EUSKAL KULTURA

Olentzero

Eguberri inguruan zorionak ematera eta Berri Ona iragartzera etortzen zaien pertsonaia mitikoren bat dute herrialde askok. Ezagunenetakoen artean, Aita Noel, Hiru Errege Magoak eta Santa Claus daude.

Euskadin, Olentzero da abenduaren 24an Eguberria iragartzeko ardura duena. Gabonetako pertsonaia berezi honi Olentzaro, Orentzaro, Onentzaro eta antzeko beste izen batzuekin ere deitu izan diote.

olentzero

Neguko solztizioa ospatzeko Kristo aurreko tradizio paganoarekin du harremana Olentzerok. Ospakizun horrek suarekin zerikusi handia du. Hasiera batean, Gabon-gauan tximiniako sutara botatzen zuten enborrari deitzen zioten Olentzero. Biharamunean, su horretako errautsak etxebizitzako ate nagusiaren aurrean sakabanatzen zituzten, etxea bera eta bertan bizi ziren guztiak urte berri osoan babesteko.

Euskal mitologiaren arabera, jentilak mendietatik jaitsi ziren Kixmiren etorrera iragartzeko. Kixmi izenak "tximinoa" esan nahi du jentilen hizkuntzan, eta horrela deitzen zioten Kristori. Elementu mitologiko hori eta subilaren eta suaren tradizioa uztartuta, Olentzero pertsonaia jaio zen. Olentzero izeneko subila horrela pertsonifikatu zuten: mendian lanean ari dela, Kristoren jaiotzaren berri izan eta Berri Ona ematera herrira jaitsiko den ikazkina da Olentzero.

Egun, Olentzerok suarekin duen lotura hori pertsonaiaren hiru ezaugarritan ikusten da. Ikazkin moduan irudikatzen dute, pipan erretzen du eta tximiniatik jaitsita etxeetara sartzen da. Sua da hiru elementu horien ardatz nagusia. Zaharra berritzen eta txarra garbitzen du suak.

olentzero

XX. mendean, Aita Noel, Santa Claus eta Hiru Errege Magoak alegiazko pertsonaien ezaugarri bat hartu zuen Olentzerok; Eguberrian haurrei opariak ekartzen hasi zen.

Abesti herrikoietan gizon tripaundi eta ardozale moduan deskribatuta, abenduaren 24an Kristoren jaiotza iragartzeaz gain, txikienei opariak, eta kasu batzuetan ikatza, ekartzen dizkie Olentzerok. Egun horretan, arratsean, koru ugari ibiltzen dira kaleetan zehar diru-eskean eta Olentzeroren istorioa kantatzen. Kasu batzuetan, Olentzeroren panpina bat daramate, bestetan, berriz, pertsona bat doa ikazkin jantzita. Iluntzean, su ematen diote panpinari, antzina Olentzero subilarekin egiten zutenari jarraituta.


Olentzero joan zaigu
mendira lanera
intentzioarekin
ikatz egitera.
Aditu duenian
Jesus jaio dela
lasterka etorri da
berri ona ematera.

Horra! Horra!
Gure Olentzero!
Pipa hortzetan duela
eserita dago
kapoiak ere baditu
arraultzatxuakin
bihar meriendatzeko
botila ardoakin.

Inolaz ezin dugu
Olentzero ase
bakarrik jan dizkigu
hamar txerri gazte.
Saiheski ta solomo
makina bat este
Jesus jaio da eta
alaitu zaitezte.

Horra! Horra!...


******


Olentzero buru handia
entendimentuz jantzia
bart arratsean
edan omen du
bost arrobako zahagia.
Ai urde tripa handia
tragatu bait du
tragatu bait du
Ai urde tripa handia
tragatu bait du zahagia.