KIMIKA

Izaki bizidunen kimika

Biokimikak organismo bizidunetan gertatzen diren prozesu kimikoak aztertzen ditu. Bizitzak oinarri molekularra du, eta bizitza izatearen erantzule diren molekulei biomolekula deitzen zaie. Molekula horietariko askok izaera polimerikoa dute, eta hori dela eta, maiz biopolimeroak deitzen zaie. Biopolimeroak hiru kategoriatan sailka ditzakegu: karbohidratoak, azido nukleikoak eta proteinak.

Karbohidratoak

Karbohidratoak karbonoak, hidrogenoak eta oxigenoak osatzen dituzten konposatu kimikoak dira. Landareek egiten duten fotosintesian sortzen dira eta animalia askorentzat elikadura iturri dira. Euren formula orokorra honako hau da: Cn(H2O)m.

  • Monosakaridoak: karbohidrato bakunenak dira eta azukre izena ere erabiltzen da horiek izendatzerakoan. Bi motatakoak izan daitezke: polihidroxialdehidoak (aldosak) edo polihidroxizetonak (zetosak), euren egituran aldehido bat edo zetona talde bat duten arabera. 3, 4, 5 edo 6 karbono atomo izatearen arabera, monosakaridoak honela sailka ditzakegu: triosak, tetrosak, pentosak eta hexosak.

    Glukosa, esate baterako, sei karbono atomo (hexosa) dituen aldosa bat da eta bere formula orokorra honako hau da: C6H12O16. Aldehido batek bezala jokatzen du, eta horrenbestez, katea irekiko egitura duela ondoriozta dezakegu; hala eta guztiz ere, ur disoluzioan bi forma ziklikorekin agertzen da: a- glukosa eta b- glukosa.

    Erribosa eta desoxirribosa bost karbono atomo dituzten monosakaridoak dira. Biokimika arloan berebiziko garrantzia dute, azido desoxirribonukleikoa (ARN) eta DNA osatzen baitituzte, hurrenez hurren.
  • Disakaridoak eta polisakaridoak: disakaridoak bi monosakarido molekulen kondentsazioak osatzen dituen azukreak dira. Maltosa, esate baterako, a-glukosaren bi molekulen kondentsaziotik sortzen da.

    Naturan aurki ditzakegun karbohidrato gehienak polisakaridoak dira eta euren funtzio nagusiak glukosa pilatzea (izaki bizidunentzako energi iturri gisa) eta zelulen egituraren osagairik oinarrizkoena izatea dira. Ezagunenak honako hauek dira: zelulosa eta almidoia.

Azido nukleikoak

Azido nukleikoak, nukleotidoek osatzen dituzten polimeroak dira. Nukleotidoa azido fosforiko molekula baten, azukre molekula baten eta base nitrogenatu baten kondentsazioaren emaitza da.

Bi motatakoak izan ohi dira nukleotidoak osatzen dituen azukre motaren arabera: azido erribonukleikoa (ARN), b-D-erribosak osatzen duena, eta azido desoxirribonukleikoa (DNA), b-D-erribosaren eraztun aldatu bat duena.

Azido nukleikoetan bost base nitrogenatu ezberdin aurki ditzakegu. Guztiak dira, funtzioaren arabera, forma molekularrak dituzten amina heteroziklikoak. Adenina (A), guanina (G), zitosina (C), timina (T) eta urazilo (U) deitzen zaie. DNAk horietako lau ditu (A, G, C eta T); aldiz, ARNak beste lau ditu (A, G, C eta U).

Proteinak

Proteinak aminoazido izena duten monomero talde batek osatzen dituen makromolekulak dira. Aminoazidoak konposatu organikoak dira, eta -COOH karboxilo talde bat eta –NH2 talde amino bat dute. Proteinak osatzen dituzten aminoazidoak hogei dira, eta horietako gehienek ondorengo egitura-formula dute:

Aminoazidoek izen espezifikoak izan ohi dituzte eta hiru letrekin izendatu ohi dira, forma laburtuan: glizina (gli), alanina (ala)...

Aminoazidoak uretan disolbagarriak diren solido kristalinoak dira. Ezaugarri azidoak (-COOH) eta basikoak (–NH2) dituen karboxilo talde bateko molekula berean agertzeak izaera anfoteroa ematen die. Ur disoluzio batean karboxilo taldeko protoia amino talderantz transferitzen da; hala, aminoazidoak ioi dipolar moduan daudela esan dezakegu.

Proteinak izaki bizidunen egitura materialaren parte dira ondorengo adibideetan ikus dezakegun bezala: kolagenoa azalean eta hezurretan; keratina ilean eta azazkaletan, eta abar. Zelulen jarduera metabolikoa kontrolatzen dute, erreakzio zelularretan katalizatzaile espezifiko bezala parte hartzen dute, eta inmunologia-sisteman ere eragina dute. Aminoazidoen kondentsazioari esker sortzen dira. Aminoazido baten mutur bateko -COOH taldearen eta beste muturreko –NH2 taldearen arteko erreakziotik -CO-NH- lotura sortzen da eta horri lotura peptidikoa deitzen zaio.

Ala-gli peptidoa sortu ahal izateko gertatzen den alaninaren (ala) eta glizinaren (gli) kondentsazioa.

ADNaren helize bikoitzaren egituraren modelo molekularra

ADNaren helize bikoitzaren egituraren modelo molekularra.

 

Bradikinina

Bradikinina bederatzi aminoazidok osatzen duten polipeptido bat da:

arg-pro-pro-gli-fen-ser-pro-fen- arg.

Substantzia hori organismoak sortzen du liztorren eztenkadei aurre egiteko, eta horixe da min gogor hori eragiten duena. Gaur egun aminoazidoak letra bakar batez izendatzeko joera dago, hiru hizki erabili beharrean. Hala, aipatu berri dugun polipeptidoa hau litzateke:

R-P-P-G-F-S-P-F-R.

Kasu horretan R, arginina da; P, prolina; G, glizina; F, fenilalanina; eta S, serina.