EUSKAL KULTURA

San Sebastian danborrada

San Sebastian egunean ospatzen da danborrada Donostian, urtarrilaren 20an. Gaueko hamabiak jotzearekin batera danbor hotsak zabaltzen dira hiriko txoko guztietara, eta eguna amaitu arte entzun ahal izaten dira.

Konstituzio Plazan ematen zaio jaiari hasiera, bandera-igoerarekin. Ohitura hau 1924. urtetik egiten da. Gaztelubide elkarteko eta beste danborradetako hainbat ordezkarik Raimundo Sarriegiren "Donostiako Martxa" jotzen dute, gaueko hamabiak direnean. Bitartean, alkateak hiriko bandera igotzen du.

San Sebastian danborrada

Haurren danborradak ere badu bere protagonismoa San Sebastian egunean. Eguerdiko hamabietan, hiriko ikastetxe guztietako haurrak prest egoten dira danborrandan parte hartzeko. 1927an hasi zen ohitura hori. Alderdi Ederren biltzen dira eta bertatik abiatuta hiriko zenbait kale zeharkatzen dituzte. Easo Ederra eta ohorezko damak, Generalak eta Danborrari nagusiak protagonismo berezia izaten dute txikienen danborradan. Pertsonaia horiek urtero aukeratzen dituzte hiriko umeen artean.

San Sebastian danborrada

Jaia hasi zen leku berean amaitzen da hogeita lau ordu geroago, Konstituzio Plazan. Oraingoan Union Artesanaren ardura izango da danborrada. Talde hori 1870ean sortu zen eta hurrengo urtean hartu zuen lehen aldiz parte danborradan. Gaueko hamabiak jo bezain laster, bandera jaitsi egingo dute, datorren urtera arte.

Egun berezi honetan hainbat sari ematen ditu Donostiako Udalak, Urrezko Danborra adibidez. Hirian bizi ez diren baina hiriaren alde egin dutenen lana saritzeko ematen dute. Horretaz gain, Herritar Meritoaren Dominak eta pasa den Aste Nagusiko su artifizialen lehiaketako sariak ere ematen dituzte.

Raimundo Sarriegiren "Donostiako Martxa"

San Sebastian eguna XVI. mendearen amaieratik ospatzen da Donostian, baina XIX. mendearen lehen erdialdera arte ez zen egin danborradarik. Historialari batzuen arabera, lehen danborrada 1836an ospatu zen, Gerra Karlista zen garai hartan. XVIII. mendearen amaieran eta XIX. mendearen hasieran, zenbait gerren ondorioz, tropa ugari zebiltzan Donostian; danborrada horiek imitatuz sortu zela uste da.

Itxura denez, Donostiako okinak, goizean goiz, barrikak hartu eta Alde Zaharreko iturrietara joaten ziren ur bila. Bertan hartzen zuten baita ura inguruko langile, etxeko andre eta soldaduek ere. Eta hortik pasatzen ziren baita errelebua egitera joaten ziren soldaduak, danbor erritmoa jarraituz. Iturrian zeudenek horiek imitatzen zituzten, barrikak joz.

1836ko urtarrilaren 20an, soldaduen desfilea imitatuz gazte talde bat kalerik kale ibili zen mozorrotuta, eta iturrian zeudenak batu omen zitzaizkien. Ordutik hona indarra hartu zuen santuaren ospakizunetan goizean goiz kaleetan zehar ibiltzeko ohiturak. Hasieran bakoitza nahi zuen moduan mozorrotuta ateratzen zen, gero ordea, Napoleonen garaiko uniformeak erabiltzen hasi ziren.

San Sebastian danborrada

1861ean Raimundo Sarriegi konpositore donostiarrak "Donostiako martxa" eta beste hainbat doinu konposatu zituen. Martxa horrek emango dio hasiera eta amaiera danborradari Konstituzio Plazan:

Bagera!
> gu (e)re bai
gu beti pozez, beti alai!

Sebastian bat bada zeruan
> Donostia bat bakarra munduan
hura da santua ta hau da herria
> horra zer den gure Donostia!

Irutxuloko, Gaztelupeko
> Joxemaritar zahar eta gazte
Joxemaritar zahar eta gazte
> kalerik kale danborra joaz
umore ona zabaltzen hor dihoaz
> Joxemari!

Gaurtandik gerora penak zokora
> Festara! Dantzara!
Donostiarrei oihu egitera gatoz
> pozaldiz!
Inauteriak datoz!

Bagera!
> gu (e)re bai
gu beti pozez, beti alai!

Donostiakoaz gain beste danborrada batzuk ere ospatzen dira, horien artean Azpeitikoa. 1957.az geroztik egiten da eta urtetik urtera ospe handia hartzen joan da.