Gasteiz, Donostia eta Bilbo jaietan
Andre Maria Zuriaren jaiak
Arabar eta kanpotar asko biltzen dira abuztuaren 4an Gasteizen, Andre Maria Zuriaren plazan, Zeledoni ongietorria eman eta jaietan murgiltzeko. Arratsaldeko 6etan, txupinazoarekin batera, Zeledon San Miguel elizako kanpandorretik behera jaisten da, blusa jantzita eta aterkia eta zorroa eskuan hartuta, Posta kaleko balkoi batera arte. Balkoitik jaitsi eta jende artean nahasten da, eta bost egunetan zehar, abuztuaren 9ra arte, herritarrekin zein kanpotik doazenekin ospatzen ditu Andre Maria Zuriaren jaiak . Zalduondotik Gasteizko jaietara joaten zen baserritar batean du jatorria pertsonaia horrek. Kanpadorretik behera datorrenean, kanta ezagun bat abesten dute guztiek batera: "Celedon ha hecho una casa nueva, Celedon con ventana y balcón".
Gau horretan bertan, Farolen Prozesioa egiten da: hiriko kaleetan zehar kolore desberdinetako beiraz landutako farolak eramaten dituzte. Guztira, XIX. mendeko 267 farol pizten dituzte prozesio horretan. Hurrengo eguneko goizaldean, berriz, abuztuaren 5ean, tradizio erlijioso batek hartzen du txanda: Egunsentiko Arrosarioak. Egun horretan, gainera, Ama Birjinari aurreskua dantzatu eta blusek lore eskaintza egiten diote.
Blusek, txarangek eta fanfarreek jai giroa zabaltzen dute hirian zehar eta hainbat ekitaldi antolatzen dira: era askotako ikuskizunak, kontzertuak, zezenketak...
Txikienek ere izaten dute euren eguna: abuztuaren 7an Zeledon Txiki eguna ospatzen da.
Abuztuaren 10ean Zeledon kanpandorrera igotzen da berriro, hurrengo urtera arte.
Donostiako Aste Nagusia
Udaletxeko terrazatik artilleroak botatzen duen kanoikadarekin hasten da, abuztuaren erdialdean, Donostiako Aste Nagusia . Ama Birjinaren omenezko jai eguna (abuztuak 15) ospatzen den astean izaten da Aste Nagusia Gipuzkoako hiriburuan.
|
Artillero, dale fuego
Eta zeñekin
Eta zeñekin |
Donostiako Aste Nagusia aristokraziari lotuta jaio zen. XIX. mendearen erdialdean errege-erreginak, aristokratak, dirudunak,... Donostiara joaten ziren uda pasatzera. Horiek entretenitzeko hainbat ekintza antolatzen hasi ziren (zezenketak, musika banden kontzertuak eta su artifizialak, adibidez), eta ia mende batean horrela ospatu zen Aste Nagusia. Baina jai horiek kanpotarrentzat ziren. XX. mendearen erdialdean zezen-plaza bota egin zuten eta jaia gain behera hasi zen, baina komunikabideak hobetu zituzten eta jendea, batez ere gipuzkoarrak, berriz Donostiara joaten hasi zen. Hirikoentzat zein kanpotik etorritakoentzat ekintzak antolatzen hasi ziren eta Aste Nagusiak indarra hartu zuen berriz.
Ekitaldien eskaintza zabala egoten da aste osoan: herri berbenak, kontzertuak, kirol ekintzak, zezenketak... Baina jaietan ospe handiena duen ikuskizuna, nazioartean ere ezaguna dena, Su Artifizialen Nazioarteko Lehiaketa da. Alderdi Ederreko lorategietatik, gauero, su artifizialak botatzen dituzte. Jende asko biltzen da Kontxako badiaren inguruan zerura begira. Ondoren, zezensuzkoa ateratzen da hiriguneko kaleetatik.
Bilboko Aste Nagusia
Marijaiak ekartzen du jaia Bilbora, eta bederatzi egunetan luzatzen da. Abuztuaren 15eko astearen larunbatean hasten da Aste Nagusia , txupinazoarekin. Marijaia Arriagako balkoian agertzen da, pregoilariak pregoia irakurtzen du eta txupinerak txupina bota du.
Gaur egun ezagutzen den moduan 1977an hasi zen Bilboko Aste Nagusia. Udan Bilbon jende gutxi gelditzen zela eta, zerbait egin beharra zegoela ikusi zuten, orduko jaiek ez baitzuten bizitasun handirik. Urte horretatik aurrera
konpartsak
sortzen hasi ziren (lagun taldeek osatuak) eta pixkanaka jaia antolatzen hasi ziren.
Egitarau zabala antolatzen da Aste Nagusian. Antzerki konpainia handiek antzezlan berriak estreinatzen dituzte, zirkua eta barrakak ezartzen dira Etxebarria parkean, zezenketetara zein pilota partidetara joateko aukera ere egoten da, baita era guztietako kontzertuetara ere. Su Artifizialen Nazioarteko lehiaketa ere egiten da. Haurrek, gazteek eta helduek, denek dute zer egin eta zer ikusi.
Bilboko Aste Nagusiaren beste berezitasun bat Areatzan eta inguruetan konpartsek ezartzen dituzten txosnak dira.
Marijaia da, txupineroa eta pregoilariarekin batera, Bilboko Aste Nagusiko pertsonaia nagusia. Besoak beti igota dituen emakumea da, Mari Puri Herrerok sortu zuen, eta badu bere kanta ere. Kepa Junkerak idatzi zuen eta jaietan etengabe entzun eta abesten da:
|
Aste nagusia
Abuztuan Bilbon
Mari, Mari,
Uger, uger |
Zapia lepoan
Goxa eta erlojua
Hara hara hara |
Marijaia bera
Aste Nagusi |
Aste osoa jaietan egon ostean, igandean esaten du Mariajaiak agur hurrengo urtera arte.
