EUSKAL KULTURA

Maru

Bekokian bi adar dituzten giza antzeko pertsonaia mitologiko batzuen izena da Maru. Ataun eta inguruko istorio batzuen arabera, lurpean bizi ei dira eta, besteak beste, Maumendiko leize-zuloetan ere bizi direla esaten da.

Irelu edo iratxo horiek beldurgarriak izan dira haien etxe inguruetan bizi ziren gizon-emakumeentzat, izan ere, bahitu egin zitzaketen, ireluen bizilekura inguratuz gero, batez ere. Bizitokitik hurbil zeuden abereak ere harrapatzen zituzten Maruek.

Maruelexa (Maruren eliza) da Nabarniz herritik gertu dagoen Arrola mendiaren gailurraren izena. Badira han antzinako harresidun itxitura baten hondakin batzuk. Esploratzaile batzuen (Blas Taracena Agirre eta A. Fernandez de Aviles) arabera, erromatarren garaiaren aurreko gaztelu batekoak dira.

Inguruko herrietan maiz entzun ahal izan denez, San Joan egunean (ekainak 24), eguzkia irteten denean, eltze edo pertza misteriotsu bat azaltzen da Maruelexan. Gainera, leku horretan ez da garorik ernetzen eta, antza, altxor bat dago lurperatuta.

maru