TEKNOLOGIA BERRIAK

Telelana eta telemedikuntza

Edozein artikulu erosteko, bidaiak prestatzeko, bankuko transakzioak edo gestio burokratikoak egiteko eta abarrerako aukera ematen dizu sareak. Egun, ezagutzeko dagoen mundu bat da sarea. Etxetik bertatik lan egiteko edo medikuari kontsulta egiteko aukera ere ematen du.

Telelana

Telelana izeneko jarduera profesionalari dagokionez, langileak ez du bulego batean lan egiten eta informatika- eta telekomunikazio-tresnak ditu bere enpresarekin kontaktuan jartzeko. Interneti esker etxetik egin daiteke lan, eta, ordenagailu pertsonala edukiz gero, sarearekin konexioa daukan edozein lekutik. Euskal Herrian horretarako prestatuta daude telezentroak, Bizkaian eta Nafarroan.

Kasu honetan, Internet da enpresaren eta langilearen arteko lotura, eta horrek lan-harreman berri bat sortu du. Enpresak merkatu egiten ditu produkzio-kostuak, ez baitauka egoitza handi baten beharrik, eta lantokirako bidean orain arte pasatzen zuen denbora irabazten du langileak.

Telelanak hainbat abantaila ematen dizkigu:

  • Onura ekonomikoa enpresarentzat: ez du leku fisikoa antolatu beharrik langileentzat.
  • Onura ekonomikoa langileentzat: desplazatu beharrik ez dago.
  • Etekin handiagoa: azken ikerketek erakutsi dutenez, laneko girorik onena norberaren etxea da, han eraginkorragoa baita langilea.
  • Denbora libre gehiago langilearentzat, ez baititu ordutegiak bete behar, eta ezta leku jakin batean lan egin behar ere.

Telemedikuntza

Osasunaren Mundu Erakundeak honela definitzen du telemedikuntza: "Informazio eta komunikazio teknologiak erabiliz, urrutitik osasun-zerbitzuak banatzea, eta osasun-langileek informazioa trukatzea eritasunak edo kalteak diagnostikatzeko, tratatzeko eta aurreikusteko, eta ikertzea eta ebaluatzea; baita osasun-langileen prestakuntza jarraiturako ere. Hori guztia, gizabanakoaren eta gizartearen osasuna hobetzeko helburuarekin egiten da".

Espaziora egindako lehenbiziko bidaiekin batera garatu ziren teknologia hauek, urrutitik astronautak sendatzeko eta espazioan laguntzeko, ondoan medikurik eduki beharrik gabe. Horrela jaio zen telemedikuntza. Komunikazioen teknologia berrien aurrerapenei esker bidal ditzakegu datuak, seinale biologikoak edo irudiak, baita hiru dimentsiokoak ere, sareari konektatutako telefono-linea baten bidez.

Gaur egun, telemedikuntzari esker gainditu dugu atentzio medikoaren muga, eta zerbitzu espezializatuak, larrialdien gestioa, eta kontsultak eta ebakuntzak sendotu ditugu. Telemedikuntzarekin errazagoa da gaixoaren bizi-kalitatea hobetzea, etxean dagoela kontrola baitaiteke, haren segurtasuna eta lasaitasuna handituz.

Informazioaren eta komunikazioaren teknologiei esker, espezialisten artean ezagupenak trukatu eta taldean aritu daitezke lanean urrutitik, diagnostikoak egiterakoan adibidez, teknikak trukatuz, eta momentuan bertan ebakuntza kirurgikoak eginez. Hori dena, bideo-konferentziak ahalbidetzen du eta gero eta erabiltzaile gehiago ditu bateko eta besteko sektoreetan. Aurrerapen horien ildotik ezarri da Estatuan Telediagnostiko Sare bat Osasun Sistema Nazionalarentzat, INFOMED edo Osasun Sare Telematikoan oinarritua.