«« Itzuli
Erreportajeak
Gaztelupetik hots berriak datozkigu udaberri honetarako







Gaztelupeko Hotsak diskoetxeak hainbat nobedade ditu prestatuta udaberrirako. Batzuk dagoeneko argitaratuta daude, besteak beste, Morauren Kalamidadiak, Karelean taldearen 56 gelatik edota Joserra Senperenaren Dardaren interpretazioa, eta beste batzuk, aldiz, bidean dira. Argitaratzeke daudenen artean, hainbat musikarik egindako Gainsbourg gainbegiratuz izeneko omenaldi-diskoa, Julian Kanevsky gitarra-jotzailearen Kanevsky diskoa, Victor Aneiros Band galiziarraren Héroe secreto edota Esne Beltza taldearen lehendabiziko lana daude.
2008/04/30
2006an Serge Gainsbourg musikariaren heriotzaren hamabosgarren urteurrena bete zenean, Juan Carlos Landa donostiarrak artista frantziarraren jarraitzaileak bildu nahi izan zituen omenaldi bat prestatzeko. Hortik abiatu zen Gainsbourg handiaren kantuak lehen aldiz euskaraz entzun ahal izateko ekimena. Ez zen denbora nahikorik egon proiektu hura gauzatzeko, baina egitasmoa baztertu gabe, proiektua handituz joan zen, azkenerako Gainsbourg gainbegiratuz diskoan gorpuztu dena. Bilduman hainbat musikarik parte hartu dute, horien artean daude Gari, Diego Vasallo, Rafa Berrio, Txuma Murugarren, Luisa Etxenike edota Jone Gabarain.
Héroe secreto deitzen da Victor Aneiros Band gitarra-jotzaile galiziarraren laugarren emaitza. Lan horretan jazza, rocka eta funkyaren arteko elkarketa entzun daiteke, betiere bluesa bizkarrezur dutela. Egunkarietako berrietatik jasotako letrekin batera, Rosalia de Castro, Luis Pimentel, Amado Carballo eta Curros Enriquez galiziar klasikoen letrak ageri dira, eta baita garaiko egile batzuenak ere. Rory Gallagher eta Jimi Hendrix modukoen eragina ezkutatu gabe.
Julian Kanevsky argentinarrak Kanevsky izenburupean kaleratu duen lehen diskoan, aldiz, XX. mendeko musikari egindako omenaldien batura aurki dezakegu. Bilduma estilo nahaspila zaporetsua eskaintzen duten bederatzi kantu laburrez osatuta dago, eta bertan entzugai daude, besteak beste, erritmo latinoak, pop musika, blues akustikoa, rocka, eta abar.
Esne Beltza euskal taldearen kasuan ere grabatu duten estreinako diskoa da. Hamaika agertoki eta taldetan aritutako musikariak dira banda hau osatzen dutenak (Fermin Muguruza, Joxe Ripiau, Su ta gar, Mal de Ojo, Etzakit...). Xabier Solano gidari dutela euskal musika panorama ska, ragga eta elektronika nahastuz astintzeko asmoarekin etorri dira.
Bestalde, musika afroamerikarra egiten duen 3000 Hombres bandak Music Mass Construction deituriko laugarren fruitua aurkeztuko du. Musika beltzaren kantu klasikoen bertsioak egiteko La Vacazul taldeko kideen proiektu paralelo gisa sortu zena, haziz eta sendotasuna irabaziz joan da, eta, zuzenean grabatu duten lehenengo lan honetan, taldearen azken bi urteetako emanaldien laburpen modukoa eskaintzen dute.
Euskal musikarien hariari berriro helduz, Kemen Lertxundi Ondarroako abeslaria eta letra-egilearen lehen kaleratzea ere aipatuko dugu. Galdutako zubixak izenburupean, modu akustikoan eta taldearekin grabatutako kantuak biltzen dira, bere poemak jasotzen dituen liburuxkarekin batera.
Jimmy Bidaurreta musikari donostiarrak ere, hainbat taldetan pianista eta teklatu-jotzaile gisa aritu ostean, bakarkako ibilbidea estreinatzen du mundu zabaleko soinu etnikoak eta elektronika uztartzen dituen Ethnictronic World Trip lanaren bidez.
Ez dira hor bukatzen Gaztelupeko Hotsakek berehalakoan aterako dituen berritasunak. Egoera horretan dago The Maharajas talde suediar beteranoaren In Pure Sprite izeneko laugarren albuma. Argitarapen berria duten beste batzuk The Blind Lemons taldekoak dira. Southside Gunbo deritzo euren lan berriari. Rock bizia egiten duten Tiger! Tiger! estatubatuarrek ere emaitza berria dute, The Kind of Goodnight da haren izena. Bestalde, Los Reyes del KO taldekoek Live in Berlin zuzenekoa argitaratuko dute.
(Argazkiak: Gaztelupeko Hotsak)
