«« Itzuli
Erreportajeak
2005, urte oparoa euskal kantautoreentzat






Euskal kantautoreek oihartzun handia izan dute 2005ean. Benito Lertxundik, Mikel Laboak, Jabier Muguruzak, Mikel Urdangarinek, Pier Paul Berzaitzek eta Urkok, besteak beste, diskoa argitaratu dute. Euskadin egindako musika protagonista izan da eta izango da 2006. urtean.
2005/01/05
40 urtez ikasten egonak (Benito Lertxundi)
Euskal kantari enblematikoenetakoa da Benito Lertxundi, eta kantatzen hasi zenetik 40 urte pasa direnean, Gernikan eta Tolosan zuzenean grabaturiko disko bikoitza aurkeztu du.
Oraingo taldeak lagunduta (Juantxo Zeberio, Pello Ramirez, Angel Unzu, Olatz Zugasti, Fernando Ederra, Kutxo Otxoa eta Jose Mari Irastorza), musikariak, egindako ibilbide luzea errepasatu du lan horretan. Gainera, kantu berri bi ere sartu ditu kantari gipuzkoarrak lanean: "Itsasoari begira" eta "Itoitz".
Xoriek 17 (Mikel Laboa)
Aurrekoetan bezala, distira, identitatea eta herri-modernitatea antzemate zaizkio donostiarraren lan berriari. Kantautoreak bi inspirazio iturri izan ditu: alde batetik, txorien mundu oniriko eta metaforikoa eta, bestetik, Joyce, Billi Holliday, Bretch eta beste hainbat autore. Oraingoan, gainera, euskaraz, frantsesez, italieraz eta gaztelaniaz abesten entzuteko aukera izango da.
Lana, beraz, hiru zatitan banaturik dago: txoriei eskainitakoa, bost abestirekin; In memoriam deitutakoa, Billie Holliday, James Joyce, Ataualpa Yupanqui eta Jacques Brelen omenez eta lau abesti independente.
Abenduak 29 (Jabier Muguruza)
Kantautore gisa aritu den zortzigarren lana izango den horretan, Muguruzaren ahotsarekin eta akordeoiarekin batera, Angel Unzuren gitarra akustikoa eta Mireia Otzerinjauregiren ahotsa entzun ahal dira.
Testuak idazteko, ohiko kolaboratzaileen laguntza izan du Muguruzak: Bernardo Atxaga, Iñaki Irazu, Jose Luis Padron eta Gerardo Markuleta, besteak beste. Gainera, diskoak entzute handiko euskal poeta batzuen ekarpenak ere jaso ditu, horien artean, Harkaitz Canorenak eta Kirmen Uriberenak. Aurreko lanetan bezala, kantautorearen beraren testuren bat ere aurkitu daiteke diskoan.
Dana (Mikel Urdangarin)
Aurreko lanak baino erritmo biziagoa duen, eta eklektikoagoa eta elektrikoagoa den bilduma honekin, garai berri bati ekin diola adierazi du Urdangarinek, denbora batez isilik egon eta gero.
Bingen Mendizabal, Rafa Rueda, Fernando Sayela, Pablo Tato, Mikel F. Krutzaga, Koldo Uriarte eta Pello Ramirez musikarien laguntza izan du Mikel Urdangarinek azken lana egiteko.
Lili baten kantorea (Pier Paul Berzaitz)
Berzaitz duela 35 urte hasi zen kantatzen Müsküldin (Zuberoa) jaiotako zuberotar tradizioaren maitale sutsu hau. Azken diskoa Baratze bat, berriz, orain dela bost urte kaleratu zuen. Horrez gainera, pastoralak idazten eta produzitzen lan handia egin du; Elkano da ezagunena.
La Trini (Urko)
Donostiako Trinitate plazan 2004ko abuztuan grabatutako kontzertua diskoan bildu du Urko abeslariak. Horren bidez, duela 30 urte leku berean eskaini zuen kontzertuarekin hasitako zikloa amaitu nahi du Joxean Larrañagak, Urkok.
Bere bizitzako ziklo bat itxi omen zuen kontzertu horretan eta Gorka Knorr askotan berarekin ibilitako laguna alboan izan zuen. Imanol Larzabal ere gonbidatuta zegoen eta, ordurako gaixorik zegoen arren, joan egingo zela agindu zion Urkori, baina bidean heriotzak harrapatu zuen. Horrexegatik "Gure artetik izkutatuak" hari eskainitako kanta abestu zuen Urkok kontzertuan.
Hogeita hamar urte kantuan (1975-2005)(Gontzal Mendibil)
Hogeita hamar urte kantuan (1975-2005) bilduma duela hilabete bat kaleratu zuen eta Mendibilen ibilbide musikala birpasatzen du. Bertan sartu dituen 45 abestietatik "Ene maitia", "Santutxuko aldapan", "Merezi ote" edo "Abandoko geltokian" bezalako abestiak nabarmentzen dira, besteak beste. Horietaz gain, kanta berri bat ere sortu du: "Gorbeiako haizea".
