Behigorri
Euskal Herriko herri batzuetan uste dutenez, bada behi gorri baten itxurarekin agertzen den iratxo edo irelu bat. Normalean haitzulo eta leize-zuloetan bizi da, baina batzuetan lurrazalera ateratzen da. Sara, Amezketa eta Mutriku herrietako kontakizunek aipatzen dutenez, noizean behin, etxera eramateko berarengana hurbildu diren pertsonak bahitu ditu abere itxurako irelu horrek.
Amezketan kontatzen dutenez, Irabi baserriko neskato bat Aralar mendira igo zen, han larratzen zebilen behi bat bere etxera eramateko asmotan. Bertan zegoela, behi gorri bat ikusi zuen eta, berea zelakoan, hurbildu eta isatsetik heldu zion. Behia korrika hasi zen eta berarekin eraman zuen neskatoa Aralarren dagoen Marizulo leizera (Mariren kobazuloa). Geroago, Marizulon ikusi zuten neska eta, haren ondoan, leku horretako lasaitasuna gordetzen zuen txakur gorri bat zegoen.
