Jentil
Meategietan lan egiten zuen meatzaria ere jentila zen; Auza-Gaztelun (Zaldibia) eta Jentilbaratzan (Ataun) bizi zirenakebaita Zaldibin, Ausa-Gaztelun (Zaldibia) eta Jentilbaratzean (Ataun) bizi zirenak ere jentilak ziren. Eta gauza beran, lehen gari ereilea, errementeria, errotaria, kristaua (eliza asko eraikitzen lagundu zuena), eta cromlech eta trikuharri eta etxe batzuk eraiki zituena.
Bestalde, jentilekin zerikusirik duen leku-izen asko dago Euskal Herrian:
"Jentilarri": Izen hori ematen zaie, ipuin batzuen arabera, jentilek urrutitik orain dauden lekura bota zituzten harritzar batzuei. Horien artean, Urdiolako (Arrankudiaga) sakanekoak, izen bereko mendiaren eta Arakaldo gazteluaren artean bola-jokoan ari ziren jentilek botatakoak; Markolakoa (Karrantza), jentil batek botatakoa, eta gizon bat eta horren idi parea zapaldu zuena; Aitzbiribil (Mutriku) izenekoa, Santa Kutz menditik, Ondarroa gainetik jentilek jaurtitakoa; Amilgoa (Mutriku), jentilek Arno menditik botatakoa; Osunako errekakoa (Soraluze), jentil batek Atxolingo gailurretik jaurtitakoa...
San Martin ermitaren (Mañaria) eta jentilek zulatu eta bizileku gisa erabiltzen omen zuten kobaren aurrean dauden harritzar batzuk ere "Jentilarri" izena hartzen dute.
"Jentilbaratza": Izen hori ematen diote Arratetako mendatearen gainean (Ataun) dagoen mendi zorrotz garai bati. Uste denez, mendi zorrotz horren gailurrean ehortzi zituzten azken aldian han bizi izan ziren jentilak. Halaber, Jentilbaratzeko jentilek harreman onak omen zituzten, haitzartearen beste aldean dagoen Agerreko biztanleekin. Diotenez, Agerreko Juan gaixotu egin zen eta jentilek urrezko ohazal bat eraman zuten Agerre baserrira, gaixoaren ohe gainean jar zezaten Elizakoak eman aurretik. Gaixoaren etxekoek ohazala josi egin zuten ohean, elizkizuna bukatutakoan jentilek eraman ez zezaten. Gainera, oilategiko oilarrari kantarazi zioten, argia piztuz, horrela jentilek bat-batean alde egingo zutela baitzekiten. Eta horrela izan zen; oilarra kantuan entzutean jentilek ohazalari heldu zioten baina ez zuten askatzerik izan, presa zutelako. Orduan, ondorengoa esan zuten jentilek: "Agerre, Agerre den bitartean, hemen ez da faltako besomotzik edo elbarririk".
"Jentileio": Laiene harkaitzaren gailurrean (Urdiain) irekitako zulo bat da. San Pedroko ermitara erromes joaten ziren ataundarrek Mandabitako zubitik igaro ohi zuten Agaunza ibaia. Zubi hori elkartzeko erabiltzen omen zuten sorginek, elezaharren arabera. Gero, galtzada zahar batetik, gora igotzen ziren, Bernoko leporaino, Ataun-Burunda mendian. Bada trikuharri bat bertan, aspaldiko dantzaleku baten ondoan. Handik, mendiaren hegoaldera jaisten ziren, Txikilantegiko barrutian dagoen beste trikuharri baten ondotik.
Gero, Atilungo atakatik igaroaz, Sarabe eta Urrizti harkaitzen artetik, Aitziberren ermita ezker aldera utziaz, eta beti behera eginez, Jeztene eta Laiene harkaitzen artako ataka batera iristen ziren, San Pedroren ermitaren ondora. Hegoaldean, Laiene harkaitzari begira, haren gailurrean, Jentileio izeneko zuloa ikusten zuten, eta emakume jentil eder bat ikusten omen zuten, eserita, ilea orrazten.
Zulo edo leiho honek bi metroko altuera du eta metro eta erdiko zabalera. Aipatutako harkaitza hegoaldetik iparraldera igaroz, "Jentilen sukaldea" izeneko esparru itxi batean amaitzen da.
Halaber, Euskal Herriko toponimian askotan azaltzen da "jentil" izena. Hala nola:
"Jentiletxe" dute izena Ataun-Burunda eta Alzaniako mendian dauden trikuharriek. Mutrikun ere bada izen bereko koba bat.
"Jentiletxeeta" (Mutriku)
"Jentilzubi", Baltzolako kobatik hurbil (Dima)
"Jentilzulo" (Leitza eta Orozko)
