XX. mendeko europar poesia (I)
- Erabat desagertu ez baziren ere, metrika klasikoen ordez bertso askea nagusitu zen.
- Poesiaren barne erritmoak errima ordezkatu zuen, hau da, esaldien joskerak eta hurrenkerak eragindako efektuak nagusitu ziren.
- Garrantzi handiagoa eman zitzaien poemaren ikus efektuei: letra larriak, hutsuneak, bertsoek osatutako irudiak.
- Sinboloa eta metafora funtsezko tresnak bilakatu ziren.
Helburua edertasuna eta harmonia iparra dituen unibertso poetikoa sortzea bada ere, poesia bide bat izango zen errealitatearen alde ilun eta misteriotsua azaleratzeko.
Mende hasierako poesia
Artean, bizirik zeuden aurreko mendeko estetikazaletasuna eta dekadentismoa, esate baterako Gabrielle d'Annunzio italiarraren kasuan (1863- 1938), baina interesgarriagoak dira orduko beste mugimendu batzuk.
- Frantzian, Mallarmeren jarraitzaileak poesia hutsa garatzen ari ziren: errealitatearen muineraino iritsi nahian, alde batera uzten zen gauzen itxura. Egilerik ospetsuena Paul Valery da (1871-1945), La joven Parca (1917) eta El cementerio marino (1922) idatzi zituena. Berarentzat funtsezkoa zen hitza zehatzak lortzea.
Era bereko klasizismo modernoa bilatzen zuen Paul Claudel (1868- 1955) eta Charles Peguyren (1873-1914) poesia kristauak eta.
Paul Valery frantsesaren poesiak kutsu intelektuala azaltzen badu ere, aldi berean sentibera, sentsuala eta musikala da, eta eragin nabarmena izango zuen geroko literaturan, 27ko belaunaldian esate baterako (36. gaia ikusi).
- Alemanian, Jugendstil izeneko estetizismo sinbolista eta inpresionista izan zen errealismoaren garailea, Stefan George gidari zuela (1868-1933). Garaiko poeta alemaniarren artean Rainer Maria Rilke da nagusia (1875-1926); Libro de horas eta Elegías de Duino idatzi zituen, eta haietan erruz ageri dira metaforak, zehaztasuna lortzeko asmoz.
- Ingalaterrako poesian, Thomas Hardyren errealismotik (1840-1928) William B.Yeats irlandarraren abertzaletasunera eta misteriora pasatu zen, aldi berean zuzena eta sinbolikoa zen idazkera batera, alegia.
- Constantin Cavafis greziarrak (1863-1933) bi gai jorratzen ditu bereziki bere poema fin eta dotoreetan: bere homosexualitateak eta denboraren joanak sortzen zioten estuasuna batetik, eta Antzinaroaren irudikatzea bestetik.
Surrealismoa Frantzian
XX. mendearen hasieran, Guillaume Apollinaire (1880-1918) aitzindaria izango zen literaturaren eta arteen abangoardietan, gerora 1918ko Caligramas liburuan jasoko zituen forma aske eta "ideograma lirikoei" esker.
Tzarraren dadaismoak eta Freuden inkontzienteak eta ametsek batera sortua, surrealismoa izango zen garrantzi handieneko mugimendua. André Bretonek (1896-1966), mugimenduaren fundatzailea eta gidari nagusiak, 1924ko Manifiesto idatzi zuen.
Hizkera poetiko berria idazkera automatikoaz eta "hilotz bikainaren" jokoaz baliatzen zen: bertsoko hitz bakoitza pertsona desberdin batek idazten zuen, eta emaitzak bitxi-bitxiak izaten ziren.
Taldeak oso bide tirabiratsua izan zuen, barne gatazken eta hausturen artean, eta Louis Aragon izan zen egoeraren erakusgarri argiena (1897-1982). Azkenean, taldea komunismora hurbiltzearen polemika piztu zen. Hirugarren olerkari handia Paul Eluard (1895-1952) izan zen, maitasunaren poeta, erromantizismoa eta abangoardia bildu zituena.
Besteengandik bakarturik agertzen da Saint-John Perse (1887-1975), idazle klasizista, dotorea eta estilo hertsikoa Anábasiseko (1924) autorea.
Abangoardia beste herrialde batzuetan
Filippo T. Marinetti italiarra (1876-1944) goiz iritsi zen abangoardietara. Manifiesto futurista idatzi zuen 1909an; onomatopeian oinarritutako estiloaz gain, eredu klasikoetatik aldendutako joskera askea erabiltzen zuen.
Vladimir Maiakovski errusiarrak (1893-1930) -poeta berritzailea, kartelgilea eta dramagilea- konpromisoa eta abangoardia elkartu zituen. Iraultza sobietarraren propagandista sutsua zen, eta Errusian bera izan zen futurismoaren bultzatzaile nagusia. Bere buruaz beste egin zuen.
Fernando Pessoa portugaldarra (1888-1935) mende horretako idazlerik handienetakoa da. Izaeraren arazoak obsesionaturik, heteronimoak asmatu zituen: gezurrezko poetak, zein bere estilo eta nortasunarekin, eta denak ala denak balio itzelekoak.
Alemaniako espresionismoa Georg Traklen poesian ageri da (1887-1912); are nabarmenago izan zen Gottfried Bennen kasuan (1886-1956), hasierako jarrera ezkorretik errealismo ironiko eta metafisikora pasatu baitzen.
Poema surrealista bat
« Hitzaren azpian
sugarrak daude
Lokamutsak oroimenaren gainetik
pirritaka
darabiltzaten
eskuak baino ikusgarriagoak
Eguzkiraino iristen
gara sorginkeriaz
Maitasunak beira
zapore mina du
Koralak dira
itsaspetik azaleratzen
Basora itzultzen
den perfume desgertua da
Gardentasuna da
bere zorrak kitatzen
Betiereko buru hori da
ezpainak goxoki irekiak
Murutik honako aldean
Eta bestean pika baten puntan akaso » A. Breton, R. Char eta P. Eluard.
William Yeats
William B.Yeats irlandarra (1865-1939; Nobel Sariduna 1923an) poetarik handienetako bat da XX. mendean ingelesez idatzi duten olerkarien artean. Beti izan zuen berebiziko interesa teosofiaren eta bere herrialdeko keltiarren ohituren inguruan. Abbey Theatreren fundatzailea eta dramagile oparoa izan zen. Irlandaren independentziaren alde agertu zen.
1945 aurreko poeta amerikarrak
Antología de Spoon River Edgar Lee Mastersek (1869- 1950) epitafio poetikoen sorta bat idatzi zuen, eta haietan sakoneko Amerikaren erretratua egin zuen hizkera errazean. Ezra Pound (1885-1972) Europan bizi izan zen batez ere, eta abangoardietako sustatzaile bizia izan zen. Poesian, herri hizkeraren erabilera artistikotik erudizio hertsi batera pasatu zen sinboloak eta ekialdeko elementuak erabiliz Cantos pisanos (1949) lanean bezala. Aipatzekoak dira, halaber, W. Stevens poeta purua (1879-1955) eta E. E. Cummings abangoardiazalea (1894-1962).
