Lurra eta ahaideak
Euskal Herriko sinesmen askoren arabera, Lurra Eguzkiaren eta Ilargiaren ama da. Leku handi moduan ere hartzen dute, hildakoen arimen eta numen eta beste pertsonaia mitiko gehienen bizilekutzat.
Landare erreinuaren oinarria den bizi-indarra dauka Lurrak, jakien bidez eta, batzuetan, magiaren edo araoen bidez giza gorputza indartzen du. Gainera, abereei ere bizitzen laguntzen die janaria eta, behin edo behin, abelgorrien oparien bidez.
Lurrak bere baitan altxorrak ere badituen sinesmena oso zabalduta dago. Urrez betetako idi-larruak gordetzen dituzten mendi eta haitzuloak aipatzen dira sinesmen horietan; baina ez da ezer esaten leku zehatzei buruz. Ataungo "Urrezuloko-Armurean", Baltzolako, Putterriko (Aralar) eta Iruaxpeko (Goronaeta) haitzuloetan, besteak beste, zulo ugari egin izan dituzte baserritarrek altxor horien bila. Sinesmen asko eta asko daude Lurrak gordeta dituen altxorren inguruan, horien artean, Urbasa mendian urrezko altxor bat (kanpaia, harilkai edo kutxa) ezkutatuta dagoela da bat, egunero ardiak ibiltzen diren lekuan. Ia-ia lurrazalean omen dago eta, egunen batean, gainean jartzen den ardiren batek bistaratuko omen du.
Horrelako altxorrak lurpetik atera eta aberastu nahi dutenen diru-goseak ez du ezer lortzen, Lurraren ireluak ezarri duen debekua da. Irelu horrentzat izaten ziren garai batean egiten ziren hainbat eta hainbat eskaintza. Haitzuloetako sarreran uzten zituzten eskaintza horiek, gehienetan txanponak, ireluaren mesedeak lortzeko. Kobazulo batzuetan eraikitako baselizen eta baseliza bihurtutako kobazulo batzuen jatorriak kultu horrekin zerikusia omen dute.
Lurraren alabak
Eguzkia eta Ilargia emakumezko jainkoak dira, Lurraren alabak. Eta amaren altzora joaten dira egunero, zeruan zehar ibili ostean.
Eguzkiak , berez dituen eraginez gain (argia eta beroa), baditu beste botere batzuk, herri sinesmenen arabera. Argitu baino lehen edo argitzerakoan lurpeko ireluak etxera bidaltzeko ahalmena dauka; sorginak ezin ibilita gelditzen omen dira Eguzkiak izpiekin harrapatzen baditu oraindik bere lana egiten. Ba omen dira baita Eguzkiaren izpiek jotzen badituzte gizakiarengan duten boterea galtzen duten ireluak ere. Lamia batek urrezko orrazia leize baten sarreran utzi omen zuen behin, eta artzain batek hartu eta eraman egin zuen. Lamia orduan, mendian behera artzainaren atzetik joan zen, orratzia berreskuratu nahian. Ia harrapatuta zuenean, Eguzkia irten zen eta izpi batek artzainaren jantzian jo zuen, Lamiak orduan, Eskerrak eman Eguzkiari esan zion eta leizera itzuli zen berriz.
Astakarduaren loreari Eguzkilora esaten zaio, Eguzkiaren sinbolotzat hartzen da. Etxeko sarrerako atean ipini ohi da eta Eguzkiak dituen ia botere mistiko guztiak ditu: espiritu gaiztoak, sorginak eta lamia mota batzuk aldentzen ditu. Eta gaitzak, ekaitzak eta tximistak sortzen dituzten espirituei ez diete etxean sartzen uzten.
Ilargia ere emakumezkoa dela uste da, haren omenezko esaera eta otoitzetan Ilargi-amandrea esaten zaio. Ilargi izenak, oraindik galdu gabe dagoen sinesmen baten arabera, hilen argia esan nahi du, Ilargiak hildakoen arimei argi egiten baitie.
Asteko egun bat Ilargiarena da: ostirala. Hitz horrek badu Ilargiaren beste izen baten elementu berdina: Irargi.
Ilargialdiek eragin ona ala txarra izan dezaketenaren inguruko sinesmenak ere asko dira: landatzen, uzta biltzean, zuhaitzak kimatu edo mozterako orduan, abereei ilea moztu edo hiltzerako orduan...
