Aisialdi ekologikoa
Gure ingurune naturalarekin adeitasunezko harremana izateko modu erraz eta pozgarrienetako bat inguruneaz gozatzea da. Aisialdi ekologikoaren kultura orain dela denbora asko sortu zen, izadiaz zuzenki gozatzeko asmoz. Izadian zer gertatzen den ikustea eta ikastea da kultura horren helburua.
Lehenago izadia kirolerako agertoki moduan erabiltzen bazen (batez ere mendizale eta ibiltarientzat), orain berezko agertoki bihurtu da. Horren guztiaren ondorioa izadia zaintzeko beharraz erabat kontzientziatzea izan da, izadiaz ahalik eta gehien gozatzeko.
Mendira irten, gertu dugun habitataren landaretza eta fauna ezagutu, edo lurrari lotutako ohiko landa jardueretan eta bertako ekoizpen moduetan interesa izan. Horiek guztiak ingurumenarekiko errespetu sakon bat eskatzen duten jarduera aisiazkoak dira. Horrelako jarduerak atsegin dituztenek ez dute sua nolanahi egingo, ezta zaborra botako ere. Animaliak eta landareak errespetatzen dituzte, eta euren ingurunean edozein eraso mota geldiarazten dute.Aisialdi ekologikoa praktikatzeko beste modu bat turismo ekologiko deitzen duguna da. Honen definizioa oso zabala da eta alderdi asko hartzen ditu bere barruan. Batzuek masifikaziotik urrun dauden lekuak bisitatzeko aukerak eskaintzen dituzte bakarrik, eta beste batzuek ingurune naturalean murgiltzea proposatzen digute. Baina horrek ez du esan nahi edozein gauza turismo ekologikoa izan daitekeenik. Kontu handiz ibili beharra dago, turismoak jarrera parte-hartzailea eskatzen baitio egiten duen pertsonari, eta horretarako aurretik informatu eta prestatu behar gara.
Azken urteetan, ingurunearen kontra gero eta eraso gehiago egiten direnez, turismo ekologiko honen aldaera bat sortu da: aktibismo ekologikoa. Honen helburua da ingurumenean eragin larria izan dezaketen arazoei irtenbidea ematea, esate baterako, baso bat txukuntzea. Batez ere borondatezko langileak aritu ohi dira horrelako lanetan, eta askotan jolas-ekintza moduan antolatzen dituzte. Egia esan, ingurumenaren alde benetan baliagarria den zerbait egiteko modurik atsegingarrienetako bat izan daiteke hori.
Ekoturismoa
Ekoturismoa aisiarako alternatiba egingarri bat da, negozio txiki eta ertainen sorrera bultzatu eta babesten duena. Negozio hauek landa ingurunekoak nahiz hirikoak izan daitezke.
Ekoturismoa inbertsio txiki batekin jar daiteke martxan. Horregatik, lorgarriagoa da eta arrisku gutxiago dakartza, gainera gizartearen garapena sustatzen du, zuzentasun eta berdintasun handiagok giro batean.
Ekoturismoaren eta ekoizpenaren arteko lotura hertsia da, tokian tokiko berezitasunei esker ekoiztutako produktu berrien eta ohiko ondasunen eskaintza areagotu egiten baitu.
Izadiarekin eta landa inguruneko biztanleriarekin harremanak bilatzeko asmoz bidaiatzen duen pertsona kopurua gero eta handiagoa da, eta horren hazkundea masa turismoak duena baino askoz azkarragoa da. Hori dela eta, ekoturismoaren garapenak bultzada nabarmen bat ematen dio orokorrean jarduera turistiko osoari.
