Inauteriak
- INFOGRAFIA: Euskal Inauteriak
Erromatar garaikoa da inauterien jatorria eta batez ere, tradizio katolikoa duten herrietan ospatzen da, garizuma aurretik. Euskal Herrian bi inauteri mota ospatzen dira: antzinako elementu sinbolikoak mantentzen dituztenak eta modernoak. Zuberoako maskaradak eta Lantzeko inauteria lehenengo taldekoak dira, Tolosakoa, berriz, bigarrenekoa.
Gipuzkoan kaldereroek ematen dute inauterien berri, Hungariako buhame nomada moduan jantzita. Aratusteetarako iristen ziren buhame-taldeak Bizkaian ere irudikatzen dira, Markina-Xemeingo "Zagi Dantzan". Dantza honetan dantzariak hartz batekin egiten du dantza, inauterietara etortzen ziren talde zingaroak gogoratuz.
Landako aratusteek, oraindik ere, "txantxoak" moduko errituak dituzte. Gazteak baserriz baserri ibiltzen dira, dantzen eta errituen trukean janaria eskatuz, Amezketa eta Abaltzisketako herrietan, adibidez. Eskea azaroko txerri hilketaren etekinak urritzen hasten zenean egiten zen. Azken aukera zen neguko oturantza bat ospatzeko.
Inauterietan, nekazaritzako edo udaberriko festetako antzinako errituekin lotura duten dantzak ere egiten dira, adibidez: Zuberoako "Branlia".
Lantzeko inauterietan
(Nafarroa), bestalde, "Miel Otxinen" heriotza irudikatzen da. Bidelapur hori sutan erre zuten, herriak epaitu ondoren. Zalduondon (Araba) sutan sakrifikatutako pertsonaia
"Markitos"
izenarekin ezagutzen da eta, Bizkaian, "Mozolloker" izenarekin. Herrietan, panpina horrek hainbat izen hartzen ditu: Judas, Kriminala, Porrero, ToribioAskotan, pertsonaia horiek herriari gertatu zaizkion gertaera txarren sinbolotzat hartzen dira.
Tolosa, hiri giroko inauteriak
Inauteriak, askotan, baserri-giroari esker mantendu badira ere, hiri-inguruneetan oso ondo mantendu, garatu eta egokitu dira. Horren erakusgarri da
Tolosa
(Gipuzkoa), garai latzak eta errepresiozkoak gaindituz, bere inauteriak kosta ahala kosta mantendu izan dituena. Tolosa mozorro izugarri bat da, bertan ikusi ahal izango ditugu "txilaba" soil batetik hasi eta imajinatu dezakegun mozorro sofistikatueneraino. Zezenketak, karrozen desfileak eta konpartsak, lehiaketak eta abar ospatzen dira, Tolosa erreferentziazko hiri-inauteri bihurtuz.
Inauterietako errepresentazio eta fartsarik bereizgarrienak Zuberoan ospatzen diren neguko maskaradak dira. Maskaradetan dantza ibiltariak, jolasak, txantxak, janzkera deigarriak eta arropa zaharrak, eskeak, herriaren parte-hartzea, erakusketak, lanbideen antzezpenak, arraza baztertuen antzezpenak, hizkera satiriko ugari eta musika biltzen dira.
Urtero herri bateko biztanleek maskaradetako errepertorio osoa prestatzen eta entseatzen dute, batzuetan herri horretakoa ez den jendearen laguntzarekin, eta ondoren lau hilabetez, gutxi gorabehera, emanaldiak igandero ematen dituzte haran horretako herri desberdinetan.
Segizioa bi talde ia antagonikoetan banatzen da: batetik Gorriak ditugu, dotore jantzita daude, ordenatuak dira eta dantzaren pauso eta mugimenduetan txukunak; eta, bestetik Beltzak ditugu, hauek desordenatuak eta zarpailak dira, ibiltariei zirikatzen diete, oihu egiten dute eta, beste garai batzuetan, Biarnoko hizkuntzan edo okzitanieraz mintzatzen ziren.
Emankizuna eskaini behar duteneko herriko herritarrek harrera ona egiten diete eta goizez herriko kaleetan barrena ibiltzen dira eta, noizean behin, Barrikadak egiten dituzte. Barrikadak eske eta dantza-borroka baketsuak dira eta barrikadetan dantza egin ondoren aperitibo gaziak eta gozoak, freskagarriak eta likoreak eskaintzen dizkiete bertakoek.
Pertsonaia nagusiek (Txerrero, Gathuzain, Zamaltzain, Kantiniertsa eta Banderari) aldizka egiten dute dantza, muriskas eta antrixat-en artean biraka Jauna eta Anderearen begien aurrean. Bien bitartean, beltzek -galdaragileak eta ijitoak- bata bestearen gainean jauzi egiten dute, astindu egiten dute elkar, txantxetan aritzen dira eta zirikatu egiten dituzte hitzez zein gorputzez segizioaren gainerakoak eta ikusleak, irriak eta barreak sortaraziz.
