Tutoretzarik izango dut?
Tutoretza zerbitzua hizkuntza ikastaroetan
Ikasketa-modua edozein delarik ere (online edo CD), tutoretza zerbitzua izan dezakezu. Tutoretza nahi duen ikasleak izena eman beharko du Eusko Jaurlaritzak horretarako homologatutako ikastegi edo akademietako batean. Ikasleak bere gogoz ematen du izena. Eusko Jaurlaritzak ez du inolako kontratu-loturarik urrutitik emandako tutoretza-zerbitzuetarako homologatutako ikastegiekin.Tutoretza izateko:
- Zentruen zerrenda: Araba Bizkaia Gipuzkoa
- Jarri beraiekin harremanetan, eta beraiek emango dizute informazio gehiago.
Tutoretza zerbitzua izateko izen-ematea eta baldintzak
Tutoretzaren bidez, ikaslearen ikasketa-prozesuaren bilakaera zaintzen da eta prozesu horretan gida-laguntza eskaintzen zaio. Irakasle batek zaintzen du ikaslearen lanaren nondik norakoa, eta ikasteko gida-laguntza eskaintzen dio. Posta elektronikoaren bitartez, irakasleak gidatu egiten du ikaslea prestakuntza-ibilbidean zehar. Ikasleak, bestalde, era guztietako galderak egin ditzake, edo dena delako hizkuntza ikasterakoan agertzen zaizkion zalantzak azaldu. Tutoretza-zentruen zerrendan zure gogokoena aukeratu, eta beraiekin jarri harremanetan. Horrela, ikastegiarekin hitz eginez, zerbitzu horren prezioak jakin ahal izango dira, bai eta ikasketan lagungarri izateko eskaintzen dituzten beste zerbitzu osagarri batzuenak ere. Homologatutako ikastegiek tutoretzagatik eskatu ohi duten prezioa, gehienez ere, 45 euro hilabeteko izaten da, eta tutoretza eta 4 ordu ikastarorengatik (bertaratu beharreko ikastaroa), 60 euro hilabeteko.Tutoretza-ikastegien betebeharrak
Tutoretza-ikastegien betebeharra da tutoretzaren hileroko ordainketa erraztea; horretarako, aldeek, beren borondatez eta elkar hartuta, ordaintzeko beste era batzuk hitzar ditzakete.Tutoretza hartzen duen ikaslearen betebeharrak
Baldin eta ikasleak erabakitzen badu tutoretza bertan behera utzi behar duela, tutoretza-ikastegiari jakinarazi beharko dio, gutxienez ordainketa-eguna baino hamar egun lehenago.Tutorearen lana
Homologatutako ikastegietako tutoreen eginkizun lehenak dira: 1. Prestakuntza-plana edo lan-agenda taxutzea. 2. Ezarritako helburuak lortzeko behar diren gida-lerroak eta lanak proposatzea. 3. Ikaslearen ikasketa sustatzea, ikasketa hori antolatuz. 4. Ikasleekin aldian aldiko harremana izatea, mezuei erantzunez eta ikasleak egindako kontsultaren eta irakaslearen erantzunaren artean ahalik eta denborarik laburrena igaro dadin saiatuz. 5. Ikaslearekin harremana izatea, posta elektronikoaren bitartez mezuak igorriz, baldin eta haren erantzunik jasotzen ez badu edota ikaslea lanak edo jarduerak aurkezteko orduan atzeratzen bada. 6. Ikaslea gidatzea eta hari laguntzea, haren zalantzei eta zailtasunei erantzuna emanez eta adibide argigarriak emanez. Irakurgaiak eta/edo jarduerak proposatzea, prestakuntza-eskaintza ikasleen interesen arabera hobetu edo hedatzearren. 7. Parte hartzaileek, proposatutako ibilbideak aztertzeko orduan, interesa izan dezaten sustatu eta eragitea, eta ikasleak sustatzea jarduerak ezarritako epeen barruan aurkez ditzaten. 8. Ikasleen ikasketa-prozesuaren ebaluazio jarraitua egitea. 9. Jarduerak proposatu edo iradokitzea ikasketa-errendimendua hobetu beharra duten ikasleentzat. Argibide gehiago ematea, batez ere gai zailenen inguruan. 10. Ikasleek zuzendaritza-kudeaketaren inguruan, ikasketen koordinazioaren inguruan edo teknologia-bitartekoen koordinazioaren inguruan egindako ohar, eskaera eta iradokizunak bideratzea. 11. Konexioaren, nabigazioaren, mezuak igorri eta hartzearen eta ikasketa-materialak hartzearen inguruan ikasleek dituzten zailtasun eta oztopoen berri ematea, ikasleentzako laguntzarekin eta euskarri teknikoarekin lotutako kontuak erabiliz. 12. Ikasleen artean benetako trukea eta harremana egon dadin eztabaidak proposatzea, eta ikasleen bilakaera zaintzea pedagogiaren alderditik. 13. Ikasleak chat-aren bitartez elkarrekin egon daitezen guneak proposatu eta koordinatzea. 14. Ikasketen ebaluazioa zer-nolakoa izango den zehazteko orduan parte hartzea. 15. Beste irakasleekin batera erabateko koordinaziorako bileretan esku-hartzea, ikasleen, materialen eta erabateko sistemaren inguruan datu baliagarriak eskainiz. 16. Ebaluazioak eta jarduerak zuzentzea, azken ebaluazioaren unean amaierako txosten bat eginez ikasle bakoitzak lortutakoaren inguruan.Tutoreak erantzuteko har dezakeen denbora
Datu hau funtsezkoa da edozein proposamen ebaluatzeko orduan. Urrutitik egiten den ikasketan dabiltzan ikasleen erreferentzia tutorea da, ez dezagun ahatz. Hark du ahalmena ikasleak ikastaroan lortu nahi duen jakintzaren eta ikasketaren atea itxi edo irekitzeko. Batzuetan, erantzuteko orduan atzerapen txiki bat izateak ikasleak motibazioa galtzea eragin dezake. Tutorearen erantzuna, **e-Lea** izeneko programan, mezua jaso eta 24 ordu igaro baino lehen iritsi beharko da, oro har; hori izango da batez besteko epea. Hori ezinbestekoa da ikaslea gogobeteko badugu. Arazoen aurrean beti izango du erantzun lasterra.Edonola ere, tutoretza zentruek ezingo dute erabili edo ezingo dizkiote inori utzi e-lea programako ikasleen datuak.
