LITERATURA

Europar antzerkia XIX. eta XX. mendeetan

XIX. mende amaieran teatro naturalista ustekabean gailendu zen eta hori izan zen antzerkigintza eraberritzeko lehen pausua. Dramaturgo eskandinaviar batzuen lanen argitalpena, lehenengo teatro taldeak sortzea, eta eszenako lehen zuzendariak agertzea, aldi berean gertatu ziren, eta hori guztiari esker antzerkigintza goitik behera aldatzen hasi zen.

Teatro errealistatik naturalistara

Teatroaren generoa izan zen modernitaterako biderako bilakaerarik geldiena egin zuena, ikuskizuna eta literatur lana baitzen aldi berean; izan ere, emanaldietarako dirua jartzen duten enpresaburuek eta ikusleek, orokorrean, ez dituzte aldaketak eta esperimentuak gehiegi atsegin.

XIX. mendearen bigarren zatian drama errealista zen nagusi. Antzerki mota honek teatro erromantikoan horren ohikoak ziren exotismoa eta historizismoa alde batera uztea lortu zuen, girotze garaikidea ezartzeko. Baina aipatu beharrekoa da «errealismo» hori oso mugatua zela, moralizatzea helburu zuten antzezlanak baitziren. Ohiko mundu burgesa erakusten zuten, pertsonengan edo bizitzaren benetako arazoetan sakondu gabe.

Teatro naturalista saiatu zen errealitatea bere horretan islatzen, horretarako gizakiaren jokabideak eta arrazoi pertsonal eta sozialak aztertuz, euren intimitatean zeuden pertsonaien erretratuen bidez. Ezaugarri horiei esker, zoritxarra, senik gaiztoenak, eta pobrezia giroak eszenaratu ziren. Horrek sekulako eskandalua sortu zuen garai hartako gizartean.

Dramaturgo eskandinaviarrak

Henrik Ibsen (1828-1906) norvegiarraren lehen lanak drama erromantikoak izan ziren eta horien artean Peer Gynt (1867) azpimarratu behar da. Geroago ideiak prosaz idatzita azaltzen ziren teatroari ekin zion eta horren ezaugarri nagusiak inkonformismo erradikala eta sakontasun psikologikoa izan ziren. Protagonistak pertsona arruntak ziren, hizkuntza natural eta erraza erabiltzen zutenak, hizkera apalaren modukoa.

Lanik nagusienak honako hauek dira: Casa de muñecas (1880), ikuspegi feministatik abiatuta, burgesen aurreiritziei kritika egiten zien gizabanakoaren benetakotasunaren izenean; Un enemigo del pueblo (1882) lanak ustelduta zegoen gizarte baten aurka sendagile ondradu batek egin zuen borroka kontatzen zuen; Espectros (1881) eta El pato salvaje (1884) liburuak drama naturalista mamitsuak ziren.

Henrik Ibsen antzerkigile norvegiarrak bere lanetan aurriritziak eta zurikeria, zailtasun ekonomikoak, eta zintzotasuna eta giza harremanen erantzukizunak landu zituen.

August Strinberg (1849-1912) suediarraren bizitza oso aldakorra izan zen; haurtzaroan behartsua izan zen eta dementzia uneak pairatu zituen. Oso kontalari ona izan zen eta bere herrialdera naturalismoa eraman zuen El cuarto rojo (1879) lanarekin.

Antzezlanak laburrak eta mamitsuak ziren eta izaera ezberdinetako pertsonen (gehienetan emakume eta gizonezkoenak) arteko aurkakotasun ankerrak landu zituen. Gizakiaren krudelkeria eta inposaketa sozialen boterea primeran azaldu zituen. Ondorengo hauek nabarmendu behar dira: El padre (1888), La más fuerte (1891), eta batik bat La señorita Julia (1888). Azken lan honetako protagonistak bere buruaz beste egiten du klasearteko amodio historia ergel baten ondorioz.

«Teatro askeak»

Estilo dramatiko berri hau talde txiki independente batzuk zabaldu zuten, enpresariek eta ikusle burgesek gaitzetsi egiten baitzuten. Talde horiek antzezle amateurrek osatzen zituzten eta ikusle talde txiki eta finen aurrean aurkezten zituzten euren lanak. Zuzendari eszeniko bat izan ohi zuten eta gero eta garrantzi handiagoa hasi zen hartzen eginkizun hori.

Lehenengoa eta guztietan entzutetsuena Pariseko Teatro Askea (1887-1894) izan zen; André Antoinek sortu zuen eta Ibsenen, Strindbergen eta Tolstoiren lanak antzeztu zituzten. Berlinen G. Brahmek ekin zion lan berari (1891-1892) eta J. Greinek «Londreseko Teatro Independentea» sortu zuen (1891-1892).

Moskuko Arte Teatroaren (1898-1917) kasua azpimarragarria da. Gehien iraun eta eraginik handiena zuena izan zen, K. Stanislavski (1863-1938) zuzendariaren antzezpen teoriei esker.

Beste dramaturgo berritzaile batzuk

Anton Chejov errusiarraren lana oso lotua dago Moskuko Arte Teatroarekin, bere antzezlan nagusiak estreinatu baitzituzten teatro horretan. Horrez gain, kontakizun laburren maisua ere izan zen.

Bere antzerkiak ia ez zuen ekintzarik eta iradokitzailea izan zela esan daiteke. Elkarrizketaren bidez izaera ezberdinen azterketa zorrotza egiten zuen eta giro ezberdinak sortu zituen. Gizakiari eta gizarteari buruz ikuspegi ezkorra zuen arren, bere ironiak eta umore senak leundu egiten zuen.

Lanik garrantzitsuenak hauek dira: La gaviota (1895), Tio Vania (1899) eta El jardín de los cerezos (1904).

George Bernard Shaw (1856-1950) irlandarra, 1925ean Nobel sariduna, kazetari polemikoa eta kritikaria izan zen antzerkigintzan lan egin aurretik. Kutsu intelektual handia zuten bere lanek ideologia arazoak eztabaidatzeko edo gizartearen ohiturak kritikatzeko idatzi zituen.

Ondorengo ezaugarriak nabarmendu behar dira bere lanean: umore sena, pertsonaien karakterizazio argia eta elkarrizketen bizitasuna. Bere lanik ezagunenak hauek izan ziren: La profesión de la Sra. Warren (1894), prostituzioa hizpide zuena; Pygmalion (1914), bere lanik ezagunena; eta Santa Juana (1923).

 

El jardin de los cerezos antzezlaneko eszena.

Gerhart Hauptmann

Narratzaile eta dramaturgo alemaniarra (1862-1946), teatro naturalistako idazle garrantzitsua izan zen. Drama ikaragarriak idatzi zituen, eta gaia langile zanpatuen zorigaitzak izan ohi ziren (Antes de la aurora, 1889; Los tejedores, 1892, greba bati buruzko talde-lana; eta El cochero Henschel, 1898) . Teatro independenteetan antzeztu zituzten eta sekulako eskandalua eragin zuten.

 

Stanislavski metodoa

Zuzendari errusiarrak emanaldietarako teknika berria proposatu zuen. Garai hartan ohikoa zen enfasi deklamatzailearen aurkakoa zen bere teknika. Pertsonaiaren sakontze psikologikoa bultzatzen zuen, antzezlea berarekin identifikatu behar zela uste baitzuen, aurretik egiten zituzten kontzentrazio ariketen bitartez. Sekulako arrakasta izan zuen eta 1945 ondorengo teatro amerikarrean eragin handia izan zuen, L. Strasbergen Actor's Studioari esker.

 

Anton Chejov

Anton Chejov (1860-1904) Literatura lanari ia kasualitatez ekin ziola esan dezakegu. Familia txiro batean jaio zen eta bere anaiak lan egiten zuen egunkari batera kontakizunak bidaltzen hasi zen ikasketak ordaindu ahal izateko. Sendagilea zenez, jendearen premia gorria ezagutu zuen eta bere lanek izan zuten arrakastari esker, literaturan soilik lan egitea lortu zuen. Tuberkulosiak gaixotuta, gazte zela hil zen.