Bulegotika
- TEST: Egia edo gezurra?
- EXTRA: Tinta elektronikoa
- BIBLIO: Bibliografia (2)
Gaur egun bulego guztietan dago hedatua bulegotika
Bulego-lanak automatizatzeko erabiltzen diren teknika eta baliabide informatikoek osatzen dute bulegotika. Hainbat motatako tresnak erabiltzen dira eginkizun horretarako: testu-tratamenduko aplikazioak, kalkulu-orriak, datu-baseak kudeatzeko sistemak, kontabilitateko paketeak, eskanerren bidez digitalizaturiko dokumentuak testu-fitxategi bihurtzeko OCR edo karaktereak ezagutzeko programak, makinari esaten zaiona testu-fitxategi bihurtzeko gai diren hizketa ezagutzeko programak, ordenagailu bidez aurkezpenak egiteko sistemak. Sarri hainbat funtzio betetzeko aplikazioak integraturik dituzten bulegotikako paketeak saltzen dira.
Testu-tratamenduko aplikazioak
Ordenagailua erabiliz dokumentuak sortzeko, editatzeko eta inprimatzeko xedea dute. Ordenagailuetan erabiltzen diren aplikazioen artean arruntenak dira. Testu-tratamenduan aritzeko, beharrezkoak dira ordenagailua, aplikazioa eta inprimagailua. Testu-tratamenduko aplikazioari esker, dokumentua sor daiteke, diskoan gorde, pantailan ikusi, teklatuaren bidez sortu eta aldatu eta inprimagailuan inprimatu. Idazmakinaren aldean horrelako sistema batek duen abantaila nagusia aldaketak egiteko erraztasuna da. Aldaketa bat egin nahi izanez gero ez dago zertan dena berriz egin beharrik, nahikoa da kurtsorea testuan aldatu nahi den atalera eraman eta aldatzea. Berdin atalak ezabatzeko, kopiatzeko edota lekuz aldatzeko, are dokumentuen artean ere.
Microsoft Word testu-tratamenduko aplikazioa da.
Kalkulu-orriak
Datuak zutabe eta lerroka antolatutako taula bat da kalkulu-orria. Balio bakoitzak aldez aurretik ezarritako erlazio jakin bat izan dezake beste balio batzuekin. Balioetako bat aldatuz gero, beraz, besteak ere horren arabera aldatu egingo dira. Horrelako taulak erabiltzeko aplikazio informatikoei ere askotan kalkulu-orriak esaten zaie. Hauetan balio bakoitza lauki edo gela batean dago. Aukera daiteke gela horretan egongo den balioak zer motatakoa izan behar duen eta zein diren hainbat gelatako balioen arteko erlazioak. Erlazio hauei formulak deritze. Gelak eta formulak zehaztuta daudenean sar daitezke datuak. Gero alda daitezke datu jakin batzuk beste batzuk horren arabera nola aldatzen diren ikusteko. Hau oso praktikoa da hainbat egoera simulatzeko.
Kalkulu-orria.
Datu-baseak kudeatzeko sistemak
Datu-base bat datu-bilduma bat da programa informatiko batek maneiatzeko moduan antolatua. Fitxategi-sistema elektroniko bat dela esan daiteke. Datu-base batek hainbat fitxategi izan ditzake, hauetako bakoitzak hainbat fitxa edo erregistro eta hauetako bakoitzean informazioa eremuka dago antolatua. Demagun datu-base batek helbidetegi bat daukala. Fitxategi batek pertsonen helbideak dauzka. Pertsona bakoitzari erregistro bat dagokio eta honen eremuetan izena, abizenak, helbidea, herria eta posta-kodea egongo dira. Horrelako datu-base bateko informazioa erabili ahal izateko datu-baseak kudeatzeko sistema bat behar da. Hau programa-multzo bat da datuak datu-basean antolatzea, sartzea, aldatzea eta aukeratzea ahalbidetzen duena.
Era askotakoak izan daitezke datu-baseak kudeatzeko sistemak. Batzuk ordenagailu pertsonaletan erabiltzeko bakarrik balio dute, beste batzuk, ordea, sistema informatiko handietako ordenagailu nagusietan erabiltzeko egokiak dira. Datu-baseak kudeatzeko sistemen aplikazio tipikoak dira:
