EUSKAL KULTURA

Alardeak

Armen alardeak egiten dira herri askotan uda, garai bateko soldaduen eta foru-milizien gizon armatuen balentria oroitzeko. Irunen eta Hondarribian gaur egun ere ospatzen dira alarde ikusgarriok; irundarrek San Martzial egunean (ekainak 30) ospatzen dute eta ondarribiarrek, berriz, Guadalupeko Amaren egunean (irailak 8).

Alarde hitz arabiarra da; eta soldaduen eta armen ikuskapena esan nahi du. Erdi Aroan, euskal foruek jarduera militarrak antolatzeko gaitasuna eta betebeharra ematen zioten herri bakoitzari. 18 eta 60 urte bitarteko gizonezkoek parte hartzen zuten foru-milizia horietan eta behar zen unean etsaiari aurre egiteko prest egon behar zuten, armak hartuta. Horretarako, aldiro, batu egiten ziren, armetan trebatzeko eta alardeak edo desfileak egiteko.

Irungo alardea

Irungo sanmartzialak

Sanmartzialetako alardean Irungo herritarrek 1522an tropa frantsesen aurka lortu zuten garaipena ekartzen dute gogora. Urte horretan tropa frantsesek Irun inbaditu zuten eta milizia herria defendatzera irten zen. Ekainaren 30ean, San Martzial egunean, haurrek, emakumeek eta agureek etsaien tropak nahastu zituzten; zuziak hartu eta alde batetik eraso egingo zietela sinistarazi zieten etsaiei. Bitartean, miliziek etsaia ustekabean harrapatu eta garaitu zuten.

Orduko eliz kabildoak eta sekularrak, garaipen hori oroitu eta Jainkoari eskerrak emateko, urtero San Martzial mendira (lehen Aldabe deitzen zen) igotzeko botoa egin zuten. Urteak pasatuta baseliza bat eraiki zuten bertan, santuaren omenez.

Kantinera

Mendeetan zehar gorde zen ohitura hori: San Pedro egunean (ekainak 29) armen alardea egiten zen eta San Martzial egunean (ekainak 30), berriz, prozesioa. 1881. urtean bi ospakizunak batu egin zituzten, eta harrezkero, San Martzial egunean egiten da.

Alardea hainbat konpainiak osatzen dute: horietako bakoitza jeneral baten agindupean egoten da eta bere uniformea izaten du. Infanteriakoek izaten dituzte soldadu gehien. Euren jantzia txapela, gerriko, gorbata eta zapi gorriek; alkandora eta galtza zuriek; jaka beltzak; eta lokarri beltza duten abarketek osatzen dute. Infanteriakoekin batera artilleria, zaldizkoak, danborrada, artxeroak, eta musika banda joaten dira. Konpainia bakoitzak bere kantinera ere badaude.

Irungo alardea

Goizaldeko lauretan ematen zaie hasiera San Martzial eguneko ospakizunei, Alboradarakin. Seietan, berriz, San Juan Harria plazan, musika-bandak Villarrobledoko Diana jotzen du, eta zortziak jota Alardea hasten da. Konpainia guztiak Urdanibia plazan batzen dira eta, herriko zenbait kale zeharkatu ondoren, San Martzial mendira igotzen dira. Han, 1522an egindako botoa betetzen dute, eguerdian meza egoten da eta, ondoren, erromeria.

Hondarribiako alardea

Hogeita Hamar Urteko gerraren barruan gertatu zen Hondarribiko setioa. Gatazka erlijioso (protestante eta katolikoen artekoa) eta politiko hori 1600. urtean hasi zen Bohemian. Gerra Europan zehar hedatu zen eta Frantziak aprobetxatu egin zuen, bere inperioa kontinente osoan hedatu nahi zuelako. Espainiako errege-erreginei gerra deklaratu zien, garai hartan Europako potentzia nagusia baitzen. Espainia 1635eko maiatzean, Frantzia, Richelieu kardinalaren agindupean, gerran hasi zen, honek Hogeita Hamar Urteko gerran sartuta zeuden herrialdeei laguntza eman zien eta.

1638ko uztailaren 1ean, Hondarribiarrek 30.000 gizoneko tropa bat ikusi zuten Hendaia aldetik gerturatzen. Irun, Oiartzun, Lezo, Errenteria eta Pasaia erraz menderatu zituzten eta Bidasoaren ibai-ahoa itsasontziak jarriz itxi egin zuten. Hondarribiko harresia defendatzen 700 soldadu besterik ez zegoen.

Hondarribiako alardea

Arriskuan zegoela eta, Hondarribiko bi emakumek Ama Birjinaren irudia Guadalupeko santutegitik herrira jaitsi zuten. Irudiaren aurrean botoa egin zuten herritarrek: garaipena lortzen bazuten, egun hori jai izango zen eta Ama Birjina gurtuko zuten.

Hirurogeita bederatzi egun iraun zuen setioak. Hondarribiko herritarrek Ama Birjinari laguntza eskatzen zioten, baina laguntza ez zen iristen. Azkenean, dena galduta zegoela uste zutenean, salbazio ejertzitoa iritsi zen Jaizkibelgo menditik. Irailaren 7an, tropa frantsesak garaitzea lortu zuten. Ama Birjinak lagundu ziela uste zuten herritarrek, gainera, Guadalupeko Santutegitik gertu lortu zuten irabaztea.

Hondarribian ere Alborada izaten da lehen ekitaldia, goizeko 5etan. Ordubete geroago Diana jotzen da eta 7:30ean tropak batzen hasten dira. Bederatzietan Alardea hasten da, konpainiek herriko hainbat kaletatik desfilatzen dute eta, eguerdirako, Jaizkibel mendira igotzen dira, Guadalupeko Amaren baselizara , VXII. mendean egin zuten botoa betetzera. Arratsaldean ere, Hondarribiko kaleetatik ibiltzen dira tropak.

Emakumeak Alardean

Duela urte batzuk, zenbait emakume taldek Alardeetan parte hartzeko eskubidea aldarrikatu zuten. Ordura arte, kantinera moduan bakarrik parte hartzen zuten; orain, fusilera moduan parte hartzea eskatzen zuten.

Neskak alardean

Eskabide hori dela eta, azken urteetan bi alarde ospatu dira, bai Irunen bai Hondarribian: alarde "ofiziala" edo "tradizionala", emakumeak kantinera moduan bakarrik onartzen dituena, eta "mistoa", emakumeek eta gizonezkoek osatutako konpainia.