Etsai
Etsai hitzak deabrua, eta arerioa esan nahi du; Lezia (Saran) eta Akelarren-leze (Zugarramurdin) kobatan irakasle lanak egiten dituen irelu bat ere bada. Lurpeko irelu honi Iraunsuge ere deitu izan diote.
Uste denez, Sarako Lezia izeneko koban zuen bere eskola, aspaldi batean. Han erakusten zituen, epe laburrean, jakintzak, arteak eta literatura, Salamanca eta beste lekuetako unibertsitateei itzala eginez. Han ikasi zuten Axularrek, bere anaiak eta beste lagun batzuek.
Ikaskuntzaren eta ostatuaren ordainetan bere ikasleei, ikaskuntzen bukaeran, eskatzen ziena, ondorengoa zen: ikasleetako bat, txot-ala-motx egindakoan hala ateratzen zitzaiona, haren gatibu gelditzea betirako; han aurkezten zaizkien makiletatik handiena ateratzen duenak irabazten du joko horretan.
Etsai, Euskal Herriko istorio askotan azaltzen da behin eta berriz, beste kontu batzuekin nahastuta bada ere. Hona hemen Atarrabiren istorioa: Ordiziako esaeran, Marimundiko seme ona zen Atarrabi. Bere anai gazteago batekin, Etsai edo deabruaren eskolan egin zituen bere ikasketak. Ikasturteak bukatzean, ikasleetako batek deabruaren morroi gelditu behar zuen betirako. Zozketa egin ondoren, Atarrabiren anaiari atera zitzaion deabruarekin gelditzea. Baino Atarrabi bere anaiaz errukitu eta bera gelditu zen infernuko maisuaren morroi.
Axular
Istorio hau era askotara azaltzen da. Axularren inguruan sortu den kontaerak baditu azpimarratzea merezi duen zehaztasun batzuk. Etsai iratxoak eskola bat jarri zuen Zugarramurdiko koban eta hara joan ziren ikastera D.Juan, Ondarrabio, Arruit eta Axular, beste batzuekin batera. Ikasketen bukaeran eskatzen zien zerga, ikasleetako bat bizitza guztirako harekin gelditzea zen. Axularren anai bati atera zitzaion zozketan Etsai deabruaren mende gelditu beharra, baina Axularrek, anaiaz errukituta, bera geratzea erabaki zuen.
Han amaierarik ez zuen lan bat egitera behartu zuen deabruak eta ihes egiten ahalegindu zen. Axularrek kobaren sarreratik oin bat atera zuen bezain laster ikusi zuen deabruak eta burdinazko kako bat bota zion. Axular ia-ia kanpoan aurkitzen zen, baino kakoak orpotik eta itzaletik heldu zion iheslariari; horiek ez baitziren irten oraindik deabruaren menpetik. Hala, Axularrek lortu zuen bere askatasuna; baino itzalik eta bere oin bateko orporik gabe gelditu zen.
Deabrua ez zegoen kontentu Axularren orpo eta itzalarekin bakarrik. Gehiago zigortu nahi zuen eta laster etorri zitzaion aukera polita horretarako: Lurralde hartako baserritar bat bere behien bila zebilen Zugarramurdiko kobaren inguruetan. Aurpegi atsegineko gizon bat aurkeztu zitzaion, fardel bat eskuetan, kobaren sarreran eta esan zion: "nik erakutsiko dizut non aurkitzen diren zure behiak, fardel hau Sarako apaizari eramango diozula agintzen badidazu". Baserritarrak baietz esan zion eta kobako gizonak erakutsi zion behiak non zeuden.
Zugarramurdiko behizainak aurkeztu zion Axularri kobako jaunaren fardela, non eta nola hartu zuen adieraziz. Axularrek fardela ireki zuen eta baserritarrari agindu zion, fardelaren barruan tolesturik zetozen zetazko gerriko gorriak hango zuhaitz baten inguruan bota zitzala. Horrela egin zuen baserritarrak eta berehala suntsitu zen zuhaitza.
Etsairen istorioa, zerbait aldatuta, oso ezaguna da Zugarramurdin; han hiru anai azaltzen dira, deabruak Sarako Leizan daukan eskolan beren ikasketak egiten: Atarrabio, Arruit eta Don Juan.
MikelatsMikelats, bestalde, Mariren seme gaiztoa da eta Atarrabiren anaia. Herri baten zaintzaile eta eliza bateko apaiz izateraino iritsi zen Atarrabi. Mikelatsek herri hartako gariak hondatu egin nahi zituen (Sarakoak, herri bertako ipuin batek dioenez); baina Atarrabik (Axularrek, beste esaera batzuen arabera) gogor egin zion bere otoitzekin haren indar magikoari eta hala gorde zituen bere herritarren uztak. Mikelatsek eta Marik sortu eta erabili ohi dituzte, artaldeak urruntzen eta uztak hondatzen dituzten ekaitzak.
