EUSKAL KULTURA

Mairi

Nafarroa Beherean, indar handia duen emakumezko irelu bati deitzen diote Mairi, herri sinismen batzuen arabera. Gure artean bizi izan den gizakirik zaharrena omen da, leku batzuetan diotenez.

Mairiek harritzar izugarriak eramaten zituzten Arradoi menditik, gazteluak, trikuharriak eta bestelako eraikinak altxatzen ziren lekuetara, herri esanek diotenez. Bai Marietxeren edo Gaxteeniako (Mendiben) trikuharria, bai eta Armiagaren (Behorlegin) harrizko estalki handiak Mairi batek eraman omen zituen hara.

Hara zer esan zion Marietxeri buruz 1952an Gaxteenia etxeko J.Etxemendik D. Jose Miguel Barandiarani biak aipatutako trikuharriaren ondoan zeudela:

Mairi

"Aitzinakoek ziotenez, Mairietxe Mairien eliza izan zen. Harrizko estalkia Mairi batek ekarri omen zuen buruan, ardatzean ari zen bitartean. Harri hori Armiaga menditik edo Urtxurikotik ekarri beharko zuen, inguru horietan ez baita horrelako harri motarik, bi mendi horietan izan ezik".

Ipuin honen bertsioak oso zabaldurik aurkitzen dira Euskal Herriko leku askotan. Horrela, Lezaoko koban (Entzia mendikatean, Araba) bizi ziren Amilamiatako batek eraman zituen buru gainean Arrizalako trikuharriaren (Aguraindik gertu) harri handiak.

Cerquandek Zuberoan bildutako ipuin batzuetan ere azaltzen dira Mairiak. Gizonezko Mairiak Laminekin elkartu ohi ziren astero egun batez jolas egitera, Mendiko zelaian, ipuin horiek diotenez.

Roldanek kanporatu zituen Mairiak inguru haietatik.

Mairi