erabakitzeko askatasuna eta bizitza pribatuarekiko duintasuna edukitzeko eskubidea. Horrela, psikiatria, askotan legediaren aurretik, pentsamolde berrien korronteei irekitzen da eta gaixoaren eta profesionalaren artean harreman estua sortzearen alde agertzen da, ezinbestekoa delako terapiak arrakasta izateko.

Hainbat ekarpen

Haurren psikiatriaren arloan hainbat ekarpen egin ditu Ajuriagerrak: haurtzaroa ezagutu gabe helduak ulertzea zaila dela uste zuen; horregatik, haurren psikopatologia ikertzeari ekin zion, psikologia genetiko edo ebolutiboaz baliatuz. Haur-idazkera, hizkuntz nahasketak, dislexia eta toteltasuna aztertu zituen eta liburu eta artikuluak idatzi zituen gai horiei buruz. Ajuriagerraren bibliografia zabalean Haur Psikiatriaren Manuala (1971), Kortex zerebrala (H. Hécaen-ekin, 1949) eta Haurraren Psikopatologiaren Eskuliburua (1982) nabarmentzen dira. EHUk eta Bartzelonako Unibertsitateak "Honoris causa" doktore izendatu zuten.