Sua
Sukaldeko sua irelu, etxearen sinbolo eta arbasoentzako opari bezala ikusi izan da eta mesedeak eskatzen zaizkio: haurren bigarren hortzaldia, pozoituak egon litezkeen janariak garbitzea, pertsona eta abere arrotzak sagaratzea eta etxekoratzea.
Norbaitek pertsona bat etxean ezkonduta edo lanerako sartu nahi zuenean, bere etxera erakartzen zuen eta sutegiaren edo eta su gaieneko laratzaren inguruan bira batzuk emanarazten zizkion. Goierrin, Zuberoan eta beste herrialde batzuetan horrela egiten zuten oraindik asko ez dela.
Lehen, kafea su gainetik ateratzean, ohitura zenez, ikatz baten muturra sartzen zen kafe ontzian (Meñaka, Lekeitio, Ataun). Gauza bera egiten zen, gauez iturritik ekartzen zen urarekin. Harri gorituen bidez esnea egostea eta, gaixoei harri gorituz irakindako ura ematea ere Euskal Herriko hainbat lurraldetako ohitura da.
Uste denez, arbasoei sukaldeko sua atsegin zaie, han bizi baitziren eta hara itzultzen baitira gauero. Gabonetako suak, bestalde, garrantzi berezia du. Etxe bakoitzeko sukaldean enbor bat pizteko ohitura dago herri askotan; Zegaman gabonzuzi deitzen diote. Etxe hartako biztanle eta abereentzat mesedegarri diren ahalmen bereziak omen ditu enbor horrek; gaitzen aurka, tximisten aurka, eta abar babesten omen ditu.
San Joanen ohituretan suak garrantzi berezia du eta Euskal Herriko herri askotan sutzarrak pizten dituzte etxeen atarietan. Horrela Saran, beste herrixka batzuetan bezala, sutzarrak pizten dituzte San Joan bezperako gauean, sasi eta era askotako zuhaitz adarrekin eta Erramu igandez elizan bedeinkatutako erramu adarrekin. Etxeko pertsonek suaren inguruan ibilita errezatzen dute arrosarioa, sua eskuin aldetik dutela. Gero, gazteak suaren gainetik saltoka ibiltzen dira "ona barnera, gaiztoa kanpora" esanez. Jarraian ikatz batzuk botatzen dituzte arto soroetara eta etxeko teilatura, egur horiek bedeinkatuak direla pentsatzen baita, erre diren erramu adarrak bedeinkatuak ziren bezala. Azkenik, harri zabal bat jartzen dute errautsen gainean eta haurrei esaten diete: "Bihar goizean, eguzkia irten baino lehen, aurrena jaikitzen denak, harriaren azpian San Juanen bizarra aurkituko du".
Oiartzunen, berriz, sasiez egiten dute sua. Gero lasto sortak piztu eta, soroz soro ibili ohi dira, ondorengoa abesten:
"San Juan da, San Juan:
Gure goiko barrutian,
Sorginaren begia galdu da,
Galdu bada gal bedi.
Sekulan agertu ez bedi!"
Etxeko suari opariak
Haurren lehen hortzaldiko hortzak suaren ireluari ematen zaizkio. Haurrek, hori egiterakoan, ondorengoa esan behar dute: "Andra Marie, otson ortz zaarra eta ekatzan berrie".
Galirinaren edo arto-irinaren zahia botatzen zaio sukaldeko suari, sutan egosten ari den esneak gainezka egin eta sutara erortzen denean. Hori eginez gero kortako abereek errapeko gaitzik izango ez dutela uste da. Era berean, lurrera eroritako janariak sukaldeko suari erakutsi ohi zaizkio, jan behar badira.
Sutegiko ikatzak bedeinkatutzat jotzen dira. Horregatik erabiltzen dira kutun bezala, daramatzana "begizkoaren" aurka babes dezaten.
Halaber, uretan sutegiko ikatz zati bat sartzen da, etxearen kanpokaldeko iturritik gauez ekarritako urak edaten duenari kalterik egin ez diezaion.
