Ingurumen hezkuntza
- TEST: Aukeratu erantzun zuzena
Gizakiek normalean ez dute ingurumena errespetatzen berez ikasten, bizitzeko beste ohitura batzuekin gertatzen den moduan; horregatik, hezkuntza prozesu berezi bat antolatu behar da. Ingurumen hezkuntza ingurumenaren kontserbazioaren kontzeptuarekin batera aldatu da.
Hirurogeita hamarreko hamarraldian naturaren aldeko ideiak zabaltzen hasi zirenetik, ingurumen hezkuntza garatzeko jarraibide baten beharra ere areagotu egin zen; izan ere, gai honen inguruko ezagutza funtsezko tresna baitzen, natur ingurunea babestearen aldeko kontzientzia publikoa sortzeko.
Ingurumen hezkuntza, urteak igaro ahala, hezkuntza ofizialean sartu da, eta ekologiaren eta kontserbazioaren kontzeptuak ere sartuz joan dira ume eta gazteen ikasgaietan. Arazoak ezagututa ez dira konpontzen, baina lagungarria da. Ingurumen hezkuntzaren hurrengo urratsa ekintzaren aldeko joera bereganatzea izan da. Birziklatzearen abantailak edo basoek atmosfera birsortzeko daukaten funtzioa ezagutzeak ezer gutxi balio izango du, zaborra bereizteko edo paisaia errespetatzeko beharrezko ekintzak gauzatzen ez badira.
Horrek xedeak zehaztea eta jarrerak eta portaerak lantzeko ekintza bereziak antolatzea eskatzen du. Aldi berean, arazoak aztertu eta lanari ekin behar zaio, hau da, benetako arazoei buruz konpromisoa hartu eta ingurua babestu eta hobetzeko ekintzetan parte hartzen ikasi behar da.
Azken batean, gizaki informatuak gizaki kontzientziatu bihurtzea da kontua, eta geroago, ekiteko prest dauden gizakiak.