Itsasoa
Euskadin ahalegin handia egiten da itsasoko kutsadura kontrolatzeko, batez ere ibaietako bokaletatik gertu. Hain zuzen ere, Ibaizabal, Artibai, Oiartzun, Bidasoa, Deba eta Urumea ibaien bokaleetan ari dira horrelako lanak egiten. Beste alde batzuetan kutsadura gutxi dago, Urola, Oria, Oka, Barbadun eta Butroe ibaietan kasu.
Egoera hobera egiten ari da apurka-apurka, hirien saneamendu sistemak ezartzen ari direlako, eta kostaldeko gune bakoitzeko erabilera eta jarduerak (bainua, nabigazioa eta baliabideen ustiatzea) arautzen ari direlako.

Euskadiko itsasoko eta kostaldeko ekosistemen artean padurak nabarmentzen dira. Itsasadarretan dauden laku moduko guneak dira, ibaiaren bukaeraren eta itsasoaren hasieraren artean.
Padurak babes ekologiko bereziko aldeak dira eta sekulako eragina dute bioaniztasunean. Gune horiek era askotariko hegaztiak erakartzen dituzte, moluskuak, itsasoko fauna txikia eta landare espezie bitxiak garatzen dira bertan. Urdaibaikoa da gure erkidegoaren padurarik garrantzitsuena, eta Biosferako Erreserba izendatu dute.
Urdaibai
- 220 km2 dauzka, eta 45.000 biztanle bizi dira bertan.
- Hogeita bi udalerri hartzen ditu bere barruan, horietatik hamaika oso-osorik
- Kostaldeak osatzen du iparreko muga; Matxitxako eta Ogoño lurmuturrek estuarioko sarrera babesten dute eta Izaro uhartea dago parean.
- Beste muga geografikoak Oka ibaiaren arroko lerroek zehazten dituzte hainbat altitudetan, hamabi kilometroko zabalera eta hogei kilometroko luzera besterik ez daukan lurralde bat eratuz.
