TEKNOLOGIA BERRIAK

Euskadi on-line

Aldaketa teknologiko, ekonomiko, sozial eta politikoek bultzatutako transformazioek gure gizartean aldaketa sakonak eragin dituzte. Ondorioz, Eusko Jaurlaritza euskal gizartea egoera berrira lehenbailehen egokitzeko ahalegina egiten ari da, beste organismo publiko eta pribatu batzuen laguntzarekin. Testuinguru horren barnean kokatu behar da "Euskadi Informazio Gizartean" plana, hainbat esparru biltzen dituen plan zabala: hiritarrak, enpresak eta Administrazioa.

Planaren helburu orokorra horrela adierazia dago: "Euskal gizarteak egoera berrira egokitu nahi du, aldaketa kulturalen mesedetan eta teknologia berriak pertsona guztien eskura ipiniz. Modu horretan, bizi-kalitate hobea, gizartearen oreka eta ekonomiaren aberastasuna lortuko litzateke."

Euskadi Plana Informazioaren Gizartean planak hamar jarduera ildo ditu.

  1. Internet guztiontzat.
  2. Enpresa digitala.
  3. Administrazioa on line.
  4. Euskadi sarean.
  5. e-Prestakuntza.
  6. e-Osasuna.
  7. Edukien sektorea.
  8. Azpiegiturak.
  9. Teknologia.
  10. Araudia.

Lehenengo ekimena, Internet guztiontzat, Euskadiko biztanle guztiei zuzenduta dago. Bere helburu nagusia euskal herritarrak bai informazioaren teknologien eta bai hedabideen onuraz jabetzea da eta horien erabilera bultzatzea da.

Helburu hau heziketa-maila altua duen gizarte batean kokatzen da.

Heziketa-maila Biztanleria
Lehen Hezkuntzan %45,85
Lanbide-heziteta %14,62
Unibertsitate ikasketak %15,44

Iturria: EUSTAT, 1996. urteko Biztanleriaren eta Etxebizitzaren estatistikak.

Plan honetan jasotzen diren programek herritarren parte hartzea bultzatu nahi dute, etorkizuneko gizarteko protagonista aktiboak bilakatzeko. Teknologia berriak jendea gizartetik kanpo gelditzeko arrazoi izatea ekidin nahi da.

Orain arte sortutako programak:

Enpresa digitala

Euskadin jada sortuta dauden enpresei eta hastear daudenei zuzendutako proposamena da, planaren bigarrena. Helburua Informazioaren eta Komunikazioaren Teknologiak enpresaren ekintzetan aplikatzea da, batez ere enpresa txiki eta ertainetan. Horrela, teknologia berriek Euskadiko sektore ekoizleen banaketan parte hartuko dute; euskal enpresek lehia handituko dute eta ekimen eta ekintza ekonomiko berriak sortuko dira.

Ekonomia digital berriak aldaketak eragin ditu arlo guztietan. Ondorioz, euskal herritarrek informazioaren gizartera egokitu behar izan dute beren kultura eta lan egiteko modu. Horrela bada, negozio, bezero, merkatu eta enpresa berriak aurkituko dira.

Orain arte gauzatu diren programak:

Administrazioa on line eta Euskadi sarean

Administrazioa on line

Programa honen helburua teknologia berriak euskal administrazioei egokitzea da. Modu horretan, zerbitzu egokiagoa eta eraginkorragoa eskainiko lieke bai enpresei eta baita herriari ere. Administrazioen arteko elkarlana eta koordinazioa hobetzeko teknologia berriak erabiltzea ezinbestekoa da, zerbitzu hobea eskaintzeko eta informazioa modu hobean hedatzeko.

Informazioaren gizartera egokitzeaz gain, administrazioek hiritarren, enpresen eta hainbat erakunderen teknologia berriekiko interesa handitzen dute.

Euskadi sarean

Euskal kulturaz interesa dutenei zuzentzen zaie ekimen hau, nahiz Euskadikoak nahiz munduko edozein tokikoak izan. Hots, Euskadi barnean eta kanpoan "Euskadi marka" sustatzeaz arduratzen da.

Helburua, edozeinek, edonon egonda ere, Euskadiri buruzko informazioa interneten bidez modu errazean lortzea da, euskal kultura, hizkuntza... Horretarako, "Euskadi sarean" egitasmoak Euskadiren irudia potentziatzen du, eta euskal kulturari buruzko berriak hedatzen ditu sarean. Horrez gain, euskararen presentzia eta erabilera handitzen du Interneten.

Internetez baliatuz, Euskadi munduaren aurrean leku erakargarri gisa agertzen da, ezaugarri propioak dituela adieraziz: kultura, nortasuna, hizkuntza eta historia.

e-Prestakuntza, e-Osasuna eta Edukien sektorea

e-Prestakuntza

Prestakuntza bat jaso nahi dutenei zuzendutako ekimena da, hezkuntza-sistemaren barnean egon nahiz kanpoan egon. Honen asmoa hezkuntza-sistemaren azpiegiturak hobetzea da, teknologia berriak irakaskuntza-zentroetara eramanez. Horrela herritar guztiei luzatzen zaie prestakuntza edukiak.

e-Osasuna

Euskal Osasun Zerbitzu Publiko eta Osasun Saileko langile eta erabiltzaileei zuzendua dago egitasmo hau. Informazioaren eta Komunikazioaren Teknologiak osasun zerbitzuetan aplikatu dira eta osasun-zentroen funtzionamendua hobetu egin da, bai erabiltzaileei dagokionez eta baita osasun-erakundeen koordinazioari dagokionez ere. Aplikazio horrek etorkizunari begira aukera asko eskaintzen ditu.

Helburu nagusia profesional, gaixo eta gainerako erabiltzaileen arteko harremanak hobetzea da.

Edukien sektorea

Euskadiren eduki kulturaletan interesa duten sektoreei zuzenduta dago atal hau. Honen xedea, edukien eta Internet zerbitzuen eskaintza handitzea da, batik bat, bertako edukiak dituzten zerbitzuena. Informazioaren Gizarteak, besteak beste, eduki horiek erabiltzaileengandik gertukoak eta erabilgarriak izatea bilatzen du.

Azpiegiturak, teknologia eta araudia

Azpiegiturak

Informazioaren gizarte berria telekomunikazioen azpiegituran oinarrituta dago. Azpiegitura hauei esker lortzen du jendeak Internetek eskaintzen dituen informazioa eta zerbitzuak eskuratzea.

Izaera publikoa duten ekimenak gainerako agente inplikatuekin harremanetan daude, eta oso garrantzitsuak dira informazioaren teknologiak eta komunikazioak herrialde guztian hedatzeko.

Proposamen honen baitan plan bat eratu da. Horren arabera, herrialde guztian banda zabaleko azpiegitura edukiko dugu, eta baita I+D zentroekin erlazionatutako planak ere.

Teknologia

Informazioaren Teknologian eta Komunikazioetan aurrerapen eta aldaketa etengabeak abiadura handian eman dira eta horiei egokitzeko saiakera handia egin behar da. Euskadiko informazioaren gizartearen eta digital aroaren egokitze prozesua azkartzeko beste sektore batzuetan garatu den berrikuntza eta aplikazioa esanguratsuak dira.

Testuinguru honetan kokatu behar dugu, halaber, Zientzia, Teknologia eta Berrikuntza Plana. Euskadin ezagutza zientifikoa eta teknologikoa sortzeko eta aplikatzeko, plan honen urratsak jarraitu behar dira.

Araudia

"Euskadi Informazioaren Gizartean" planaren helburuekin estuki erlazionatuta daudenez gero, erakunde publikoek informazioaren gizartearen erronka eta eskaerekin bat datorren araudi bat egiteko beharra izango dute.

Plan honek, garai digitalean teknologi berriez mehatxatuta egon daitezkeen oinarrizko eskubideak ziurtatu nahi ditu, hala nola pribatutasuna, segurtasuna eta askatasuna.

Kolektibo kaltetuentzako ekimenak

Kolektibo kaltetuei zuzendutako ekimen hauen artean Emaweb eta Lanbidenet nabarmentzen dira.

Emaweb lan-merkatutik kanpo dauden 35 urte baino gehiagoko emakumeei zuzenduta dago. Hauek Interneten erabileran trebatzeko aukera dute. Helburua, informazioaren gizarteak jar ditzakeen mugak gainditzea litzateke; sektore hau lan ordainduaren munduan sartu ahal izateko.

Lanbidenet sarean aurkitzen den zerbitzu-multzoa da. Zerbitzu hauek langile bila dabiltzan enpresei zuzenduta daude, baita lan bila dabilen jendeari ere. Honako zerbitzu hauek eskaintzen ditu: Interneteko ikastaroak, Konekta Zaitez, lan eta formaziorako intranet... Horien artean Langai dugu aipatzekoa. Iniziatiba honen bitartez lana eskaintzen eta bilatzen dutenen arteko harremanak erraztu nahi dira.

Estatistikak

2000 urteko azaroan Eusko Jaurlaritzak dirulaguntzak luzatu zituen Interneterako konexioa zuten ordenadoreak erosten zituen jendearentzat. Laguntza ordenagailuaren prezioaren %20,5ekoa zen. Kanpaina horrek 2002. urtean bukatu zuen, ekimen horri esker euskal biztanle askok ordenagailua dute bere etxean eta interneten surf-atzeko izanez.

Kontzeptua 2001 (4. hiruhilekoa) 2005eko helburua
Etxean ordenagailu pertsonala duten familiak %43,5 %65
Etxean telefono mugikorra duten familiak %69,2 %80
Etxean Internetera sartzeko aukera duten familiak %24,1 %60
Interneten erabiltzaileak %29,2 %65
Posta elektronikoa erabiltzen duten erabiltzaileak %49 %60
Merkataritza elektronikoan jarduten dutenak %16,9 %35
55 urtekoak eta hortik gorakoak %15,1 -%3
Lehen mailako hezkuntza dutenak %15,3 -%3
Lanik egiten ez dutenak eta langabetuak %19,3 -%3

Iturria: "Euskadi Informazio gizartean" plana.

Enpresei dagokionez, planaren eraldaketa proposamena aurreratze handia izango da teknologia berriak erabiltzeko 2005. urtean.