Gutxiago gastatu, hobeto kontsumitu
Normalean, gastua murrizteko ardura handiz kontsumitu behar da; horrek, zalantzarik gabe, eragin onuragarria izango du gure ingurunean. Gakoa eguneroko ekintzei ahalik eta etekinik handiena ateratzean datza, erosterakoan, edota ura, elektrizitatea, gasa edo telefonoa kontsumitzerakoan. Ez dago hutsezinezko formularik, baina bai guztion artean martxan jar ditzakegun oinarrizko ideia batzuk.

Gas eta elektrizitate kontsumoa
Gomendagarria da gure beharretara hobekien moldatzen den potentzia eta tarifa kontratatzea, baita korporazioek eskaintzen dizkiguten aurrezteko aukera guztiak aztertzea ere. Horretarako, beharrezkoa dugu etxetresna elektrikoen kontsumoa ezagutzea: telebista edo musika ekipo batek ez du gehiegi gastatzen, baina ontzi garbigailu bat, mikrouhin-labe bat edo ile lehorgailu bat wattak irensten dituzten makinak dira. Bestalde, kontsumo txikiko bonbillek abantaila handia dute bonbilla arrunten aldean.
Ur kontsumoa
Ur kontsumoan aurrezteko zenbait gauza ezagutu beharra dago: garbigailu arruntak eta ontzi garbigailuak ez dira erabili behar ondo beteta ez badaude; erabat irekita dagoen kanila batek 15 litro gastatzen ditu minutuko; kanila bat tantaka ari baldin bada, 60 litro kontsumitu daitezke eguneko; dutxatzerakoan, bainatzerakoan kontsumitzen dugun uraren laurdena erabiltzen dugu.
Erosketak
Hona hemen erosketak egiterakoan izan behar ditugun ohitura ekologiko batzuk: ontzi handiak erabili, etiketetan osagai kaltegarririk ez dagoela ziurtatu, plastikorik ez kontsumitu, benetan behar duguna hartu eta ez erosi eroste hutsagatik.
Etxean energia aurreztuz
Etxe barruan berotasuna galdu nahi ez badugu, isolatu egin dezakegu; horrela berokuntzan %40 aurreztuko dugu. Etxeko tenperatura egokiena 20ºC-koa da. Tenperatura hori gainditzen duen gradu bakoitzak %5 gehitzen dio energi kontsumoari.
Garrantzitsua da erregulatzen ikastea: 40ºC-tan urak ia-ia erre egiten du, eta ez du zentzurik izozkailuak zero azpitik 5ºC baino gutxiagoko tenperatura izateak; horiek horrela, tenperatura horietara iristeko kontsumitzen dugun energia gehiegikeria hutsa da.
