LITERATURA

Urrezko Mendeak: hitzaurrea

"Urrezko Mendea, Urrezko Mendeak edo Urrezko Aroa" gaur egun literaturaren historian erabiltzen diren hitzak dira, gutxi gorabehera XVI. eta XVII. mendeei dagokien aldia izendatzeko. Kultur arloan, eta bereziki literatur arloan, Espainiako historiako denboraldi garrantzitsuena da, inolako zalantzarik gabe. La Celestinatik (1499) Calderon de la Barcarenganaino (1600-1681), Espainiako literaturak bide berriak ireki zituen eta geroko literaturan izan duen eragina apartekoa izan da.

Testuinguru historiko-soziala, kulturala eta erlijiosoa

"Urrezko Mendeak" izenaz ezagutzen dugun garaia Errege Katolikoen erregealdiaren amaieratik Austriarren azkena zen Carlos II.aren heriotzara arte (1700) doa, gutxi gorabehera. Bi mende horietan, Espainia bere une gorenera iritsi zen, politika eta lurrei dagokienez.

Aldi horretan, oso garrantzitsuak izan ziren arazo erlijiosoak, edozein aldetatik begiratuta (alde ekonomikotik, alde literariora arte eta jakina, baita soziala ere).

  • 1492an, Errege Katolikoek kristau bihurtu nahi ez zuten juduak kanporatzea agindu zuten dekretuz. Kristau bihurtu zirenek, berriz, "kristautu" izena jaso zuten eta beren ondorengoak, aldiz kristau berriak izan ziren.
  • Granada hartu ondoren, moriskoei beren erlijioari eta ohiturei eustea baimendu zieten, baina agintarien zorrozkeriak matxinada asko sortu zituen eta azkenean, zorrozkeriak berak 1608an moriskoak kanporatzea ekarri zuen.

Erreforma. Erasmismoa

XV. mendetik aurrera, interes handia egon zen Europa osoan, ordena erlijiosoak erreformatzeko eta, batez ere, sinesmenen garbitasunagatik. Hasierako erlijioa eta Bibliaren hitza berreskuratu nahi ziren.

Trantsizio-garaia ere izan zen, Carlos V.aren Espainia inperialetik Felipe II.aren Espainia itxira.

Egile garrantzitsuenetako bat Erasmo de Rotterdam izan zen, bai bere buru-argitasunagatik bai obra eta pentsaeraren zabalkundeagatik. Pertsona askok irakurri zituzten bere lan erlijiosoak, literarioak edo gramatikalak.

Hizkuntza

Garai horretan, gaztelania gaur egungo ezaugarrietako asko hartzen hasi zen, bai ahoskeran, bai hiztegian. Oro har, ortografia nahiko kaotikoa bazen ere, inprentak sarrien erabiltzen ziren hitzen ortografia finkatzen lagundu zuen.

Fonetika

  • Hasierako f- etimologikoa (facer, fermosura) h transkribatzen hasi zen. Zenbait lekutan aspiratu gisa ahoskatzen zen artean.
  • Erdi Aroko (2. gaia ikusi) txistukari gor eta ozenen arteko ezberdintasuna galdu egin zen eta XVII. mendearen hasieran jada maiz entzuten zen s, z eta j letren gaur egungo ahoskera.
  • Bokale batzuen eta multzo jasoen tinbrearen zalantza sarritan gertatzen zen, esaterako oscuro eta escuro edo efecto eta efeto txandakatuta.

Liburua eta idazlea

Inprenta asmatzeak aparteko ondorioak izan zituen iraultza intelektuala ekarri zuen. Eskuz egindako transmisioak aurrera egiten bazuen ere (konposizio lirikoak, batez ere), inprimatutako testua zabalduz gizarte-maila ezberdinetako irakurleengana heldu zen.

Errenazimentuak irakaskuntzagatik zuen kezkak XVI. mendean benetako ikasketa-plana egotea eragin zuen. Plan horrek geroko idazleek eredu klasiko eta modernoak eskuragarri izatea ahalbidetzen zuen.

Horregatik, Errenazimentuko idazle soldaduaren eredua nagusi zen arren, garaiko gizarte-maila guztietako idazleak egon ziren Urrezko Mendeetan.

Errenazimentua eta Barrokoa

Gaur egun, Urrezko Mendeak bi denboraldi historikoetan banatzen dira: Errenazimentua eta Barrokoa.

Errenazimentua

Aldi hori XIV. mendetik XVI. mendearen amaieraraino doa eta horretan oso korronte ezberdinak eta batzuetan, aurkakoak, egon ziren aldi berean:

  • Mugimendua Italiako hiri-estatuetan sortu zen, horiek Grezia eta Erromako une gorena berregin nahi zuten. Hortik datorkio Errenazimentua ('berriro jaio') izena. Mugimendu horretan ezinbestekoak izan ziren humanistak (7. gaia ikusi), Antzinaroa ezin hobeto ezagutzen zuten eta.
  • Errenazentista perfektuaren ideala Baltasar de Castiglioneren El Cortesano (1528) obra ospetsuan deskribatzen da. Obran nagusi den urrezko araua naturaltasuna da.
  • Espainian, Errenazimentua berandu hasi zen, baina indarra hartu zuen Nebrijaren (1442-1522) ondoren. Asko dira beren garaian nazioarteko ospea lortu zuten Espainiako humanistak, jakintza-arlo guztietatik zetozenak, hala nola, Hernan Nunez helenista, Luis Vives, Antonio Agustin, Andres Laguna medikua, Nicolas Monardes botanikaria, Francisco de Vitoria legelaria eta abar.

Elio Antonio de Nebrija (1442- 1522) Espainiako humanista garrantzitsuenetako bat izan zen. Bere Gramatica (1492) hizkuntza erromantze bati buruz egin zen lehenengoa izan zen.

Barrokoa

Aldi hori XVII. mendearen hasieratik XVIII. mendearen lehenengo urteetara doa. Alde askotan Errenazimentuarekin bat zetorren, baina beste alde batzuk puztu zituen:

  • Bere buruaz fidatzen ez zen gizarte batean garatu zen; horretaz gain biziki kezkatuta zegoen bere arauengatik, hau da, nahiengatik eta gizartean gora edo behera egiteko beldurragatik.
  • Gai nagusiak desengainua, ametsen antzeko bizitza, estoizismoa, luxua eta abar ziren. Ohorearen gaia publiko eta pribatuaren arteko banaketaren isla garbia da.
  • Errenazimentuan ez bezala, Barrokoko funtsezko ezaugarria artifizioa, itxurakeria, ustekabea, engainua, da.

Erasmismoa

Salamancako Unibertsitateko ataria. Errenazimentua.

Erreformako beste korronte batzuekin bat datorren Erasmoren pentsaeraren ildo nagusiak hurrengoak dira:

  • Ebanjelioek eskaintzen duten kristautasunaren imitaziora itzultzea.
  • Tolerantzia erlijiosoa eta bakezaletasuna.
  • Benetako erlijiozkotasuna eta ez formala.
  • Kristau laikoa hobestea.
  • Elizaren botere politiko eta ekonomikoari egindako kritikak.
  • Ezkontza eta apaizen lanaren defentsa.

 

Hiztegia

  • Sintaxitik eta hiztegitik latinismo asko baztertu ziren, baita arkaismoak ere (esaterako, maguer, aunque).
  • Neologismoen iturri garrantzitsuenak latina eta, neurri txikiagoan, italiera, izan ziren.
  • Kultismo asko sortu ziren.
 

Zentsura

Ideia protestanteak zabaltzeko beldurrak 1558ko dekretua eta 1559an Liburu debekatuen zerrenda ekarri zituen. Aipatutako dekretuaren bidez, espainiarrei Europako zenbait unibertsitatetara ikastera joatea galarazten zitzaien; bestalde, liburu debekatuen zerrenda horretan Lutero eta beste erreformista batzuen obrak ez ezik, Erasmo eta zenbait idazle katolikorenak ere bazeuden.