XVII. mendea: nagusigoa lortzeko borroka
- EXTRA: Munduan Zehar
Absolutismoa
XVII. mendean zehar, errege europarrak sistema politiko berria ezartzen saiatu ziren: absolutismoa, erregearen botere neurrigabeagatik bereizten zena.
Frantzian, Europako nazio aberatsena eta biztanle gehien zituenean, monarkia absolutuak irabazi zuen, Richelieu kardinalaren (1582-1642) -Luis XIII.aren (1610-1643) ministroa-, eta Mazarino kardinalaren (1602-1661) -Luis XIV.aren (1643-1715) adin-txikitasunean zehar agintaria- ekintza politikoari esker.
Absolutismoaren ezaugarri nagusiak hurrengoak dira:- Administrazio-zentralizazioa, jaun handiei eta eskualdeko legebiltzarrei boterea murriztuz.
- Armada sendo eta zentralizatu baten eraketa.
- Errege-finantzen onbideratzea eta Estatuaren aberastasuna industriaren sustapena eta eskulanen esportazioaren bitartez.
Luis XIV.arekin, Eguzki Erregearekin, Frantzia europar potentzia nagusia bilakatzen saiatu zen, Espainia eta Austriako Habsburgoen aurrean (33. gaia ikusi).
Ingalaterran, 1640 eta 1688 urteetako matxinadek monarkia absolutua inposatzeko ahaleginak bertan bera utzi zituzten; eta Orangeko Gilermoren (1689-1702) eskutik, monarkia konstituzionala ezarri zen, non erregearen boterea Legebiltzarrak mugatzen zuen.
Inperio kolonialak
Ingalaterrak, Herbehereek eta neurri txikiagoan Frantziak, gogorki lehiatu zuten hedapen kolonialean. Hedapen honen ardatzak hurrengoak izan ziren:
- Itsas indarren modernizazioa eta gehiagotzea.
- Ekialdeko Indietako konpainien eraketa, Indiako ozeanoan komertzioaren antolaketaz arduratzen zirenak
- Finantza-garapena, banku handien eraketaren bitartez, Amsterdamekoa (1609) eta Londresekoa (1694) bezala.
Amerikan, espainiarrek eta portugaldarrek beren lurraldeen kolonizazioa finkatu zuten, ingelesen, frantziarren eta nederlandarren barneratzeari aurre eginez, batez ere Ipar Amerikan eta Antilletan. Metal baliotsuen ibilbideak -Veracruz eta Limatik Cádiz edo Sevillara-, mehatzen agortzearen ondorioz, bizitasuna galdu zuen.
Afrikan esklaboen ibilbidea antolatu zen, Gineako golkoko lantegietatik Antillak eta Brasileko landaketetara.
Espezien ibilbidea Insulindiatik Lurmutur Hiriraino zihoan, eta Afrika inguratuz, Amsterdamera heltzen zen.Hogeita hamar Urtetako guda
Hegemonia eskuratzearren Europar potentzien arteko borroka, Hogeita hamar Urteetako gudan (1618-1648) islatu zen batez ere.
- Gatazka Pragako defenestrazioarekin (1618) hasi zen, Estiriako Fernandoren -geroko Fernando II. enperadorea (1619-1637)- kontrako txekiar protestanteen matxinadarekin. Honek bere senide zen Espainiako Felipe III.ari (1598-1621) eta Alemaniako printze katolikoei laguntza eskatu zien. Alderdi inperialak Mendi Zurian lortu zuen garaipena (1620).
- 1625ean Cristian IV. (1588-1648) errege daniarrak protestanteen alde esku hartu zuen; baina garaitua izan ondoren, Lübeck-eko bakea sinatu behar izan zuen (1629).
- Lützen-go batailan hil zen Gustavo Adolfo II. (1611-1632) errege suediarrak 1629an parte hartu zuen. Suediarrek Nördlingen-en porrot egin ondoren, Pragako Bakea sinatu zen (1635).
- Frantziako parte hartzeak, 1635 urteaz gero, gudaren norabidea aldatu zuen. Espainiar tertzioak Rocroi-en garaituak izan ziren (1643) eta gudaroste inperiala berriz, Bavaria eta Pragan.
- Westfaliako bakearen bitartez (1648), Espainiak Herbehereen independentzia onartu zuen eta Frantzia europar politikaren epaile bihurtu zen.
- Espainiak eta Frantziak gudan jarraitu zuten 1658 urtera arte, hain zuzen ere, frantziarrek, ingelesek lagunduta, gudaroste espainiarra behin betiko garaitu zutenera arte. Pirinioen bakearen ondorioz (1659), Espainiak Artois, Rosselló, Cerdanya eta Flandeseko hiri ugari galdu zituen.

Data garrantzitsuak
- 1604 Eskozia Berriaren kolonizazio frantziarra.
- 1605 Ekialdeko Indietako Konpainia Holandarra Moluketan ezartzen da.
- 1618 Pragako defenestrazioa: Hogeita hamar Urtetako guda hasten da.
- 1620 Mayflowerko ingeles puritanoek Plymouth sortzen dute.
- 1621 Hamabi Urteetako tregoa amaitu eta gero, nederlandarrek Espainiaren aurkako gerrari berrekiten diote.
- 1625 Garaipen espainiarra Bredan nederlandarren aurka.
- 1640 Guda zibila Ingalaterran. Ingeles ezarpena Madrásen (India).
- 1642 Richelieu kardinala hiltzen da. Mazarino kardinalak Espainiaren kontrako bere areriotasun politikarekin jarraitzen du.
- 1643 Tertzio espainiarren erabateko porrota Rocroien. Luis XIV.aren koroatzea Frantzian.
- 1648 Westfaliako bakea.
- 1649 Ingalaterrako Karlos I.aren porrota eta exekuzioa. Oliver Cromwellek Errepublika aldarrikatzen du.
- 1659 Pirinioetako bakea.
Luis XIV
Luis XIV.a , Rigaudek egina (Louvre Museoa).
«Guztiaren berri ematen zidan, txikikeri handienak entzunez, momentu oron nire armaden zenbatekoa eta kalitatea eta nire gotorlekuen egoera aztertuz, [...] Estatuaren diru-sartzeak eta gastuak orekatuz; nire arazoak hain isilpean eramanez, inork inoiz eraman ez dituen bezala.»
Luis XIV.a
Absolutismoaren justifikazio teorikoa:
«Erregearen tronua ez da gizakume baten tronua, Jaungoikoren tronua bera baizik. Printzeek Jaungoikoaren ministro bezala jarduten dute eta bere ordezkariak dira Lurrean. »
Jacques Bénigne Bossuet
Mayflower-a
Amerikar historia kolonialeko ontzi ezagunena 1620an Ingalaterratik atera zen, erlijio puritanokoak ziren kolono talde bat barnean zuelarik. Azaroaren 21ean Cod lurmuturrera iritsi ziren eta Plymouth sortu zuten. Hurrengo urtean, esker onezko egunaren bazkaria ospatu zuten, Estatu Batuetako aberri-festa bilakatu zena.
Pragako defenestrazioa
Hogeita hamar Urtetako guda txekiar noble protestanteek geroago enperadore izango zen Fernando erregearen ordezkariak leihotik bera bota zituztenean hasi zen.
