EUSKAL KULTURA

Errolan

Errolan indar ikaragarria duen pertsonaia mitiko bati ematen zaio. Beste leku batzuetan Sugaar, Sanson eta jentilekin lotzen diren legenda batzuk izen horrekin lotzen dira.

Errolanek bere gaztaroa, hemezortzi urte arte, koba batean igaro zuen,  Zalban (Arragoiztiko ibarra) esaten denez. Berekin zeukan ahuntz baten esnearekin elikatzen zen eta horregatik omen zen hain indartsua.


Karlomagnorekin Nafarroa menderatzera etorri zenean, herri bateko eliza suntsitzea pentsatu zuen, eliztarrez beteta zegoela. Horretarako, Monrealgo Igaren gailurrera igo zen, handik harritzar  bat elizaren gainera botatzeko asmotan; baina, azken ahalegina egitean, gorotz batean labaindu egin zen, eta harria eta gizona bost kilometrora dagoen Urrotz herrira amildu ziren. Oraindik han dago harri hura.

Erratzun ere bada "Errolan-ena" deituriko harri bat, eta Urrozkoak bezalako istorioa dauka.

Atako zelaian, bestalde, Aralar mendizerran, bada "Errolan-arriya" izeneko harri bat. Hiru metroko altuera du, gehienbat lurrean sartuta. Batzuek menhir-jentilari bat dela uste dute. Giza itxura du, eta horregatik eta trikuharrien lurralde batean dagoelako edo inguruko trikuharriekin zerikusia duelako hil estatuatzat hartua izan da.

Inguru haietako herrietan esaten da harri hori Errolanek bota zuela San Migueletik, Madoz herriaren aurka. Baina, arropa besoan nahasi zitzaion, eta bidearen erdia egiteko indarra beserik ez zion eman harriari. Horrela,  Atan erori zen.  Harriaren aldeetako batean norbaitek egindakoak omen diren sei zulo ditu eta inguruko herrietako bizilagunek Errolanen hatzen aztarnak direla diote.

San Juanes

Leitzako Aritz mendiaren Belarzinketa tokian, bada Errolan leizea izeneko koba bat; haren sarrera, estua eta luzea, kareharri batek ixten du. Harri hori Errolanek bota omen zuen gertuko Leitzaran menditik, Aralar mendizerrako San Migelen santutegia jotzeko asmoz. Baina harria botatzeko une berean, habaila hautsi omen zitzaion eta harria ez zen nahi zuen lekura iritsi; hain zuzen, esandako leizearen sarreran erori zen, eta oraindik han jarraitzen du.

Atako harriak bezalakoak, menhirren antzekoak, Euskal Herrian trikuharriak dauden beste leku batzuetan ere badira, Supitaitzen edo Suspentaitzen (Aralar sartaldea), Jentilarrin (Arraztaran), Saltarrin (Alotza), Legairen (Entzia), Meatsen (Bidarrai), Ehiartzen (Baigorri) eta Otsaportillon (Urbasa).

Errolan

"Arrolanen harri", Apanize (Behorlegi) mendiaren eta Armiaga muinoaren artean dago. Errolanek bota omen zuen hara Apanize mendi gailurretik, apustu bat zela eta.

"Arrolanen betxia", bestalde, Bosmendieta mendian dago eta Errolanek bota omen zuen Magdalenako (Zuberoa) gailurretik. Errolanek jaurti omen zituen beste bi ere badaude Ligi eta Etxebarreko mendietan.

Azkenik, Atekaitzeko sakanean bada Errolanen harri bat, Itxasutik Laxaga auzora doan bidean, hain zuzen.