LITERATURA

Hispanoamerikako narratibaren "booma" (I)

Hispanoamerikako narratibak 40ko hamarkadako eraberritzea luzatu egin da zenbait eleberrigile bikainen eskutik. Eleberrigile horiek 60ko hamarkadaren erdi aldera nazioarteko esker ona lortu dute. Errealismo magikoa abangoardiako teknikekin konbinatzen dute munduaren ikerketa ekiteko: "eleberri osoa" deritzanaren garaia da.

Errealismo berriaren garaipena

Narratzaile berri asko Europan ezarri ziren. 60ko hamarkadan, errealismo sozialaren gainbeheraren ostean, eleberria hilik dagoen generoa dela berresten da Europan. Ordea, Espainiako zenbait argitaratzailek Hispanoamerikako eleberrigile gazteak bultzatzea erabakitzen dute. Arrakasta erabatekoa da. Entzuleriak eleberri bikainak deskubritzen ditu, funts eta forma konplexukoak, istorioak kontatu eta entzuteko plazera berreskuratzen dituzten lanak.

Eleberri berriek errealitatean sakontzeko lera dute ezaugarri. Sakontasun hori itxura bera baino konplexuagoa da, irrazionaltasun, fantastikotasun eta sinbolikotasuna elkartzen baititu.

Errealitate korapilatsu hori abangoardiatik jasotako narrazio teknika konplexuen bidez adieraziko dute; askotariko ikuspuntuak, denborazko jokoak, esperimentazio linguistikoa, genero nahasketak.

Errealismo magikoaren artatzaileak

  • Juan Rulfo (1918-1986) mexikarra estilo berriaren maisu bilakatua bere ipuinekin (El llano en llamas, 1953) eta, batez ere, Pedro Paramo (1955) eleberriarekin. Gizon batek aitaren herrira egindako bidaia kontatzen du eleberrian, espazio eta denbora jokoekin, hildakoekin eta bizirik daudenekin elkarrizketan berreraikiko du protagonistaren istorioa.
  • Juan Carlos Onetti uruguaiarrak (1909-1994) fikziozko Santa Maria hirian zapuztuta eta suminduta bizi direnen berri ematen du. Existentzialismoan errotutako ikuspegi ezkor hori autorearen ipuin eta eleberrietan islatzen da (El astillero, 1961; Juntacadáveres, 1964), eta ezkutuko datuek suspentse efektu bizia eragiten dute.
  • Augusto Roa Bastos (1917) paraguaiarrak denbora luzea eman du erbesteratuta. Yo el supremo (1974) eleberria da autorearen lan nagusia, Hispanoamerikako diktadore batetan oinarritua. Beste lanen artean daude; Hijo de hombre (1960) eta Vigilia del almirante (1992).

Jorge Amado, idazle brasildarra.

Europeismo argentinarra

Borgesen irudi handiaren itzalpean, sustrai europarrak eta izaera intelektuala dira Argentinako kulturaren ezaugarriak.

  • Obra laburra izanagatik, Ernesto Sabatok (1911) ospe handia lortu du. Buruhauste filosofiko eta existentzial sakonak biltzen ditu bere lanean. El túnel (1948) lanean gainerakoekiko inkomunikazio erradikalaren aurrean hilketara jotzen duen gizonaren istorioa kontatzen du.

    Sobre héroes y tumbas (1961) iragana eta oraina elkartzen dituen egitura konplexuko eleberria da. Mundu garaikidearen makurkeria agertzen duen amodio eta bakardade istorio ikaragarria kontatzen du. Informe sobre ciegos atal luze eta liluragarria gailentzen da, kafkiarra eta surrealista.

    Abaddón el exterminador (1974) ere idatzi du, konplexutasun berekoa, baita hainbat saio ere (El escritor y sus fantasmas, 1963).
  • Manuel Mujica Lainezek (1910-1984) eleberri historikoa landu zuen, denboraren eta endekapenaren ideiak obsesionaturik. Bomarzo (1962) lanean xehetasunez birsortzen ditu Berpizkunde italiarraren azpijokoak; El unicornio (1965) Erdi Aro fantastikoan dago girotuta.
  • Adolfo Bioy Casares (1914-1999) Borgesen laguna eta lankidea. Ipuin eta eleberrietan fantastikotasunarengatiko zaletasuna islatzen du (La invención de Morel, 1940; Diario de la guerra del cerdo, 1952).
 

Ernesto Sabatok (1911) fisikako ikasketak egin zituen Parisen. Bertan ezagutu zuen surrealismoa. Krisi existentzial baten ostean, zientzia albo batera utzi zuen idazle aritzeko. Bere ospe moral eta intelektualari esker Argentinako diktadura militarraren krimenak aztertu zituen batzordearen buru izan zen.

Cortazarren errealismo fantastikoa

Julio Cortazar argentinarrak (1914-1984) Parisen eman zituen bere bizitzako urterik luzeenak. Hala ere, gertutik jarraitu zuen Hispanoamerikako gatazka politiko eta sozialak, eta beti defendatu zituen iraultza kubatarra eta sandinista.

Esperimentalismo formal erradikala eta buruhauste existentzial eta sozio politikoak dituen gizaki garaikidearen inguruan egindako azterketa dira bere eleberrien ezaugarri nagusiak. Fantastikotasuna da nagusi Los premios (1960) lanean; Libro de Manuel (1974), berriz, collage teknika erabiliz diktadurei egindako kritika da.

Rayuela (1963) da autorearen eleberri nagusia, literatura hispanoamerikarraren lan klabea. Sekuentzia solteetan egituratuta egoteak hainbat irakurketa egiteko bidea ematen du, eta ondorioz, baita interpretazioak ere. Teknika horretaz baliatuz, hobeto azaldu nahi ditu kaosa eta gure bizitzaren zoria, baita artistaren eta sortutakoaren arteko erlazioa ere.

Ipuinak dira bere lanik onenak (Bestiario, 1951; Final de juego, 1956; Todos los fuegos el fuego, 1966). Horietan estilo anbiguoa, ironikoa eta aldi berean samurra, fantastikotasuna eta ardura egunerokotasunaren erdian sortzen dira. Liburu nahasiak ere idatzi ditu (Historias de cronopios y de famas, 1962; La vuelta al día en ochenta mundos, 1967), umorismo berezi eta garratza uztartuta.

XX. mendeko eleberri brasildarra

Mario de Andrade abangoardista (1893-1945) Macunaíma (1928) eleberri surrealista eta ospetsuaren egilea da. Joâo Guimarâes Rosak (1908-1967) teknika abangoardistak eta errealismo magikoa erabiltzen ditu Gran sertón: veredas (1956) laneko desertu mitikoaren espazioa deskribatzeko. Jorge Amadok (1912-2001) kritika sozialeko narratiba (Capitanes de arena, 1937) eta eleberri poetiko eta fantastikoak (Gabriela, clavo y canela, 1958; Tieta do Agreste, 1977) uztartu zituen. Clarice Lispector (1925-1977) ondorengoa da.

 

José Lezama Lima

José Lezama Lima (1912-1977) kubatarrak bere poesia trinko eta itxia islatu zuen Paradiso (1966) bere "nobela osoan". Prousten eraginez bere protagonistaren ibilbide espirituala deskribatu zuen, galdutako haurtzaroaren bila. Estilo barrokoa darabil, irudimen handikoa eta metafora ugarirekin.

 

Cortazarren zenbait ipuin

Casa tomada lanean modu misteriotsuan okupatu dituzte etxe bateko gelak, harik eta jabeak etxetik bertatik bota arte. La noche boca arriba lanean ametsa eta errealitatearen arteko bizimodu bikoitza daraman protagonista dakar, gaur egun, bizia emango duen gerlari azteka gisa. Continuidad de los parques lanean, polizi nobela bateko irakurleak kontatutako krimenean nahasita ikusiko du bere burua.