Udako Jaiak
Udako jaiak ekainaren 29an abiatzen dira, sanpedroetan. Altsasun erromeria alaia egiten da santuaren ermitaren ondoan; mezaren ostean aurreskua dantzatu eta ondoren herri bazkaria egiten da. Lekeition ere ospatzen da egun hau; santuaren irudia portuan zehar eraman ondoren, dantza berezi bat egiten da: kaxarranka . Zortzi arrantzalek kutxa bati eusten diote eta dantzaria horren gainean aritzen da.
Uztaila hastearekin batera, beste erromeria ezagun bat egiten da, Zumarragan, hilaren 2an. Dantzariak, txistulariak eta herritarrak Antiguako baselizara joaten dira, lehendabizi belauniko eta ondoren zutik, Ama Birjinaren aurrean dantzatzeko.
Barrundiako Larrea auzoan Barte jaia ospatzen da, uztailaren 4an. Kondaira batean oinarritutako herri jaia da. Horren arabera, Larreko bizilagunek Hermukoei San Migel santuaren irudi bat saldu zieten "barte" deitzen zen ogi baten truke. Horregatik, arratsaldean baselizara igotzen dira eta mezaren ostean ogia banatzen dute bertaratu direnen artean; ondoren, sokadantza egiten da.
Sanferminak dira, batez ere Iruñekoak , kanpoan gehien ezagutzen diren jaiak. Uztailaren 6an hasten dira txupinazoarekin, eta 14ra arte jaia izaten da nagusi Nafarroako hiriburuko txoko guztietan. Jaietako ekitaldirik ezagunenak goizero egiten diren entzierroak dira. Lesakan ere ospatzen dute San Fermin (uztailak 7). Herria zeharkatzen duen Onin errekaren petrilean, makildantza egiten da.
Nafarroa Garaiaren eta Nafarroa Beheraren arteko mugan Hiru Behien Zergaren Hitzarmena egiten da, uztailaren 13an. XIV. mendetik egiten den ohitura da eta gaur egun jai bihurtu da. Biarnoko bizilagunek, Erronkariko mugako lurrak eta urak erabiltzearren truke, hiru behi ematen zizkieten nafarrei.
Karmengo Amak kostaldeko hainbat herritako arrantzaleak babesten ditu eta horren omenezko jaia uztailaren 16an ospatzen dute. Santurtzin , adibidez, Ama Birjinaren irudia daraman ontziari itsasora laguntzen diote arrantza ontziek, sirenak joz. Ondoren denak isiltzen dira, eta itsasoan loreak botatzen dituzte uretara, hildako arrantzaleen omenez.
Madalena egunean (uztailak 22) Bermeok eta Mundakak Izaro irlaren jabetzaren inguruan 1719an izan zuten liskarra gogoratzen dute. Urte horretan estropada bat antolatu zuten, uhartearen jabetza irabazleari emateko. Bermeok irabazi zuen eta urtero ospatzen dute garaipen hori : itsasontziekin irlaraino joaten dira eta teila bat botatzen du alkateak uretara, irlaren jabetzaren ikur moduan. Elantxobeko Madalenak ere oso ospetsuak dira eta jende asko batzen dute.
Uztailaren amaieran Santiago eta San Inazio egunak ospatzen dira. Santiago egunean, uztailak 25, Garain eta Ordizian, adibidez, aurreskuak dantzatzen dituzte. Gipuzkoako herrian urte horretan ezkondu direnek dantzatzen dute. San Inazio (uztailak 31), berriz, Gipuzkoa eta Bizkaiko zaindaria da. Hori dela eta, Loiolan , santuaren basilikan, prozesio garrantzitsua egiten da egun horretan. Gainera, Santiago egunaren aurreko edo ondorengo igandean Baztandarren Biltzarra ospatzen da Nafarroan. Baztango 15 herrien jaia da eta Elizondon egin ohi da.
Abuztuan, batik bat, hiriburuen txanda izaten da. Hilaren hasieran (abuztuak 2) Baionan Leon erregeari harrera egiten diote. Bost egunetan, baionarrak zuriz eta gorriz janzten dira baionarrak eta jai giroan murgiltzen da Lapurdiko hiriburua. Zeledonek hartzen dio lekukoa, Gasteizko Andre Mari Zuriaren jaiekin, abuztuaren 4tik aurrera. Jarraian, kainoikada batek Donostiako Aste Nagusia hasten dela esango digu, abuztuaren 15eko astean. Hurrengo astean Bilbokoa ospatzen da, Marijaiaren etorrerarekin batera.
Egun batzuk geroago, abuztuaren azken-aurreko igandean, entzierro bitxia egiten da Faltsezen ; izan ere, behiak mendian behera jaisten dituzte bide estu eta malkartsu batetik. Jendea bide ertzean batzen da eta ausartenek abereen aurretik korrika egiten dute.
Lekeitioko sanantolinetako ekitaldi nagusiena Antzar jokoa da. Irailaren 5ean portuan antzar bat jartzen da uretan, soka batetik zintzilik. Parte hartzaileek, banaka, antzara lepotik hartzen dute eta uretara botatzen dira. Orduan talde bat sokatik tiraka hasten da, antzara igo eta jaitsiz. Helburua antzararen lepoa moztea da.
Elorrion, urriaren lehenengo igandean, Errebonbillo eguna ospatzen da. Alarde honetan dotore jantzitako gazteak kaleetan zehar ibiltzen dira, pauso militarrean, eta zenbait leku zehatzetan tiroak botatzen dituzte.
Irailean, Euskal Jaiak ospatzen dira herri batzuetan. Zarautzen, Donostian, Urretxun eta Ordizian, adibidez, berreskuratzen dute euskal jaien tradizioa. Udan egiten dira baita Artzain Egunak: Uharte-Arakilen, Amurrion eta Legazpin, esaterako.
