«« Itzuli
Jon Martinek irabazi du IX. Igartza Saria

Buruko gaitzei buruzko lau ipuinek osatutako Bakardadeak proiektua aurkeztu zuen lehiaketara.
2006/09/08
Jon Martin oiartzuarrarentzat izan da Elkar argitaletxeak, Beasaingo Udalak eta CAF enpresak antolatzen duten Igartza literatura sorkuntzako saria. Atzo egin zen sari banaketa Beasaingo Udaletxean.
Jon Martinek lau ipuinez osatutako Bakardadeak lana aurkeztu zuen. Ipuin bakoitza garuneko gaitz bati buruzkoa da: psikosia, Diogenesen sindromea, Peter Panen sindromea eta Munchausenen sindromea. Orain urtebete dauka aurretik ipuinak atondu eta liburua prestatzeko.
Bertsolaritzan aritu izan delako ezaguna da jada Jon Martin. Oiartzunen jaio zen 1981ean eta Gipuzkoako azken bertsolari txapelketan (2003) txapeldunorde izan zen. Publizitate eta Harreman Publikoetan lizentziaduna da, baina kazetaritzan egiten du lan. Gaur egun, doktoregoa egiten ari da Psikologian.
Euskaraz idatzi nahi duten idazle gazteei ateak zabaltzea du helburu beka honek. Jasone Osorok, Karmele Jaiok eta Julen Gabiriak egin dituzte aurten epaile lanak. Euren iritziz erritmo biziz eta esku trebez biribildutako narrazioak dira Jon Martinek idatzitakoak.
Aurreko edizioetako garaileen artean daude, besteak beste, hiru epaimahaikideak, Xabier Etxeberria, Unai Elorriaga, Peru Magdalena eta Uxue Alberdi. Azken honek iazko bekaren bigarren zatia jaso zuen atzo egindako ekitaldian.

