Seguritatea Interneten
- TEST: Zer da zer?
- ANIMAZIOA: Badakizu nola funtzionatzen duen birus-kontrakoak?
- TEST: Egia edo gezurra?
- EXTRA: Birusak saihesteko aholku erabilgarriak
- EXTRA: Aplikazio motak
Interneten bidez, oso informazio-kopuru handia jaso dezakegu eta munduko edozein tokitara bidaia daiteke sagua erabiliz. Hala ere, sareak baditu bere arriskuak. Izan ere, sarera konektatzen garenean ate bat irekita uzten dugu ordenagailuan, eta ate horretatik, eduki erabilgarri eta aberasgarriez gain, beste eduki arriskutsuagoak, hala nola, informatika-birusak ere sar daitezke.
Birusak norbaitek sortutako programak edo programazio-kode baten zatiak dira, eta norberak horren berri izan gabe bere ordenagailuan sartzen dira, sistema hondatzeko. Egun, birus gehienak posta elektronikoko mezuen bidez hedatzen dira.
Birus informatiko guztien artetik, harrak esaten zaienak nabarmentzen dira. Etengabe ugaltzen dira, eta ordenagailuko memoriaren zati gero eta handiagoa hartzen dute, ordenagailua erabileratik kanpo utzi arte.
Normalean, har motako birusak posta elektronikoko mezu bateko fitxategi erantsi bat irekitzean aktibatzen dira. Hala ere, birus batzuk, Frethem.J birusa esaterako, auto-exekutatzeko gai dira. Beste har batzuk famatuak dira zoritxarrez, hala nola Nimda edo Anna Kournikova.
Informatika birusak
Informatika-birusen egileak sorkuntza berriak asmatzen eta hedatzen saiatzen dira egunero. Bestalde, hacker deritzenak enpresen eta erakundeen segurtasun-neurriak urratzen saiatzen dira, bai beren egoagatik eta nabarmentzeko gogoagatik, eta bai gaiztakeria hutsagatik ere.
Nolanahi ere, adi egon behar dugu, eta gure ordenagailua eta lana hondatzerik nahi ez badugu, zenbait neurri hartu behar dira.
Antibirusak
Gure ordenagailuan gordetzen ditugun fitxategiak babesteko, beharrezkoa da birusen aurkako programa bat instalatzea. Horrelako programak disko gogorreko birusak aurkitzeaz arduratzen dira, gure ordenagailua beraietatik aldentzeko eta aurkitzean ezabatu egiten dituzte (ezagutu egiten dituzte eta "antidotoa" eskaintzen dute).
Nolanahi ere, birusen sortzaileek atsedenik hartzen ez dutenez, birusen aurkako programa eguneratuta eduki behar da, hau da, birusen aurkako azken txertoak (birusen aurkako sinadurak) eduki behar dira, gure ordenagailua beraietatik aldentzeko.
Egun, birusen kontrako programa horietako asko automatikoki eguneratzen dira. Horretarako, Internetera konektatu eta dagokien partxea behera kargatuta eduki beharra dago.
Suebakiak
Era berean, komenigarria da suebakia (firewall) instalatzea, hots, baimenik gabeko sarbideak saihesteko sortutako sistema instalatzea. Hasieran, enpresek baino ez zituzten jartzen beren intranetak eta informatikako barne-sareak babesteko suebakiak. Orain, ordea, erabiltzaile partikularrei ere gomendatzen zaie halakoak instalatzea, Interneten gero eta birus gehiago baitaude. Birusen kontrako bertsio berrienek suebakiaren funtzioak dakarte jada.
Suebakiak hardware, softwareko edo bietako baliabideak izan daitezke. Sistema horiek ordenagailuan sartzen edo ordenagailutik irteten diren mezuak aztertzen dituzte, eta aldez aurretik zehaztutako segurtasun-irizpideak betetzen ez dituztenak blokeatu egiten dituzte. Era berean, suebakien teknika ugari daude eta sistema bakar batean konbinatuta ere aurki daitezke.
Posta elektronikoaren edo FTParen bidez informazioa igortzeko momentuan babes-maila handiagoa lortzeko datuak enkriptatu egin daitezke.
Sinadura digitala
Interneteko elkarreraginaren ondorioz, askotan datu pertsonalak eman behar ditugu produktuak eskuratzeko edo zerbitzuak kontratatzeko. Horrek datu pribatu horien geroko erabileraren kontrola galtzea ekar dezake, adibidez, datu-baseen komertzializazio bidegabea.
Horregatik, bada, kasu handia egin behar zaie web orrietan eskainitako konfidentzialtasunari buruzko adierazpenei, eta horiek Datu Pertsonalak Babesteari buruzko Lege Organikoan eta Informazioaren Gizarteko Zerbitzuen Legean jasota daude.
Internet bidezko merkataritza-salerosketen segurtasunari dagokionez, datuak zifratzearen garrantzia nabarmendu behar da. Ildo horretan, hainbat algoritmo-sistema edo zifratze-programa daude, fitxategi automatizatuen informazioa enkriptatzeko. Zifratuaren erabilera horietako batzuk banaketa askekoak dira, GNU Privacy Guard adibidez, badira disko zifratuak sortzen dituzten programak, hala nola PGP 8.0. Programa horiek zifratutako dokumentuak sistematikoki biltegiratzeko gaitasuna dute.
Bestalde, PGP mail bezalako programekin zifratutako mezuak trukatu egin daitezke. Era berean, sinadura digitala bezalako elementuek segurtasuna eta baliagarritasuna gehitzen diete on line eragiketei.
Sinadura digitala edo elektronikoa dokumentuen egilea edo egileak formalki identifikatzen dituen autentifikazio kodea da eta ziurtagiri digital aitortuan oinarritzen da (egiaztatutako ziurtagiriak ematen dituen zerbitzu emaileak igorria) eta gailu seguru baten bidez eta sinadura sortzeko ziurtagiriaren bidez ekoiztu da. Idatzizko sinaduraren balio juridiko berdina du eta auzitegi batean probatzat onartzen da. Prozedura erraza da:
- Sinatzaileak (bere izenean edo ordezten duen pertsona fisiko edo juridikoaren izenean jarduten duen pertsona fisikoa) gailu batekin sinatzen du. Normalean, txip bat duen txartel adimendun bat izaten da, eta gailua ordenagailuan dagoen irakurgailuan sartu eta giltzarria, hau da kriptografiako kode pribatua, tekleatu egin behar da.
- Informatika-programa baten bidez, ordenagailuak pertsona horren sinadura kalkulatzen du (matematikako algoritmoa) eta dokumentuan sartzen du.
- Digitalki sinatutako dokumentuaren hartzaileak sinatzailearen sinadura egiaztatu beharko du, gailu jakin baten bidez eta kodeak eta klabe kriptografiko publikoak dituen ziurtagiri digitalarekin.
