KOMUNIKABIDEAK

Telebista Euskal Herrian

Telebista publikoa

Euskal Herrian oso-osorik produzitu eta euskal ikusleentzat egindako lehen katea ETB1 izan zen. Eusko Legebiltzarrak EITBren sorrera arautzen zuen legea onartu zuen 1982ko maiatzean, eta, hilabete batzuk ikasten eta prestatzen eman ostean, ETB1en lehen emisioa egin zen urte horretako abenduaren 31n. Hurrengo urtean, programazioa finkatzen joan zen eta, pixkanaka, 24 orduz emititzen hasi ziren, etenik gabe.

Lau urte geroago, 1986ko maiatzaren 31n, ETB2 jarri zuten martxan. Horrela, ETB1ek euskara hutsean eta ETB2k gaztelaniaz emititzea erabaki zuten kate autonomikoaren arduradunek.

EiTB

Estatu mailako lehen komunikazio-taldeak (RTVE) Bilbon eta Iruñan ere baditu lurralde egoitzak. Bertatik kontrolatzen da TVE1ek eta La2ek Hego Euskal Herriko lurraldeetarako bakarrik ematen duten programazioa.

TVE Pais Vascok (1971n ireki zuten) Bilbon du egoitza nagusia, eta Donostian eta Gasteizen ditu albistegietako ordezkaritzak. Television Españolak Nafarroan duen lurralde egoitza 1982ko sanferminetan hasi zen emititzen. Lurraldeko albistegi bana ematen dute biek egunero, “Telenorte” eta “Navarra”, eta beste saio batzuk ere egiten dituzte deskonexioan.

TVE

Ipar Euskal Herriari dagokionez, France 3 Estatuko kateak lurraldeka banatzen du programazioa. Lapurdiko, Nafarroa Behereko eta Zuberoako herritarrek hainbat programa ikusi ahal dituzte: eguneroko albistegia, zezenketak...

Telebista pribatua

90eko hamarkadan, Espainiako Estatura kate pribatuak heldu zirenean, asko hazi zen telebista-eskaintza eta kontsumo ohiturak aldatu ziren, baita Hego Euskal Herrian ere. Espainiako kateek egoitzak ireki zituzten euskal hiriburuetan, profesionalak albisteetara eta ikusleengana hurbiltzeko asmoz. Horietako batzuek (Tele 5 eta Antena 3), gainera, lurraldekoalbistegiak egin ohi dituzte deskonexioan. Halere, Espainiako kate pribatuen ia programazio osoa Estatu osorako emititzen da.

Antena3

Gauza bera gertatzen da Ipar Euskal Herrian. Kate pribatu edo komertzialek, orokorrean, Frantziako Estatu osorako programazio bera eskaintzen dute.

Bestalde, telefonia enpresa asko Lurreko Telebista Digitalaren merkatuan sartu dira eta, hilean kuota bat ordainduta, hainbat kanal eta LTDari lotutako beste hainbat zerbitzu eskaintzen diete bezeroei. Horrela, horien bidez, kanal ugari eta telebista interaktiboa dute hainbat etxetan.

Teknologia horien garapenak Euskal Herri osorako emititzen duten kate pribatu txikiek (Canal Euskadi) edo lurralde baterako emititzen dutenek (Localia Gipuzkoa, Canal Bizkaia, Canal Gasteiz,...) hedapen-eremua handitzea ekarri du. Horietako asko, hiriburuetan baino ezin dira ikusi irekian, baina etxe guztietara iristen dira plataformen bidez.

Telebista lokalak

Plentzia Telebista 1987an sortu zenetik, tokiko telebistak gehituz joan dira Euskal Herrian, mota zein ezaugarri desberdinetakoak. Batzuk komunikazio-enpresa handien esku daude, beste batzuk udalen ekimenetik sortutakoak dira edo enpresa txikiek eratutakoak. 90eko hamarkadan izan zuten hazkundearen ostean, berrogeita hamarretik gora dira gaur egun lurrez, kablez zein Internet bidez emititzen duten telebista lokalak.

GoiTB nabarmendu behar da horien artean. Kooperatiba moduan funtzionatzen du, Goiena Komunikazio Zerbitzuak taldean (Goienkaria astekaria, Arrasate Irratia eta Goiena.net webgunea kudeatzen ditu), eta Debagoiena (Gipuzkoa) eskualderako emititzen du.

Goitb

Taldea 2000. urtean sortu zuten Debagoienako euskararen aldeko elkarteek, eta une hartan eskualde horretan zeuden komunikabideak bildu ziren bertan. GoiTBren aurrekariek (Arrasate Telebista –1990– eta Atxabalta Telebista) euskara hutsean egindako programazioaren alde egin zuten lehen telebista lokalak izan ziren eta GoiTBk ere politika horri jarraitu dio. Programazioaren zati handi bat (informazioari dagokiona batez ere) barne-ekoizpena da, eta kanpoko ekoizpena, berriz, fikziozko programetara eta dokumentaletara mugatzen da.

Prentsa idatziarekin gertatu den moduan, euskaraz emititzen duten telebista lokalek batu beharra izan dute; horrela sortu zen Euskarazko Herri Telebisten Elkartea. GoiTBrekin batera, Oarso Telebista (Oarsoaldea), Ttipi-Ttapa Telebista (Bortziriak eta Malerreka), Xaloa Telebista (Baztan), Ele Bista bideo-kazeta (Aldude) daude, besteak beste, talde horretan.

Etorkizunak aldaketak ekarriko dizkie tokiko telebistei, askok digitalizazioari aurre egin beharko baitiote.