EUSKAL KULTURA

Izaki Doneak

Izaki Doneei naturaz gaindiko bertuteak egozten dizkiete Euskal Herriko herri askotan, baita bedeinkatutzat hartu ere.

Astoa izaki donea, santua, omen da. Izaki bedeinkatutzat jotzen da abere hau, bizkarrean gurutzearen irudia daramalako, eta Jesus eta Ama Birjina eraman zituelako. Sorgina, esaterako, oso gutxitan agertzen da astoaren irudia hartuta. Gainera, asto baten heriotza, "hil da" esanez adierazten da, pertsona batena bezala, eta ez "galdu da" esanda, beste abere guztiekin gertatzen den bezala, ez eta "akabatu" ere, piztiekin ohi denez. Txakurrari dagokionez, haren mingaina omen da sakratua.


Erlea ere abere sakratua da batzuen ustez, eta hura hiltzea bekatua dela diote. Zuka hitz egin behar zaio eta aurrez prestatutako erlauntz batera sar dadila eskatzen zaionean, "anyere ederra" deitzen zaio. Erlearen heriotza ere "hil da" esanez adierazten da.

Harkaitz, landare edo zuhaitz baten gainean dagoen erlauntz baten jabe izateko, zuhaitzaren edo harkaitzaren gainean gurutze bat margotzen da, azalaren zati bat jasoaz edo ebakiaz.

Erleen jabearen familiako bat hiltzen denean, hildakoaren etxeko bat edo auzokide gertuena erlategira joaten da, erlauntzaren estalkia eskuz jotzen du eta ondorengo hitzak esaten ditu: "Jatzar zite, buruzagia hil zaizie". Berdin egiten da ukuiluko abereekin; etzanda badaude, zutitzera behartzen dituzte. Horrela eginez gero, erleek argizari gehiago egingo dutela uste da. Iragarpen egiten ez bada, berriz, erleak eta kortako abere bat hiltzen omen dira.

San Juanes

Hildakoa elizara edo hilerrira daramatenean segizioa hilaren etxeko erlategiaren ondotik pasatzen bada, segizioko batek erlauntzen estalkiak jasotzen ditu; era horretan erleek argizari gehiago egiten dutela uste da.

Halaber, herri batzuetan erlauntzak zapi beltzez estalzen dituzte, dolu-minaren ezaugarri.

Erramu egunez, elizan bedeinkatutako sahatsarekin gurutze bat egin eta, babes bila edo, erlauntzaren gainean jartzeko ohitura dago leku batzuetan. Bizkaiko hainbat herritan, bestalde, erlategian behorraren edo zaldiaren burezurra jartzen dute, makila baten muturrean.

Euskal Herriko lurralde batzuetan, bestalde, saguzarrari diote begirunea. Zeanurin, adibidez, haur bati hagin bat erortzen zaionean, gauera arte gordetzen da, saguzarrari botatzeko, hau teilatuan azaltzen denean. Orduan, ondorengo hitzak esaten dira:


"Saguzarra
Eutsi hagin zaharra,
Ekazu hagin barrie,
Saguzar barragarrie."

Halaber, Amandre gona-gorri deitzen diote Arrasate aldean marigorringoari. Zomorro hau, nolabait ere, sakratua da; biharamunean egingo duen eguraldiaren berri ematea eskatzen diote leku askotan. Ataungo haurrek, bestalde, marigorria atzamar erakuslearen muturrean jarri ohi dute eta, zomorroa hatzean gora doan bitartean, hau esaten diote:


"Mari gorri, gona gorri,
Bihar euzki ala ebi?"

Idoneak

Goraino igo eta hegan egiten badu, eguraldi ona eta eguzkia datozela esan nahi du; bestela, euria egingo omen du.

Arrasaten, berriz, eguraldi ona (eguzkia) eskatzen diote Marigorriri, ondorengoa esanez:


"Amandre gona gorri,
bihar eguzki


Marigorrairi dagozkion siniste eta esaera hauek, edo antzekoak, oso zabaldurik daude herrialde askotan.