Torto
Begi bakarreko, gizajale, irelu gaiztoa da Torto. Tartalo izenez ere ezagutzen da. Hartaz hitz egiten da Gipuzkoan, Goierriko sukaldeetan kontatzen diren istorio beldurgarrienetan, Euskal Herriko beste lurralde batzuetan ezaguna baldin bada ere.
Herri istorioek diotenez, gazteak bahitu eta irentsi egiten ditu irelu honek. Ursuarango legenda batek ondorengoa esaten du: Zegamako Antimuño baserriko bi anai mendian gora irten ziren ehizarako asmotan. Mendian zehar zenbiltzatela, trumoi hotsa entzun zen eta, euri-jasa handi bat zetorkiela ikusirik, aterpe bila joan ziren Saadar mendiko ordeka barrena. Han, txabola handi bat ikusi eta bertan sartu ziren.
Gero sartu zen han artalde bat ere, eta ardien atzetik, artzaina, bekokian begi bakarra zuen gizon indartsua.Torto edo Tartalo zen. Honek Antimuñokoak ikusi zituenean, zaharrenari hala esan zion: "hi, gaurko". Eta besteari: "hi, biharko".
Handik gutxira burruntzi bat sartu zion gorputzean anaietan zaharrenari, sutan erre eta jan egin zuen. Jarraian, lurrean etzan zen eta lo hartu zuen. Orduan, Artimuñoko gazteak burruntzia hartu, sutan berotu eta begian sartu zion Tortori. Hau zutitu zen bere burruntzia begian zuela, baino itsua. Eta Antimuñoko gaztearen bila zebilen itsumustuka; alperrik ordea, ardi eta ardi-larruen artean ezkutatu zen gaztea.
Tortok atea zabaldu zuen goizean eta han bertan jarri zen zutik, bi belaunak zabalduta. Ardiak kanpora ateratzen hasi zen, bakoitzari bere izenez deituz. Antimuñoko mutilak ere, ardi-larru batekin estalia, Tortoren belaun artetik igaro, eta ihes egin zuen txabolatik. Torto jabetu zen gertaera horretaz, eta iheslariaren atzetik joan zen, haren hanka hotsak entzunez. Mutila ibai batera iritsi zen eta igerian pasa zuen. Torto ere sartu zen uretan, baino, igeri egiten ez zekienez, ibaian ito egin zen.
Tortoren mitoa ezaguna de Euskal Herriko hainbat lekutan. Saadar mendiaren gailurreko zelaian bada Tartaloetxeeta izeneko leku bat. Han dago Tartaloetxe izeneko trikuharri bat, hantxe gertatu zen bada, Antimuñoko semeen zoritxarra.
Tartaloetxeetarekin loturik dago istorio herrikoi bat. Zegamako bertsio batek ondorengoa kontatzen du: Tartaloen erregeak alaba bat zeukan; eta honek adiskide bat egin zuen. Aitak alabari esan zion, hiru gauzetan bera baino indartsuagoa izango zen suhi bat nahi zuela. Alabak erantzun zion bere adiskidea gai zela eta hiru lanak izendatzeko.
Lehenengo gauza zen, ea nork atera errotik pago bat eskuz. Erregeak hartu zuen gerritik pago lodi bat eta osorik atera zuen, Izarra baserriko pagaditik. Suhiak lokarri bat hartu zuen eta berarekin pagadi osoa inguratu zuen. Erregeak hori ikustean horrelakorik ez egiteko eskatu zion, bestela, egurrik gabe eta ardientzat babesik gabe geldituko zirelako.
Bigarren gauza, palanka nork urrutirago bota izan zen. Erregeak oso urrun bota zuen eta ondoren suhiak Salamancaraino botako zuela iragarri zuen. Erregeak horrelakorik ez egiteko esan zion, bere ahaide guztiak hiri horretan bizi zirelako.
Hirugarren gauza, harri bat nork urrutirago bota izan zen. Erregeak oso urrun bota zuen; suhiak, berriz, eskuan gorderik zuen xoxo bat hartu eta askatu egin zuen. Xoxoak Arakama baserri aldera jo zuen eta ezkutatu egin zen. Orduan erregeak adiskidearekin ezkontzeko baimena eman zion bere alabari.
Domaikian (Zuia) bekokian begi bat duen irelu bat aipatzen dute; lurralde hartako koba batean bizi omen da. Mutiko bat bahitu eta gorputz hilez betetako zulo batean sartu zuen. Ziklopeak ireki hadi, Txarranka, Kuartangon, berriz, ireki hadi, Txekla, esatean, irekitzen zen kobako atea.
