LITERATURA

XX. mendeko poesia hispanoamerikarra (I). Abangoardismoa

Garai posmodernista baten ondoren, poesia hispanoamerikarrak abangoardismoa gogor jorratzen du. Bertako korronte bat, kreazionismoa, ere sortuz, mugimendu hori Espainiara esportatuko da. Urte horietan hiru idazle bikain nabarmentzen dira: Cesar Vallejo, Vicente Huidobro eta Jorge Luis Borges.

Postmodernismotik abangoardietara

Modernismoaren alderdi formalistak eta iheskorraren akidura nabarmena zen Ruben Darioren heriotza ostean (1916), eta Enrique Gonzalez Martinez mexikarrak (1871-1952) idatzitako lerro hauetan argi ikus daiteke:

«Tuércele el cuello al cisne de engañoso plumaje (...)

él pasea su gracia no más, pero no siente

el alma de las cosas ni la voz del paisaje.»

Benetakotasun grina da nagusi eta horrek olerkariak eguneroko errealitatea deskribatzera eta intimismoan babestera daramatza. Guzti hori oso argi ikusten da emakume olerkarien kasuan (84. gaia ikusi).

Emakume horiez gain, Baldomero Fernandez Moreno (1886-1950) argentinarraren tonu erraza, Ramon Lopez Velarde (1888-1921) mexikarraren erotismo eta intimismo erotikoa eta Porfirio Barba Jacob (1880-1942) kolonbiarraren sentimentalismo txundigarria ere aipatu behar dira.

Hogeigarren hamarkadan abangoardismoaren eragina islatzen da, errealismo tradizionala hautsiz eta forma berriak bilatuz. Juan Jose Tablada (1871-1945) mexikarrak olerki ideografiko idazten saiatu egiten du; kaligramen (78. gaia ikusi) edo japoniar haikuren (54. gaia ikusi) modura. Manuel Maples Arce (1898-1981) mexikarra estridentismoaren buru dabil. Uruguain kreolismoa sortzen da, estetika berriaren bertakotasuna balioesteko joera bezala.

Argentinan garrantzi berezia izaten du abangoardiako korronteek Proa eta Martín Fierro aldizkariei esker. Oliverio Girondok (1861-1897) hiriko errealitatearen deskribapena eginten du metafora ausartez baliatuz Veinte poemas para ser leídos en el tranvía (1922) lanean. Bestalde, A. Pellegrinik (1903-1973) eta E. Molinak surrealismoa lantzen dute.

Mexiko eta Estatu Batuen arteko mugan egindako autorretratua, Frida Kahlo, 1932.

Vallejo, bihozminaren poeta

Cesar Vallejo (1892-1938) peruarra, familia mestizo batean jaioa, letretan lizentziatu zen. Arrazoi politikoak zirela eta espetxeratu egin zuten, eta ondoren Parisa alde egin zuen. Frantzian txirotasunean murgilduta bizi izan zen eta han hil zen, beraz jende gutxi gogoratzen zela. Horren aurretik Errepublikaren alde borroka egin zuen Espainiako Gerra Zibilean.

Gai sozialak jorratzen zituen eleberri bat idatzi zuen, Tungsteno (1931), baina arrakasta bere obra poetikoarekin lortzen du:

  • Los heraldos negros (1919) lanak modernismoaren kutsu bat du, baina olerki askok metrika irregularra eta tonu arrunta dute dagoeneko. Gaiak sufrimendua eta estutasuna dira.
  • Trilce (1922): abangoardista. Formaren berritasunen bitartez deserrotze existentzial sakona adierazten du.
  • Poemas humanos (1929): hil ondoren argitaratutako bilduma honetan, poesia soziala eta Gerra Zibileko olerkiak batzen dira, España, aparta de mí este cáliz, esate baterako.

Huidobro eta kreazionismoa

Vicente Huidobro (1893-1948) txiletarra hispanoamerikako abangoardismo poetikoko ordezkari nagusia da, eleberriak eta antzerki lanak ere idatzi bazituen arren. Abangoardista nagusiak ezagutu zituen Parisen, eta Espainian ere egon zen. Espainian bere eragina J. Larrearengan eta Gerardo Diegorengan utzi zuen (34. eta 36 gaiak ikusi).

Kreazionismoa 1914an zabaltzen da Non serviam adierazpen bitartez. Korronte honek arteak natura imitatu behar duela dio ideia baztertu egiten du eta hitzaren bitartez errealitate berriak sortu behar direla defendatzen du, bitxikeriak ezabatuz eta metaforan oinarrituz.

Bere lanik garrantzitsuena Altazor (1931) da, zazpi kantuko olerki luze bat. Ikuspegi filosofiko, teologiko eta literarioak lantzen ditu etengabe lan horretan. Ezaugarririk aipagarrienak bi dira; erabiltzen dituen irudi iradokitzaile ilun eta zentzugabeak, eta hizkuntza suntsitzeko lan etengabea.

 

Vicente Huidobro denbora luzez bizi izan zen Parisen eta horren ondorioz, bere lanaren zati handi bat frantsesez idatzia dago.

Borgesen poesia

Jorge Luis Borges (1899-1986) argentinarra XX. mendeko literatur autore nabarmenetariko bat da. Lan narratibo bikainaz gain (88. gaia ikusi) hogeita hamar urtez bereizitako bi etapatan poesia ere idatzi zuen.

Espainian bizi izan zen 1918 eta 1921 artean, eta garai hartan Borges gaztea ultraismo (34. gaia ikusi) mugimenduan murgildu zen, bere itzuleran Argentinan zabaltzeko. Espresio garbia bilatu nahi izan zuen eta horretarako poesiaren indar nagusia metaforan jarri zuen. Garai horretan idatzi zituen liburuetariko batzuk honako hauek dira: Fervor de Buenos Aires (1923), Luna de enfrente (1925) eta Cuaderno San Martín (1929).

Zahartzaroan poesiari heldu zion berriro, baina orduan oso ezberdina zen estilo erraz eta jasoaz, gizakiaren misterioak aztertzeko eta narratiban landu zituen gai berak ikertzeko. Ondorengo lanok nabarmendu behar dira: El hacedor (1960), El oro de los tigres (1972) eta Los conjurados (1985).

Contemporáneos taldea

Contemporáneos (1928-1932) aldizkari inguruan olerkari abangoardista mexikarren talde garrantzitsu bat bildu zen:
C. Pellicer (1899-1977): poeta sentsual eta kolorista (Piedra de sacrificio, 1924);
J. Gorostiza (1901-1973): Muerte sin fin ( 1939) olerki filosofiko garrantzitsuaren egilea;
X.Villaurrutia (1903-1950): poeta intelektuala izan zen hau ere (Nocturnos, 1933); eta S. Novo (1904-1974): bere lanaren ezaugarri nagusia tonu ironikoa da (XX poemas, 1925).

 

Bi estilo liriko

«Arte poética

Por qué cantáis la rosa, ¡oh, poetas!,

hacedla florecer en el poema.

Sólo para nosotros

viven todas las cosas bajo el sol.

El poeta es un pequeño Dios.»

Vicente Huidobro

«Me moriré en París con aguacero,

un día del cual tengo ya el recuerdo.

Me moriré en París –y no me corro.

tal vez un jueves, como es hoy, de otoño.»

Cesar Vallejo

 

Jorge Luis Borges

Jorge Luis Borges (1899-1986) Buenos Airesen jaioa. Bere haurtzaro eta gaztaroa Europako hainbat herrialdetan igaro zuen, horien artean Espainian. Irakurle sutsua izan zen txiki txikitatik, eta hizkuntza asko menderatu zituen. Kultura zabala lortu zuen ia autodidakta bezala. Argentinako Liburutegi Nazionaleko zuzendaria izan zen baina peronismoaren aurka zegoela eta, kargua galdu zuen. Arrakasta berandu lortu zuenez, bere azken urteak mundu osoan bidaiatuz igaro zituen, itsutasuna eragin zion gaitzak jota.