«« Itzuli
Rosendo eta Barricada La Casilla pabilioian arituko dira gaur Aurora Beltranekin batera

2008/05/09
Bilboko La Casillako udal pabilioiak "Otra noche sin dormir" deritzon birako hirugarren kontzertua hartuko du gaur, 21:00etan. Bertan, azken hamarkadetan gaztelaniaz egindako rock onenaren hiru beteranok -Barricada eta Aurora Beltran nafarrek eta Rosendo madrildarrak- beren indarrak batuko dituzte hiru ordu luzez abestiak partekatu eta elkartrukatzeko.
Barricada eta Rosendo aspaldiko kideak dira, hainbat agertokitan batera aritu izan direlako. Hala ere, bira martxan jartzeko ideia Rosendo Get In kudeaketa bulegora, talde nafarrak duen berera, pasatu zenean sortu zen. Geroago, Aurora Beltran (Tahures Zurdos ohia) batu zitzaien.
"Otra noche sin dormir" apirilaren 4an hasi zen Donostian, eta, ondoren, apirilaren 19an Kataluniako L'Hospitalet herrira heldu zen. Beraz, birako hirugarren geraldia izango da gaur Bilbon egingo dena. Baieztatuta dauden beste data batzuk honako hauek dira: Zaragozan eta Elxen, maiatzaren 16an eta 23an, hurrenez hurren; ekainaren 28an, Iruñeko Anaitasuna pabilioian; uztailaren 12an, Murtziako San Pedro del Pinatar herrian; eta irailaren 26an, Madrilen. Gasteizen, berriz, Andre Maria Zuriaren jaietan joko dute.
Biraren ezaugarrietako bat parte-hartzaileek erakusten duten adiskidetasuna da, emanaldian zehar talde bakoitzak bere eta besteen abestiak kantatzen baititu. Ikuskizunean zehar entzun ahal izango diren abestien artean "Agradecido", "No hay tregua", "Manifiesta deprimente", "Muerte ven", "Pan de higo", "Loco por incordiar", "Contra la pared", "Oveja negra", "Deja que esto no acabe nunca", "Animal caliente" edota "Lentejuelas" daude. Agur gisa, bertararatuko direnek Leñoren "Maneras de vivir" mitikoaz gozatu ahalko dute.
(Argazkia: www.manerasdevivir.com)
