«« Errolan
Izaki Doneak »»
Inguma
Inguma (Baigorrin Maumau ere deitzen diote) etxeetan gauez, etxekoak lo dauden bitartean, azaltzen den irelu gazte bat da. Pertsonei eztarria estutzen die, arnasa hartzea galarazteko, eta sekulako larritasuna ematen die.
Irelu honen erasoei ihes egiteko aspaldiko ohitura da, Ezpeletako lurraldean, ondorengo formula magiko-erlijiosoa esatea:
"Inguma, henauk hire bildur,
Jinkoa eta Andre Maria
Artzentiat lagun;
Zeruan izar, lurrean belar, kostan hare,
Hek guztiak kondatu arte
Echaidela nereganat ager."
Saran, beste hau erabiltzen dute,
"Inguma erromes,
Ez niok hire beldurrez,
Jesus diat aita,
Ama Birjina ama,
Zeruko aingeru eta saindu guztiak guarda."
Ithorrotzen, amets gaiztoen eragile jotzen dute irelu hau. Uxatzeko, Ezpeletan erabiltzen dituzten hitz berak esaten dituzte, eta beste irelu bati egiten zaion ondorengo erregua erantsi: "hi, aldiz, jin akitela, Gauargia!"
Bestalde, hil bakoitzaren 13ko gauean izaten den ametsa, edo gau horretan amesten dena, betetzen da, Euban diotenez.
«« Errolan
Izaki Doneak »»
