HISTORIA

Errege-erregina Katolikoak

Errege-erregina Katolikoen ezkontzak Aragoi eta Gaztelaren arteko batasun dinastikoa baimendu zuen, baina bi erresumek beren berezko erakundeak kontserbatu zituzten. Granada menderatzean eta Nafarroa eranstean, etorkizuneko hispaniar monarkiarako eta honen mundu mailako hegemoniarako oinarriak finkatu ziren.

Batasun politikoa

  • Batasun dinastikoa: 1469an Aragoiko Joan II. erregearen (1458-1479, 23. gaia ikusi) semea zen Fernando (geroko Fernando II.a, 1479-1516) eta Gaztelako Enrike IV.aren (1454-1474) arreba zen Isabel (geroko Isabel I.a, 1474-1504) ezkondu ziren. Enrike IV.ak tronua izango zuela hitzeman zion Isabeli Toros de Guisandoko tratatuaren arabera (1468).
  • Ondorengotza-gerra zibila: bere bizitzako azken urteetan, Enrike IV.ak bere nahia aldatu zuen eta bere alaba Joana Beltraneja (1462-1530) izendatu zuen bere ondorengo. Isabelek, Aragoiko laguntzari esker, Beltranejaren jarraitzaileak Toro eta Albuerako gudetan garaitu zituen, eta Trujilloko tratatuaren itzalpean (1479) Gaztelako erregina bihurtu zen.
  • Granadako nazarien erresumaren konkista: 1481etik 1492ra arte iraun zuen gerra baten ondoren, Boabdil erregeak Granadako giltzak eman zituen. Horrela bukatzen ziren Espainian izandako botere musulmanaren zortzi mende inguru.
  • Juduen kanporaketa (1492): Errege-erregina Katolikoen batasun politikoari erlijio-batasuna gehitu nahi izan zen, kristautasunera aldatzen ez ziren judu guztiek herrialdetik alde egin behar zutela xedatzen zuen aginduaren bitartez.
  • Nafarroako anexioa: 1512an, Isabelen heriotzaren ondoren, Fernando Katolikoak Nafarroako erresuma menderatzea erabaki zuen, Frantziako Luis XII. erregearekin (1498-1515) aliatuta zegoena. Anexioa izanda ere, erresumak bere berezko foru eta erakundeak mantendu zituen.

Estatuaren antolaketa

Fernando eta Isabelen barne-politika herrialdera bakea ekartzea lortzeko pentsatuta zegoen, baita erregearen boterearen agintea indartzeko ere. Helburu hau zenbait erakunde berrantolatuz edo sortuz lortu zuten:

  • Kontseiluak, abokatuek osatutakoak eta errege-erreginak gobernuko lanetan laguntzeko helburua zutenak: Gaztelako Kontseilua, Aragoikoa, Ogasunekoa, Indietakoa, etab.
  • Inkisizio-Auzitegia, heretiko eta judutuak jazartzeko arduraduna (beren antzinako erlijioa ezkutuan praktikatzen jarraitzen zuten judu kristautuak).
  • Epaitegi eta Kantzelaritzak, Justizia-administrazioaren arduradunak eta Valladolid, Granada eta Galizian kokatutakoak. Bi lege-bilduma egin ziren, Montalvoko Ordenamendua (1484) eta Toroko Legeak (1505).
  • Ermandade Santuaren sorrera (1476). Hau milizia zibil bat zen, zelai eta bideak konpontzeko arduraduna.
  • Korrejidoreen izendapena hirietan.
  • Ogasunaren erreforma, aurreko erregealdietan nobleziari egin zitzaion ondasunen intsuldaketa itzelarekin bukatzeko helburua zuena.
  • Gorteen eragina murriztu egin zen, eta hauetarako deialdiak gutxitan egin ziren.

Fernando II. Aragoikoa eta Isabel I. Gaztelakoa, Errege-erregina Katolikoak (Avilako Madrigal de las Altas Torres herrian gordetako erretratua).

Kanpo-politika

Errege-erregina Katolikoen monarkia Europako potentzia nagusietako bat zen, bertan Aragoiko Koroak Mediterraneoan zituen interesak eta Gaztelak Atlantikoan zituenak elkartzen baitziren.

  • Mediterraneoan, Fernandok eta Isabelek Kataluniak eta Aragoik Italian zuten eragina sendotu zuten, frantziarrek aurrera egitea eragotziz eta Napoliko erresuma kontrolatzen jarraituz. Italiako kanpaina arrakastatsuetan Gonzalo Fernández Kordobakoaren talentu militarra nagusitu zen (1453-1515). Izan ere, azken honi Kapitain Handia ezizena eman zitzaion.
  • Europako esparruan, Frantzia isolatzeko interesak Errege-erregina Katolikoak bultzatu zituen ezkontza-politika konplexu bat hastera, zeinek Inperio alemanaren eta Ingalaterraren adiskidetasuna bilatzen zuen.
  • Portugali dagokionez, berriz, Errege-erregina Katolikoek bere alabak, Isabel eta Maria, on Manuel erregearekin (1469-1521) ezkondu zituzten bata bestearen ondoren. Azken ezkontza honetatik Isabel printzesa jaioko zen, aurrerantzean Felipe II.aren ama izango zena (30. gaia ikusi).
  • Ipar Afrikako inguruan, Cisneros kardinalak (1436-1517) Melilla, Oran, Tripoli eta beste gotorleku batzuen konkista koordinatu zuen.
  • Atlantikoan Kanariar irlen konkista eraginkorra eta kolonizazioa gertatu zen, eta Kristobal Kolonek (27. gaia ikusi) Amerikara egindako espedizioari (1492), Gaztelak ordaindutakoari, laguntza eman zitzaion.

Data garrantzitsuak

  • 1469 Isabel Gaztelakoa eta Fernando Aragoikoaren ezkontza.
  • 1474 Gaztelako Enrike IV.a hil egiten da. Bere arreba Isabel erregina izendatzen dute; baina Joana Beltraneja tronurako ondorengoa denez, ondorengotza-gerra zibila hasten da Gaztelan.
  • 1475 Segoviako Elkartasuna: honen arabera Isabelek eta Fernandok Gaztelako gobernu bateratua hitzartzen dute.
  • 1476 Isabel garaile ateratzen da Toron Beltranejaren aurka.
  • 1479 Joan II. Aragoikoa hiltzen da eta Fernando II. Katolikoak ordezkatzen du. Aragoi eta Gaztelaren arteko batasun dinastikoa.
  • 1480 Toledoko Gorteak, nobleziaren pribilegioak murrizten dituztenak. Inkisizioa ezartzen da Gaztelan.
  • 1481 Granadako gerra hasten da.
  • 1485 Inkisizioa ezartzen da Aragoin.
  • 1492 Boabdil Txikiak amore ematen du eta Granadako gerra bukatzen da. Juduen kanporaketa. Amerikako aurkikuntza.
  • 1504 Isabel Katolikoa hiltzen da Medina del Campon: Fernandoren lehen erregeordealdia Gaztelan.
  • 1505 Bloisko Bakea: honen arabera Frantziak Espainiak Napoli menderatzen duela onartzen du.
  • 1506 Joana eta Felipe I.a, Gaztelako errege-erreginak.
  • 1507 Felipe I.aren heriotzaren ondoren, Fernando eta Cisnerosen erregeordealdia Gaztelan.
  • 1512 Nafarroa Gaztelari eransten zaio.
  • 1516 Fernando Katolikoa hiltzen da. Cisneros kardinalaren erregeordealdia Gaztelan.

Juduen kanporaketa

Artisautzan, merkataritzan eta maileguan arituak, Espainiako juduak 150.000 pertsona baino gehiago ziren, eta beren kanporaketak kalte handia egin zion ekonomiari. Beren ondorengoek Europako ekialdean, Ekialde Hurbilean eta Afrikako Iparraldean dauden sefardien komunitateak osatzen dituzte gaur egun.

 

Cisneros kardinala

1506an Gaztelako eta 1516an penintsulako Estatuetakoa erregeordea izateaz gain (Karlos V. enperadorea heldu arte, hain zuzen ere), Francisco Jiménez de Cisneros kardinalak gobernu-lan nabarmen bat garatu zuen. Erreginaren aitor-entzulea izan zen, Alcalako Unibertsitatea sortu zuen eta Biblia Políglota Complutense idazketan parte hartu zuen.

 

Mesta

Erregeen diru-kutxak onbideratu nahi zituztenez, Errege-erregina Katolikoek Honrado Concejo de la Mesta delakoari eman zioten beren laguntza. Kontzeju hori, beren artilea asko estimatzen zen ardi merinoen abeltzainen elkartea zen, transhumantzian zehar egiten zituzten bazka eta artzaintzaren truke kuota bat ordaintzen zutelarik.