HISTORIA

Industria-Iraultza (I)

Industria-Iraultza izenarekin ezagututako aldaketa ekonomiko handia funtsezko gertaera izan zen mundu garaikidean. Nekazari-gizarte batetik industrial eta hiritar gizarte batera pasatzea suposatu zuen, kapitalismoa eta burgesiaren boterea finkatu zituen eta proletalgoaren agerpena eragin zuen.

Faktore piztaileak

Industria-Iraultza Ingalaterran jaio zen XVIII. mendearen azken herenean eta XIX. mendean zehar Europara, Estatu Batuetara eta Japoniara hedatu zen.

Aldaketa ekonomikoa piztu zuten faktoreak hurrengoak izan ziren:

  • XVIII. mendean hasi zen nekazari-iraultza (36. gaia ikusi).
  • Merkataritzatik eta landatik zetozen ondasunen eskuragarritasuna, zeintzuk makinismoaren garapena bultzatzeko erabili zirenak, hau da, makinen bitarteko industria-ekoizpena garatzeko.
  • XVIII. mendearen bigarren erdian hasitako iraultza demografikoa, elikadura hobeago bati eta medikuntzaren aurrerakuntzei esker. Migrazio-mugimendu garrantzitsuak eragin zituen, landatik hirira eta Europatik Amerika eta itsasoz bestaldeko koloniatarantz. Gainera, bi ondorio garrantzitsu izan zituen:
    • Produktu industrialen kontsumitzaileen kopurua handitu zuen (eskariaren handitzea), zeinek ekoizpena bizitu zuen.
    • Industriarentzat eskulan ugari eta merkearen agerpena: proletalgoa.

Berrikuntza teknikoak

Industria-Iraultzarekin artisau-tailerra desagertu zen, fabrika agertuz, lan- egoitza handia, non kate-produkzioa langileek erabilitako makinen bidez burutzen zen.

  • Lurrun-makinak lantegietako makinen engranajeak mugitzeko energia-iturri berri baten erabilpena baimendu zuen. Horren asmatzailea James Watt (1736-1819) izan zen, 1769an patentatu egin zuelarik.
  • Industria-Iraultzaren aitzindari izan zen ehungintzari dagokionez (36.gaia ikusi) produkzio-gaitasuna makina berriei esker bikoiztu zen, zeintzuen artean garrantzitsuenak honakoak diren:
    • Kayren anezka hegalaria, esku-makinen errendimendua biderkatu zuena kotoi-industrian.
    • Cropmtonen Mule-jenny iruntzailea, indarra hidraulikoa erabiliz iruntzen zuena.
    • Cartwrighten ehungailu mekanikoa, lurrun-indarrak eragina.
  • Nekazaritzari dagokionez, berrikuntza garrantzitsuenetarikoa sega-makina mekanikoa izan zen, horrekin bi gizonek hogei segalariren lana burutu zezaketelarik, nekazaritza-lanaren ekoizpena handituz.
  • Metalurgian, Darbyk kokezko ikatzaren erabilpena sartu zuen, Cortek burdinaren laminazio-sistema asmatu zuen eta Bessemerrek burdinatik altzairurako bihurgailua.

Garraiobideen iraultza

George Stephensonek (1815) lurrun-trena asmatzeak martxan zegoen prozesu industrialaren garrantzia areagotu zuen.

Garraiobideen iraultza bi arrazoiengatik etorri zen: alde batetik, lurrun-makina trenbide eta nabigazioari aplikatzearen ondorioz; eta bestetik, altzairugintzaren teknika berriak trenbideentzako errailen fabrikazioan, zein itsasontzien altzairuzko kroskoen fabrikazioan, aplikatzeagatik.

George Stephensonen tren-makina (1825eko modeloa).

Lurrun-trena eta lurrun-ontziaren erabilerak eragin garrantzitsuak izan zituen:

  • Elkartruke komertzialak geroz eta urrunago zeuden eta geroz eta zabalagoak ziren merkatuekin burutzea ahalbideratu zuen.
  • Biztanleriaren mugimendu handiak erraztu zituen landa eta hirien artean, eta metropolia eta itsasoz beste aldeko kolonien artean.
  • Meatzaritza eta industria bultzatu zituen eta ondasunen inbertsioa bizitu zuen, karga-ahalmenaren izugarrizko hazkuntzaren ondorioz.

Watten lurrun-makina.

Data garrantzitsuak

  • 1709 Darbyk kokezko ikatza erabiltzen du, burdina labe garai batetan urtzeko.
  • 1735 Kayk anezka hegalaria asmatzen du.
  • 1760 Ubideen eraiketa hasten da Ingalaterran.
  • 1767 Hargreavesek Spinning-jenny kotoi-iruntzailea asmatzen du.
  • 1769 Wattek bere lurrun-makina patentatzen du.
  • 1779 Comptonek Mule-Jenny aldizkako iruntzailea asmatzen du.
  • 1784 Cort-ek burdin gogorragoa lortzen duen pudelatua asmatzen du.
  • 1785 Cartwrightek lurrun-makina ehundegian erabiltzen du.
  • 1800 Voltak pila elektrikoa asmatzen du.
  • 1807 Fultonen Clermont lurrun-ontziak Hudson ibaia igotzen du.
  • 1815 Stephensonek lehen lurrun-trena eraikitzen du.
  • 1825 Lurrun-makina zuen lehen meatze-trena Stocton eta Darlington artean.
  • 1830 Lehen bidaiarien trenbidea irekitzen da Manchester eta Liverpool artean.
  • 1834 Morsek telegrafoa asmatzen du. McCormickek sega-makina mekanikoa patentatzen du.
  • 1856 Bessemerrek altzairu oso gogorra lortzea ahalbidetzen duen labea asmatzen du.