EUSKAL KULTURA

San Tomas azoka

San Tomasekoa Euskal Herriko azokarik ezagunena da, abenduaren 21ean ospatzen da. Eguberriak datozela eta baserritarrek udazkenean jasotako produkturik onenak salgai jartzen dituzte.

Hiri eta herri askotan ospatzen da azoka hau, Bilbon eta Donostian egiteaz gain, Arrasaten (abenduaren 22an ospatzen da), Lekeition, Zaldibarren, Azpeitian, Hondarribian eta Usurbilen, adibidez. Postu ugari jartzen dituzte baserritarrek eta lehiaketak ere egiten dira. Fruitu, barazki, euskal oilo eta kapoiak, eta abereen lehiaketak esaterako. Gainera, postu horietan salgai jartzen dira nekazal tresnak, ogia eta gozoak, gazta, eztia, sagardoa, eta abar. Egun honetan ohitura bihurtu da talo eta txistorra jatea, sagardoarekin lagunduta.

San Tomas azoka

San Tomas eguneko azoketako beste izarra txerria izan ohi da. Ia azoka guztietan zozketatzen da txerri handi bat.

Baserritarrak hirira

Azoka honen jatorria XIX. mendean dago. Garai hartan baserri gehienak maizterren esku zeuden, beraiek lantzen zituzten lurrak eta gobernatzen zituzten abereak. Maiztertza hori belaunaldiz belaunaldi, aitarengandik semeengana, pasatzen zen.

Maizterrek urtero baserriaren errenta ordaindu behar izaten zioten baserriaren jabeari. Errenta hori urte amaieran ordaintzen zen eta epea San Tomas egunera arte luzatzen zen batzuetan.

San Tomas azoka

Egun horretan, abenduaren 21ean, baserriko produktu onenak hartu eta hirira joaten ziren baserritarrak, jabeari errenta ordaintzera. Hirira zihoazela aprobetxatuta, baserriko produktu horiek saltzen zizkioten hiriko jendeari.

Urteak pasa ahala ohitura hori tradizio bihurtu da. Barazki, fruitu eta animaliak eramaten dituzte baserritarrek azokara eta artisauek ere izaten dute beraien tartea. Bilbon adibidez, Areatzan eta Plaza Barrian jartzen dituzte postuak baserritarrek. Donostian berriz, Konstituzio plazan, Gipuzkoa plazan eta, oro har, Alde Zaharrean zehar jartzen dituzte.